Zamak, ispiluak eta harremanak

Julen Belamunok bost narrazio bildu ditu 'Hotz industriala' lan berrian. Ipuin independenteak izanagatik, hainbat gaik lotzen dituzte; tartean, pertsonaia batzuen identitate arazoak

Julen Belamuno idazlea, lan berria eskuetan duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Hozkailuak konpontzen dituen langile bat. Euskal Herritik Alemaniara ihes egin zuen gizon bat. Belarriko minez farmazia ireki zain dagoen artista bat. Errioxan erositako etxera doan andre bat. Italian margolari baten arrastoaren atzetik dabilen ikertzaile bat. Protagonista oso ezberdinak dituzten bost narrazio bildu ditu Julen Belamuno idazleak Hotz industriala lan berrian. Independenteak dira ipuinok, baina hainbat gai edo ezaugarri komun dituzte. Esaterako, identitatea zama zaiela hainbat pertsonaiari, edota ispilu funtzioa egiten dieten beste batzuk dituztela inguruan. Susa argitaletxearekin plazaratu du liburua Belamunok, eta atzo aurkeztu zuen, online egindako agerraldi baten bidez, Leire Lopez Ziluaga editorearen laguntzaz.

Lehen kontakizunetik hartzen du izenburua liburuak. Lezeta du izena Hotz industriala narrazioko protagonistak. Hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, pabiloi batean, eta lankide baten adarjotzeak jasan behar ditu. Bien arteko tentsioa islatzen da ipuinean, idazleak azaldu duenez. «Badaude lan arazoak, baina pixkanaka beste arazo bat azaleratuko da: Lezetak emakume gazte batekin duen harremana». Ipuin hori da hirugarren pertsonan idatzita dagoen bakarra; besteak lehen pertsonan kontatuta daude.

Desagertuaren oroi-grina, adibidez. Martinen istorioa kontatzen du, eta Alemaniako «hiri galdu samar batean» kokatu du idazleak. Izan ere, 30 urte lehenago, sorterritik ihes egin zuen protagonistak. «Bere iraganetik erabat aparte bizi da, baina egun batean euskaraz idatzitako gutun bat jasoko du, eta hor hasiko da iraganaren buelta moduko bat».

Belarriko gaitza ipuinak, berriz, belarriko minez botika noiz zabalduko zain dagoen gizon bat du protagonista. Bere antz handia duen gizon bat ikusiko du pareko espaloian, eta «ispilu funtzioa beteko du nolabait» pertsonaia horrek. Biak artistak dira, eta bakoitzak eginiko ibilbidea azaleratuz joango da apurka, baita bietako batek aurrez izan zuen bikote harreman baten gainbehera ere.

Amaren errautsak du izenburua laugarren ipuinak, eta emakume bat du protagonista. Errioxan etxe bat erosi dute berak eta senarrak, eta aurreko jabeen semearen bisita jasoko dute; lorategian duten zuhaitz bat ez botatzeko eskatuko die, han sakabanatu baitzituzten bere amaren errautsak. «Hemen ere bi lerro daude: batetik, emakumeak senarrarekin duen harreman gatazkatsua; bestetik, hildako emakumearen semearekin duen konplizitatea».

Azken ipuina da bostetan luzeena, Ahaztutako pintorea. Italiako jauregi zahar batean margolan batzuk aurkitu dituztela eta, kontsulta bat jasoko du Antso Jakituna Fundazioko teknikari batek, eta aspaldi ahaztutako pintore baten inguruko ikerketan murgilduko da, kazetari italiar bat lagun duela. Azken narrazio horrek badu berezitasun bat: ipuinaren barruan beste ipuin bat dagoela, pertsonaietako batek idatzitakoa.

Leiho bat zabalik

«Ez dago ipuin guztiak biltzen dituen gai orokor bat, baina badaude konstante batzuk, ipuin bitan edo hirutan azaltzen direnak», zehaztu du egileak. «Identitatearen arazoa izan daiteke bat, beste norbait izateko gogoa. Pertsonaia batzuek identitatea zama bezala sentitzen dutela esango nuke, eta aurreko nortasunarekin hausteko gogoa ere nabaritzen zaiela». Bigarren ipuinean nabarmena da gai hori, adibidez, baina azkenekoan ere agertzen da. Beste pertsonaia batek protagonistaren ispilu funtzioa egitea ere hainbat ipuinetan errepikatzen den zerbait da, idazlearen hitzetan.

Halaber, pertsonaiak «oso ataka estuetan» egon arren, normalean ipuinek ez dute bukaera ilunik. «Uste dut ipuin gehienetan azkenean leiho berri bat irekitzen dela, leiho bat geratzen dela zabalik bizimodu berri bati ekiteko».

Auzi horiek eta beste hainbatek ez ezik, idazkerak, estiloak ere lotzen ditu ipuinak, Lopez Ziluagaren ustez. «Esaldi luzeak idazten ditu Belamunok, detaileei erreparatzen die, eta horrek erritmo pausatua ematen die ipuinei, eta narratzaileak, erritmo horren bitartez, pixkanaka eramaten du irakurlea egoeraren argazki oso bat osatzera».

Hirugarren liburua du Belamunok; aurrez, Ukabilak eta loreakipuin bilduma (2015, Elkar) eta Gaueko zaintzailea nobela (2016, Elkar) argitaratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.