Pozez eta esker onez, baina baita piztutako ikusminak eragindako arduraz ere. Sentimendu kontrajarriekin ekingo dio Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte Tour 2019 bira luzeari, taldeak «etenaldi mugagabea» hasi aurretik egingo duen kontzertu sortari. Abenduaren 12an ohar baten bidez erabakia jakinarazi zutenetik jaso duten «maitasun tsunamiari» erantzungo diote horrela. «Zaila da azaltzea bi hilabete hauetan jaso dugun guztia. Sarrerak lortzeko sortutako ilarak, oharra zabaldu genuen egunean webgunea kolapsatu izana... Hori guztia emozionalki kudeatzea ez da erraza izan». Gorka Urbizu taldeko abeslari, gitarrista eta kide historikoaren hitzek laburbiltzen dituzte, beste ezeren gainetik, Berri Txarrak-en agurrak zaleen artean ez ezik taldekideengan ere eragin dituen sentimenduak.
David Gonzalezek (baxua) eta Galder Izagirrek (bateria) lagunduta azaldu zen Urbizu, atzo goizean, Lekunberriko (Nafarroa) Plazaolako Kantinan prentsaren aurrean egindako agerraldian. Oharra zabaldu zutenetik apenas eman duten elkarrizketarik, eta ikusmina agerikoa zen, batetik, birako datak iragarri behar zituztelako, eta, bestetik, taldearen jardunaren eteteaz ere hitz egin behar zutelako.
Taldeak gaur hasiko du bira, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astran, eta azaroaren 22an eta 23an amaituko du, Iruñeko Nafarroa Arenan emango dituen azkeneko bi kontzertuekin. Data horien artean, Euskal Herrian, Europan, AEBetan, Mexikon eta Asian ariko da, eta dagoeneko 40tik gora kontzertu ditu hitzartuak. Nolanahi ere, datozen hilabeteetan joango dira hitzartuz eta iragarriz beste saio batzuk.
Biraren lehenengo parteari Beude izena jarri diote, Infrasoinuak diskoko izen bereko kantuari erreferentzia eginez. Izan ere, taldearen ibilbideari modu estuan lotuta egon diren guneetan egingo dute biraren lehen parte hori. Gero Europan ariko dira (Herbehereak, Alemania), etamaiatzean AEBetara eta Mexikora egingo dute jauzi. Udan, hainbat festibaletan parte hartzeko aukera izango dute, eta, irailean, sei-zazpi eguneko bira egingo dute Asian. Oraingoz, Japonian dute lotua kontzerturen bat, baina Korean eta Txinan ere jotzeko gogoz daude. Izagirre: «Aniztasun estilistiko handia egongo da. Udako jaialdi handi oso ezberdinetan ariko gara, baina baita areto txiki eta gaztetxeetan ere. Horrek erakusten du taldearen kameleoi izaera; jai bakoitzarentzako jantzi egokia daukagu».
Horri lotuta, eta ikusita orain arte Euskal Herrian iragarritako kontzertuetarako sarrera guztiak saldu direla, «kontzertu erraldoi bat» egiteko asmoa ere azaldu zuen Urbizuk. «Ikusi dugu kontzertuak lotu ahala sarrerak agortzen joan direla. Beude birakoak molde zaharrean jarri genituen salgai, eta ordubetean saldu ziren. Zur eta lur utzi gaitu horrek, eta uste dugu zaleekin zorretan gaudela». Horri erantzun nahiko lioke kontzertu handi horrek, Izagirreren arabera, asmoa bailitzateke Berri Txarrak-en zalerik ez gelditzea taldea ikusteko aukerarik gabe.
Kontzertu asko eta ezberdinak ematea da taldekideen nahia, eta horretara bideratu dituzte entseguak ere. Ahalegin handia izaten ari da, Gonzalezen esanetan: «Berri Txarrak-en musika ibilbide osoarekin ari gara lanean, 80 bat kanturekin. Hainbeste kontzertu izanik, kantu zerrendak ere askotarikoak izango dira, eta aspaldi jo gabeko kantuak ere joko ditugu».
Lehen pertsonan
Abenduaren 12an zabaldutako oharra lehen pertsonan idatzita zegoen, Urbizuk erabaki duelako, «taldekideekin hitz egin ondoren», Berri Txarrak-ek atseden hartu behar zuela. «David eta Galder ulerkorrak izan dira, eta hori eskertu behar diet, horrelako erabaki bat zaila eta gogorra bada, are eta gogorragoa delako zuk zeuk hartu ez duzunean». Aitor Goikoetxearekin, Mikel Lopez Rubio-rekin eta Aitor Orejarekin batera sortu zuen Urbizuk Berri Txarrak, 1994an, eta, ondorioz, berari egokitu zaio «25 urtez proiektuaren atzean» egotea, eta horrenbestez, erabakia hartzea.
Abenduan eman zuten erabakiaren berri, baina ez da bat-batean hartutakoa izan. «Ez da beroaldi bat izan; mahai gainean zegoen aukera hori», zehaztu zuen Urbizuk, eta 2018an izandako hiru mugarri aipatu zituen. Lehenengoa, orain dela urtebete Zeelanda Berrian emandako kontzertu bat. «Han egin genuen Berri Txarrak-en 1000. kontzertua. Antipodetan. Hor bazegoen seinale bat». Gerora, Madrilgo Riviera eta Bartzelonako Razzmatazz aretoak bete zituzten, eta, jarraian, 10.000 lagun bildu zituzten Barakaldoko (Bizkaia) BECen. «Kontzertua amaitu ondoren, hoteleko ohean nengoela, leihotik ikusten nuen neonezko kartel bat 'Eta orain, zer?' zioena», adierazi zuen, umorez, abeslariak. «Horiek denak seinale moduan hartu izan ditut».
25 urte hauetan lan handia egin dutela eta horrek bere fruituak ekarri dituela, baina horrek berak «neke bat, higadura bat» pilatu diola aitortu zuen Urbizuk atzoko agerraldian. «Ibilbide osoan senari jarraitu diogu, eta orain senak esaten zidan momentu egokia izan zitekeela hau aro bat itxi eta berri batzuk irekitzeko».
Izan ere, taldea momentu on batean utzi nahi izan dute. «Esan daiteke taldea hilzorian zegoela 2009an, eta, hamarkada bat geroago, agian bere momenturikonenean dagoela. Alde horretatik, Davidekin eta Galderrekin egindako bidea izugarria izan da. Opari bat». Alde horretatik, Urbizuk uste du «pribilegioa» dela taldea uzteko erabakia «norberak nahi duenean» hartzea. «Horregatik nahiko genuke bira hau ez hartzea atsekabez. Kontrakoa baizik. 25 urte egin ditugu, eta lorpen hori kolektiboa ere bada, gure ekosistema kultural honetan denok jartzen dugulako geure aletxoa. Uste dut hori ospatzeko eta zaleekin partekatzeko modukoa dela».
Iraun ala bizi
«Talde honek exijitzen dizun dedikazioak, denborak, sobreesposizioak, ardurak, autoexijentzia mailak... pisu handia dute, eta hor egoteko ezinbestekoa da hirurok % 100ean egotea». Urbizuk argi adierazi zuen ez dela taldearekin jotzeaz aspertu edo nekatu, Berri Txarrak-ekin jotzea baita «gehien» gustatzen zaiona. «Baina ez dut neure burua behar besteko indarrez ikusten talde honen hurrengo urrats artistikoa pentsatu, idatzi, garatu eta gauzatzeko. Talde honek ez du diskorik egin besterik gabe egiteagatik edo kontzertuak lotu ahal izateko. Bizi ala iraun. Dikotomia horretan taldeak garbi izan du zer aukeratu. Ez gara irauteko aritu; bizi egin izan ditugu gauzak, eta musikalki gauza asko egin ditugu. Baina horrek eskatzen dizu dedikazio bat».
Taldearen jarduna eteteko hartutako erabakiak ez ditu ezustean harrapatu Izagirre eta Gonzalez, eta errespetuz hartu dute: «Kiroltasunez daramagu. Bere erabakia onartzen dugu, eta ez dugu askoz gehiago esateko», esan zuen bateria jotzaileak. Gonzalezek, berriz, aitortu zuen ez dela erraza izan erabakia onartzea. «Azken batean, pertsona bakarrak hartutako erabakia da. Gorkarentzat oso zaila izan da erabakia hartzea, baina Galderrentzat eta niretzat ere bai erabaki hori onartzea. Baina bakoitzaren energia ezberdina da, eta jakin behar da ulertzen. Gorkak eta taldeak egin duten bidea ikusita, eta nik neuk diodan errespetua kontuan izanda, egoerak eskatzen duen moduan jokatu behar duzu taldeak izan dezan bukaerarik onena».
Jaio. Musika. Hil (2005) diskoa prestatzeko garaian hartu zuen Urbizuk bere orduko lana utzi eta musika ogibide bilakatzeko erabakia. Eta ezagutu ditu lanbidearen alderdi guztiak. «Geure ardurapean egin dugu guztia; ez bakarrik kantuak egin eta jo: birak lotu, diskoak fabrikatu... Horrek ere izan du eragina erabakian».
Hala ere, erabakia hartzeko orduan, garrantzi handiagoa izan du «sortzen jarraitzeko» gogoak. «Senak jarri nau ataka baten aurrean. Sortzaile bezala hazteko, nire bizitzaren ardatza izan den taldea alde batera utzi behar dut. Gogorra izanagatik, hori da barruak eskatzen didana». Aurretik ere aritu izan da, Berri Txarrak-ek utzi dizkion tarteetan, beste proiektu batzuetan (Peiremans, Katamalo), baina oraingoan bestelakoa du asmoa. «Etorriko denari merezi duen denbora eman nahi diot». Hala ere, ez zuen geroari buruzko argibide asko eman nahi izan. «Ez daukat argi. Bakarkakotik gertu egongo da, baina bakarrik ere ez naiz arituko».
Zaleekin partekatzeko garaia
Gaur hasiko du Berri Txarrak-ek agurreko bira, Gernika-Lumoko Astran. Sortzaile gisa hazteko, bere «bizitzaren ardatza izan den taldea» uzteko erabakia hartu behar izan du Gorka Urbizuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu