Zarzuelaren euskal erregina

Pepita Enbil sopranoa duela mende bat jaio zen. Eresoinka erbesteko abesbatzan aritu zen gaztetan, eta Mexikon egin zen ezagun. Omendu egingo dute Donostian.

Donostiako Musika Hamabostaldiak 1990ean egin zion omenaldia Enbili. Irudian haren seme Placido Domingorekin abesten. DONOSTIAKO ORFEOIA.
Maider Galardi
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bihar beteko dira ehun urte Getarian (Gipuzkoa) Pepita Enbil sopranoajaio zela. Gaztetatik izan zuen kanturako bokazioa, eta Mexikon izendatu zuten zarzuelaren erregina; han lortu zuen oholtza gaineko arrakasta, baina aurretik ibilia zen Frantzian, Belgikan, Espainian, Puerto Ricon eta Venezuelan kantuan. «Bigarren mailako» arte eszenikoa izanagatik, ez zion inoiz uko egin zarzuelari, ezta haren seme Placido Domingo Enbil munduko tenor ezagunenetako bat bilakatu zenean ere. Enbili gutxitan egin zaio halako aitortza bat: izan ere zarzuelak ospe txikia du; gainera, Enbil Mexikon gelditu zen, eta semeak itzal egin dio. Aitzitik, inoiz ez zuen Euskal Herriarekin harremanik galdu. Gaztetan Eresoinka erbesteko abesbatzan aritu zen kantuan, eta Haurtxo txikia abestu zuen oholtza gainean egindako azken agerraldian. 1994an hil zen, eta, ia 25 urteren ostean, bihar eta etzi kitatuko dute zorra abeslariarekin. Sasibill konpainiak eramango du Sor Navarra obra Donostiako Viktoria Eugenia antzokira, eta etzi egingo dute emanaldia Donostiako Orfeoiak eta Domingo Enbilek.

Hain justu, Sasibillek taularatuko duen zarzuela horrek egin zuen Enbil Espainian ezagun. Federico Moreno Torrobaren eskutik, hainbat eta hainbat antzoki bete zituen 1940ko hamarkadan. 1943rako bazuen bere izena zeraman konpainia bat ere, eta, Sor Navarra-ren ondoren, Don Manolito, Black el payaso eta La canción del Ebro egin zituen.

Gerraosterako, ordea, zarzuelak ospea galdu zuen. Horren adibide: bihar Donostian emango duten obra ez da inon taularatu 1954tik. Josu Ieregi Sasibilleko kideak dio ez dagoela arrazoi zehatzik, baina aitortu du, uste okerra izan arren, jendeak pentsatzen duela zarzuela bigarren mailako diziplina dela. Edonola ere, gogorarazi du Enbilek aukera izan zuela opera egiteko, baina beti jarraitu zuela zarzuelan, leial: «Ahots bereziki ona zuen; betidanik izan zen abeslari ona, eta teknika bikaina zuen. Behin galdetu zioten ea zergatik ez zuen opera egiten, eta erantzun zuen kantatzen zuena sentitu egin behar zuela. Zarzuelak ematen zion hori».

Amets horri segika, Hego Ameriketara egin zuen jauzi, eta 1950eko hamarkada hasierarako ezagun egin zen Mexikon. Bertan izan zuen arrakastarik handiena, eta zarzuelaren inguruko telebista saio bat ere gidatu zuen, antzokietako ibilbidea amaitu ostean. Noiz edo noiz abestu izan zuen euskaraz programa horretan.

«Inoiz ez zituen sustraiak ahaztu», ohartarazi du Itziar Aizpurua antzezle eta Enbilen lehengusinak. Ongi gogoan ditu sopranoarekin kantuan pasatutako orduak: «Segituan hasten zen abesten bazkari bat genuenean, eta euskaraz egiten zuen. Hori ez zuen sekula galdu». Nazioartean sona handiko sopranoa bihurtu bazen ere, ez zuen ama hizkuntza galdu, eta taula gainean ere egin izan zuen euskaraz, ahal izan zuenean. Horren adibide, 1990ean omenaldia egin zioten Donostiako Musika Hamabostaldian, eta bertan abestu zuen Haurtxo txikia, semearekin batera.

Euskaltzaletasuna gaztetan

Hain justu, musikarekiko interesa eta euskaltzaletasuna erabat lotuta daude Enbilen ibilbidean. Aita Getariako elizako organo jotzailea zuen, eta osaba, berriz, eskualdeko artzapeza. Hak bultzatu zuen Enbil musikara jauzi egitera, eta, horrela, Donostiara joan zen orfeoian abestera.

Gerra aurreko urte horietan ezagutu zuen Gabriel Olaizola, Eusko Abesbatzako zuzendaria, eta sopranoak koruan abestu zuen hainbat urtez. «Familia euskalduna zen erabat; handik zetorkion kezka», azaldu du Aizpuruak. Garai haietan, EAJn izena eman zuen, eta erbestean euskal kultura hedatzeko sortutako Eresoinka abesbatzan ere ibili zen gerra garaian. 36ko gerran, Euskal Herriaren berri eman, eta euskal kultura ezagutarazi zuten Europan. Josebe Enbil izenez sinatzen zuen garai hartan.

Eusko Jaurlaritzak sortu zuen taldea 1937an, eta sona handia izan zuen. Londresen, Parisen eta Bruselan izan ziren, besteak beste. Taldeko hartakoa izan zen Luis Mariano tenorra ere, Enbilen hurbileko laguna. Abeslariek erbestean eman zituzten gerra urteak, eta Paris alboko herri batean, Saint Germain en Layeko Belloy gazteluan hartu zuten ostatu. Hain justu, Parisen hasi zen kantu klaseak jasotzen Enbil.

Gerra amaituta, kantariak Madrilera joatea deliberatu zuen, eta orduan murgildu zen zarzuelaren munduan. Euskal jatorriko hainbat obra taularatu zituen: El Caserio (Baserria), esate baterako. Aizpuruak eta Ieregik argi dute euskararekiko lotura hori beti mantendu zuela: «Ez zitzaigun sekula burutik pasatu harekin euskara ez zen beste hizkuntza batean hitz egitea», dio lehengusinak. «Gaztetan izan zuen ibilbideagatik, agerikoa da lotura hori», gehitu du Ieregik.

Omenaldia Donostian

Besteak beste, jaioterriarekin izandako loturagatik eta euskararekiko hurbiltasunagatik da Enbil erreferentea Sasibilleko kideentzat. Horregatik, eta zarzuelako abeslari finenetakoa izan delako,argi zuten mendeurrenean omenaldia egin behar ziotela: «Placido Domingo haren semea da, baina guretzat erreferentea da Enbil: bertakoa zen, eta zarzuela abeslaria». Aizpuruak ere goraipatu du abeslariaren gertutasuna, eta uste du omenaldia ongi merezia duela.

Sasbillekoek pentsatu zuten Viktoria Eugenian aitortza txiki bat egitea, baina, Domingo Enbil tenorrarekin hitz eginda, ikusi zuten omenaldi dotoreagoa egiteko aukera zegoela. Hark eskatuta, Sor Navarra obraren bigarren estreinaldia egingo dute, duela ia ehun urte estreinatu zen leku berean: «Placidok esan zigun oso obra berezia zela familiarentzat». Egunotan, etxera itzuliko da, azkenean, zarzuelaren erregina.

IKUSKIZUNAK

Bihar.Sor Navarra zarzuelaren emanaldia, Sasibillen eskutik. 20:00etan Viktoria Eugenian.

Etzi. Placido Domingok zuzenduko du Donostiako Orfeoiaren Verdiren Requiem-a. 20:00etan Viktoria Eugenian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.