Sormen krisia ere eraikitzeko tresna aproposa izan litekeela erakutsi du Jasone Osorok (Elgoibar, Gipuzkoa, 1971), ezin horretatik loratu baitzen Arrakasta liburua (Elkar, 2023). Joxemari Agirretxe Porrotx, Eneko Atxa, Izaro Andres, Harkaitz Cano, Eva Domingo, Maider Egues, Jon Garaño, Aizpea Goenaga, Markel Irizar, Itziar Ituño eta Gorka Urbizu izan ditu bidaide, eta hamaika lagun horiekin egindako solasaldiak bere idazle ibilbideari josiz, saiakera pertsonal bat ondu du.
Pentsalari mordo bat aipatu duzu Arrakasta liburuan. Gustuz ala beharrez heldu zara haiengana?
Aipuetako batzuk Eva Domingok emanak dira. Baina beti izan naiz ideiak apuntatzekoa, liburuak irakurtzerakoan. Badut, hortaz, artxibo moduko bat-edo, eta liburu hau buruan martxa hartzen hasi zenean, orduan bai, propio hasi nintzen arrakastari loturiko gauzak apuntatzen. Hari bat ematen hasita, argi neukan hori izan zitekeela, hau da, pentsalariek zer esan izan duten gaiaren inguruan; ez soilik filosofoek, baita soziologoek edota arrakasta izan duten aktoreek, kirolariek eta abarrek ere. Fikziozko pertsonaien esanak ere sartu ditut.
«Literatura beti izan dut helduleku neure burua hobeto ezagutzeko, eta gauzak apuntatu izan ditut, tarteka gogoratzeko nondik natorren»
Gaia aspaldidanik zenerabilen, beraz.
Batzuetan gu ohartu gabe dabiltza gaiak gure buruan, eta bat-batean atera egiten dira, arrazoi bat edo beste tarteko. Kasu honetan, min batetik atera zen, krisitik edo sorkuntzari lotutako ezin batetik. Baina, beharbada, nire barruan bazegoen noizbait horri heltzeko grina. Bestalde, literatura beti izan dut helduleku neure burua hobeto ezagutzeko, eta gauzak apuntatu izan ditut, tarteka gogoratzeko nondik natorren, zer nahi dudan.
Christopher Reeve aktorearen definizioak zer pentsa ematen du: «Eman dezakezuna baino apur bat gehiago ematea da arrakasta». Ados zaude?
Arrakasta lanari lotuta dago, eta, beraz, bat nator. Bestela, zortea litzateke, baina arrakasta, nik ulertzen dudan moduan, lehenengo da helburu bat eta helburu hori lortzeko egin beharreko lana. Orokorrean pertsonak nahiko alferrak garela esango nuke, edo erraz egiten dugula berba proiektuez eta ametsez, baina, lortzearen eta ez lortzearen arteko aldea, hain zuzen, ahalegin horrek edo jarrera horrek markatzen du. Norberaren benetako izaeran sinesten dut, hor dago muina, autoezagutza da giltza.
«Norberaren benetako izaeran sinesten dut, hor dago muina, autoezagutza da giltza»
Lehen pertsonan idatzi duzu, eta aitortza mingarriak egin dituzu. Beharrezkoa da norbera biluztea besteak biluz daitezen?
Elkarrizketatuei premisa batzuk aipatu nizkien; esate baterako, solasaldiak egingo genituela, eta bizitzaz egingo genuela berba, ez soilik arrakastaz. Liburuan ni ere sartuko nintzela ere esan nien, nahiz eta ez esan zer kontatuko nuen. Nolanahi ere, beti bada enpatia hori. Adibidez, Itziar Ituñok lotsatia dela esan badit, ni ere halakoa naizela aitortuko diot, eta, hala, parekoak sentitzen du bere lekuan jarri zarela, ulertzen duzula. Horrek ate asko irekitzen ditu. Bide bat baino gehiago dago horretarako. Dena den, nik ere banuen halako behar bat nireak ere ateratzekoa, liburua bukatu arte kontziente izan ez naizen arren. Zaurgarri agertzeak indartsu egin nauela uste dut. Liberazioa ere izan da.
Zure idazle ibilbidearen errepaso partikularra ere badakarzu, haurtzaroko ametsetatik hasita. Zein izan da tinko eusteko gakoa zuretzat?
Ideia bat badenean eta garatzen hasitakoan, zerbait sentitzen da —ez dakit ahaltsu sentitzea den, edo ongizate moduko bat—, eta nik badut halako engantxe moduko bat. Adinean aurrera joan ahala, gero eta kontzienteago naiz zein zaila den gauzak ongi egitea, eta, era berean, gai naizela gauzak gero eta hobeto egiteko. Uste dut hor badela zerbait mantenarazten nauena, minak min eta ezintasunak ezintasun.
«Adinean aurrera egin ahala, gero eta kontzienteago naiz zein zaila den gauzak ongi egitea, eta, era berean, gai naizela gauzak gero eta hobeto egiteko»
Baina idaztea sufrimendua da hasieran.
Bai, dudarik gabe, baina nahiz eta prozesuan mina egon, hasi aurretik baino hobeto sentitzen naiz bukatutakoan. Beharbada, bidesari moduko bat da min hori.
Niretzat, idazle ibilbidean klabe izan dira ama izatea eta gazte literatura. Ama izan baino lehen, ETBn ari nintzen lanean, saioak hasi eta amaitu egiten ziren, baina lan lotua zen, ordutegi itxi eta estu batekin. Alaba jaio zenean, bide hori utzi egin nuen harekin egoteko. Idaztetik bizitzeko saioa egin nuen, denbora kudeatzeko aukera ematen zidalako lanbide horrek, eta banituelako jada ongi funtzionatzen zuten gazte literaturako liburuak. Horiek gehi eskoletan saioak, ikastaroak, kolaborazioak, enkarguzko lanak... Apurka nire bizimodua ateratzen joan naiz.
Denetik egin duzu, eta, gazte literaturan batez ere, punta-puntakoa zara; liburu eta serie oso arrakastatsuak idatzi dituzu: Ezekiel, Jara, Eskularru beltzak... Aldiz, literatur sistema orokorrean izan duzun ikusgaitasuna eskasagoa izan da, genero horri lotuta ikusten zaituztenetik. Zer ekarri dizu horrek?
Ez dakit. Ziurtasun handiagoa dut gazteentzat ari naizenean, sentitu dudalako irakurle gazte nerabeek maite dituztela nire istorioak. Gainera, uste dut ez zaiola batere agerikotasunik ematen haur eta gazte literaturari, eta zaindu beharreko esparrua da, etorkizun batean euskaraz irakurtzen jarraitzea nahi bada behintzat. Helduentzat idaztea gehiago kostatzen zait, nahiz eta hor ere uste dudan baditudala irakurleak. Hori da nire erronka; sentsazioa dut onena emateko daukadala helduen literaturan, baina lotuagoa sentitzen naiz, beldur handiagoa dut. Rosa Monterok bezala, nire lana ni naizen onena dela pentsatzen dut nik ere. Horregatik egiten didate min kritika txarrek, nire liburuak maite ez badituzte pentsatzen dudalako neu ere ez nautela maite. Gorka Urbizuk dio pertsona segurua dena ez dela artista, sorkuntza zalantzatik eta jakin-minetik sortzen delako. Ados nago.
«Sentsazioa dut onena emateko daukadala helduen literaturan, baina lotuagoa sentitzen naiz, beldur handiagoa dut»
Ezetz esaten jakin behar dela dio gaurko mantretako batek, baina zuk baietz esatea aldarrikatu duzu. Positiborantz beti?
Uste dut ezetz esateko aukera izan aurretik baietz esan behar duzula askotan, hala jakingo duzulako zer nahi duzun, zer egin dezakezun, zerk egiten zaituen zoriontsu eta zerk ematen dizun min. Ausardia behar da bizitzan, eta baietz esatea ausarta da, inozentziatik. Bizitzak erakutsiko dizu, gero, tarteka ezetz esatea komeni dela, baina baietz esateak ere zure barrura eramaten zaitu, eta hori aldarrikatu egin behar da.
Krisia eta porrota ekarri dituzu liburura, eta positibatu egin dituzu horiek ere. Arrakastaren zer aldetan ipiniko zenituzke? Barruan, ifrentzuan, ertzean...
Porrota ezinbestekoa da arrakasta ezagutzeko. Batzuetan, «arrakasta lortu» esaten da, baina niri ezagutu aditza gustatzen zait, arrakasta ez delako behin lortu eta betiko. Arrakasta txiki asko eduki ditzakegu, edo arrakasta handi bakarra, baina ezinbestekoa da krisietatik eta porrot txikietatik pasatzea, hortik baitatoz emaitzak. Eroriz ikasten da oinez.
Arrakasta izozmendiaren tontorrean idatzitako hitza dela diozu. Izozmendi horrek, urpean, «sentitu, pentsatu, ekin» ditu Porrotxen kasuan. Zure izozmendiak zer du ezkutuan?
Oso identifikatua sentitzen naiz hiru aditz horiekin. Bat nator erabat. Gainera, loop moduko bat da, ziklikoki errepikatzen da, eta berriz ere autoezagutzaren kontzeptura garamatza: jakitea zer nahi duzun, ez bakarrik bokazioa eta ametsa zein den, baizik eta zeintzuk diren zure dohainak eta mugak, eta zer egiten duzun horiekin. Dohaina eduki baitezakezu, baina bokaziorik ez. Eta bokaziorik gabe, nahiz eta talenturik eduki, ez zara martxan jarriko eta, beraz, inoiz ez duzu distira lortuko. Aldiz, bokazioa baldin baduzu, nahiz eta dohainik ez izan, lan eginez gero lortu dezakezu.
Azken esaldi batek biribiltzen du liburua: «Ez gara produktuak, artelanak gara». Nolako artelana da zurea?
Bizi garen gizartean produktuak garela nabarmena da, sistemak produktu bezala tratatzen baikaitu. Gure zeregin nagusia gauza produktiboak egitea da, gainera. Artelanaren kontzeptua ez da nirea; Jean-Paul Sartrek, esate baterako, erabili zuen. Bizitza proiektu bezala edo performance bat balitz bezala ikustea gustatzen zait: hartu, esperimentatu, probatu, hau aldatu, bestea ezabatu... Zumetaren dokumentala aipatzen dut liburuan. Mihise erraldoi baten aurrean ageri da Zumeta, margoketan, eta bukaeran, mihisea hartu, eta buelta ematen dio, eta hori da azken emaitza. Bizitzan ere hori egin behar dela iruditzen zait: kolore diferenteak erabili, ezabatu, aldatu, eta, behar izanez gero, baita hankaz gora jarri ere. Nire artelanean oso kolore argiak erabiliko nituzke, horia eta zuria. Eta olioak, baina baita larrua, burdina, ura ere… Kontrasteak gustatzen zaizkit: hunkitu nazakete eraikin brutalista batek, Tamara de Lempickaren koadro batek edo Tish Murtharen argazkiek.
«Bizitza performance bat balitz bezala ikustea gustatzen zait: hartu, esperimentatu, probatu, hau aldatu, bestea ezabatu...»
Ni-a garbi dago gehienetan. Gu-a, aldiz, aldatu egiten da. Ekipoa izan liteke, edo familia eta lagunak, komunitatea...
Izarok aipatzen du arrakasta ez duela ulertzen ez bada gero gizarte justuago bat eraikitzeko. Nolanahi dela, nitasunetik abiatzen da dena. Neure burua zaintzen eta maitatzen badut, zu zaintzen eta maitatzen bazaitut, guk eraikitzen badugu beste komunitate, talde edo familia bat non elkar zaintzen eta maitatzen dugun, horrek herria egingo du. Baina abiapuntua beti da ni; neure buruarekin ez banago ondo, berdin zait herria. Funtsezkoa da. Zu ongi bazaude, askoz emankorragoa izango zara. Gehiago emango diozu herriari.
Liburu hau idatziz geroztik, zuri ere ezerosoa egiten al zaizu arrakasta hitza?
Ez, ikasi dut arrakasta naturaltasunez hartzen. Denok bilatu beharko genuke arrakasta bizitzan, betiere ulertuta arrakastak badituela gutxienez bi arlo: batetik, profesionala, ondo egindako lan baten aitortza, eta, bestetik, maite duzun eta maite zaituen jendea edukitzea inguruan.
emakumeak aintzat
Geure Gelatik liburu azokak Gema Lopez Las Heras, Yolanda Arrieta, Maite Lopez Las Heras, Karmele Jaio eta Maite Franko batuko ditu, baina protagonismorik nabarmenena Jasone Osorori emango dio, hura izango baita aurtengo omendua. Azkoitiko liburu azokak gazte literaturan egindako lana aitortuko dio Osorori, eta Mariasun Landaren eskutik jasoko du oroigarria, gaur, 18:00etan. Ondoren, Arrakasta liburua aurkeztuko du.
Beste omendu bat ere izango du Geure Gelatik azokak, hain zuzen ere, Bizenta Mogel. Idazle azkoitiarrak Ipuin Onak alegia bilduma argitaratu zuen 1804an, eta liburu horren hainbat pasarte irakurriko dituzte larunbatean, hamar lagunen artean. Gainera, Mogeli buruzko tailer bat zuzenduko du Yolanda Arrietak: Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak.
Emakumeek literaturan, liburugintzan eta, oro har, kulturan egiten duten ekarpena balioesteko sortu zuen azoka Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak. 2005ean izan zuen lehen aldia, eta 2008koa egin eta gero etenaldi luzea izan zuen. 2022an itzuli zen berriro. Orduko hartan, Arantxa Urretabizkaia omendu zuen, eta 2023an, Mariasun Landa. Gaurtik hasi eta larunbatera arte, hainbat ekitaldi egingo ditu azokak, tartean aurkezpenak, tailerrak, ipuin kontaketak eta solasak.