Azal gogorreko liburu ertaina da (30x26 cm), eta 48 orrialde ditu. Album ilustratua izanik, orrialde osoak eta orri bikoak hartzen dituzten ilustrazioekin egina dago, nahiz eta badiren zenbait orrialde binetekin, ekintza kateak adierazteko edo.
Gidoia aurreikustea erraza da, baina ez horregatik makala. Pertsonaien aurkezpena eta eszenatokien izendapena kontakizunaren hariarekin batera doaz, uztardura naturalean.
Ilustrazio lanak Beatrix Potter-en eskolakoa dirudi, urmargoetan adierazia, kolore leunen nagusitasunarekin, animalien fisionomia errespetatuz (gizatiar bihurtuta daudelarik ere), ingurunea zehaztasun handiarekin adierazita hala komeni denean, eta komeni ez denean hondo zurian emanda pertsonaiak.
Eta, horren guztiaren ondorioz, halako atmosfera lainotsu berezia sortzen da, alegiazko mundua dela adierazten, ipuinen lurraldea bera eraikitzen duena, gure errealitatearekiko paraleloan dagoena, eta horrexegatik erreala bihurtzen duena.
Hala ere, nire ikuspuntutik, kontakizunak proposatzen duen gaia da aipagarriena: irakurzaletasuna, eta hura sustatzeko ematen dituen pistak eta adore mezuak.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Altzearen liburubusa'
Zaleak egiten
Idazlea: Inga Moore. Ilustratzailea: Inga Moore. Itzultzailea: Amets Santxez Munain. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu