Zapiain: «ETAren ekarpenik handiena ETAri buruzko euskal literatura izan da»

'ETAkideen ametsak' saiakeran, bederatzi nobela ezagunetako pertsonaien loaldiaren ezaugarriak aztertu ditu

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Inor gutxiesteko edota mintzeko asmorik gabe» dio Markos Zapiainek «ETAk Euskal Herriari egindako ekarpenik handiena ETAri buruzko euskal literatura» izan dela. ETAko kideak ageri diren bederatzi nobela aztertu ditu; eta zehazki, erakunde armatu horretako militanteen ametsetan jarri du arreta, ETAkideen ametsakElkarrekin argitara eman duen saiakera ontzeko. «Nobela horiek miresten ditudalako diot ETAk eginiko ekarpen handiena direla», argitu du idazle eta pentsalariak.

2005a arteko obrak hartu ditu kontuan azterketa egiteko. Eta honako hauetako pertsonaien loan murgildu da ondorioak ateratzeko: Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (Pamiela, 1993), Zeru horiek (Erein, 1995) eta Soinujolearen semea (Pamiela, 2003), Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (Erein, 1995), Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria (Erein, 1998), Koldo Izagirreren Agirrezaharraren kartzelaldi berriak (Elkar, 1999), Harkaitz Canoren Pasaia Blues (Susa, 1999), Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua (Elkar, 2001) eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren Labartzari agur (Elkar, 2005).

Ondorioak ateratzeko garaian «nahiko uzkur» jokatu du Markos Zapiainek (Irun, Gipuzkoa, 1963). «Ezin daiteke esan etakideen amets tipikoa halakoa denez, etakide tipikoa halakoa dela». Hala ere, «harritu» egin du aztertutako 23 ametsen artean «gai bat nagusitzeak». «Erorikoak agertzen dira. Eta heriotzarekin daude lotuak ia amets gehienak, Sarrionandiaren Lagun izoztua-n azaltzen dena izan ezik». Nolanahi ere, etakide bakoitza «mundu bat» dela eta «egitura psikologiko jakin bat» nabarmentzerik ez dagoela azaldu du.

Ametsei erreparatzean «egileen marka» ere sumatu du Zapiainek. «Bakoitzak arrasto bat dauka». Alde horretatik, «Saizarbitoriaren Hamaika pauso-ko ametsak neurotikoagoak dira, eta senide eta maitasun harremanetan kateaturik daude», Zapiainen arabera. «Sarrionandiaren Lagun izoztua eta Canoren Pasaia blues-ekoak, berriz, eskizofrenikoagoak dira, psikotikoagoak».

Bestalde, Atxagak etakideak lo dauden inguruko zarata eta mugimenduak ametsetara biltzen ditu. «Zeru horiek nobelako Irene autobusean doala, beroki batekin estali egiten du beste bidaiari batek. Pampako ardi batek gainera salto egin diola amestuko du berak. Eta berokia kentzen diotenean, ardiak ihes egin duela».

Idazleen 'alter ego'-ak?

Ametsen ezaugarriak ez ezik, narrazioan zein eginkizun duten ere aztertu du. Izan ere, «batzuentzat ez dira garrantzitsuak; arimaren gorotza dira, egunean bizitakoaren soberakina, gorputzak kaka kanporatzen duen bezala». Baina Zapiainek argi du literatur lanotan ametsak narrazioaren parte garrantzitsua direla; «aurrera egin dezan laguntzen dute, eta pertsonaia ezagutzeko giltza dira».

Amets horiek interpretatzeko, Freuden irizpideei bainoago, James Hillmanen eta Robert Desoilleren teoriei segitu die Zapiainek. Ondorioz, pertsonaia horien psikoanalista izango balitz, «ziaboga egitera» aholkatuko lituzke, «erortzean hegan egiten ikasteko».

Zapiainek ez du argi pertsonaia hauek idazleen alter ego-ak edo kontra ereduak diren. «Baina Txillardegiren pertsonaia egunez borroka armatuaren aldekoa da, eta gauez zalantzak agertzen ditu. Agian, Txillardegirekin pareka daiteke. Aralarren zegoen idatzi zuenean. Borroka armatuaren ahulguneez mintzo zen egunkarietan, baina beharbada literaturarekin sentimendu aitorrezinak lantzen zituen. Ezin jakin zein Txillardegi den egiazkoagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.