ZALEAK ASKI, BABESA URRI

Hainbat diziplina elkartzen dituen artea da opera, eta sustatzen duten eragileek nabarmendu dute Euskal Herrian badagoela tradizioa. Kalitate handiko programazioak egiten direla uste dute, baina sumatu dute hutsune bat: diru laguntza publiko gehiagoren falta. Instituzioei babesa eskatu diete.

OLBEk Alzira-rekin bukatu zuen Tutto Verdi proiektua, iragan apirilean. OLBE.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ahotsaren artisauek, antzezleek, musikariek, koruek, dantzek, argiek, eszenografiek, atrezzo ikusgarriek eta beste elementu ugarik egiten dute berezi opera. Hainbat diziplina biltzen ditu: ikuskizun oso bat da, publikoari barrenak mugiarazteko gai dena. Hilaren 25ean izango da Operaren Nazioarteko Eguna, eta, horri tiraka, horra galdera: Zer toki du operak Euskal Herrian? Nolakoa da egoera?

Erantzun bila hasita, badago nabarmendu beharreko eragile bat: OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkartea. 71 urteko ibilbidea du, eta haren opera denboraldia erreferentzia da nazioartean ere; maila oneko artistak ekartzen ditu. Bilbon dago kokatuta, baina Euskal Herriko opera denboraldi nagusi gisa ere har liteke. Hala ere, Euskal Herrian ez dira oso ugariak kantu lirikoaz gozatzeko aukerak, opera eta zarzuela eskaintza ez baita oso zabala. OLBEz gain, dena den, badira beste zenbait sustatzaile; besteak beste, Donostiako Opus Lirica, Irungo (Gipuzkoa) Luis Mariano Lirika Elkartea eta Iruñeko AGAO Operaren Lagunen Gaiarre Elkartea.

Ainhoa Garmendia Opus Liricako zuzendariak, Iñigo Laboreria AGAOko gerenteak eta Juan Carlos Matellanes OLBEko zuzendariak bat egin dute opera definitzean: kalitatezko kultura da. Eta ados daude beste kontu batean ere: operak badu tradizioa Euskal Herrian. Matellanesen arabera, kultur jarduera «garrantzitsua» izan beharko luke, eta hainbat estigma gainditzearen alde egin du: «Opera denentzat da, ez da gutxiengo batzuentzat; ez duzu aditua izan behar, eta ez du zertan garestia izan. Uste dut gizartera gehiago zabaldu behar dugula. Operak badu bere erakargarritasuna: musikagatik, teatroagatik, taularatzeagatik, zuzenean egiteagatik... Kultur apustu garrantzitsua eta esanguratsua da». Antzera mintzatu da Garmendia ere: «Arte pilo bat elkartzen ditu operak, eta hori beti da esperientzia bat. Oilo ipurdia jartzen dit elitista dela esateak; elitista izan daiteke, baina gure mailan ez da».

Uste «oker» horien atzean ezjakintasuna edo ezagutza falta egon liteke, baina, hala ere, operazaletasuna badagoela iritzi diote hirurek. Beraz, publikoarengana gerturatzeko eta gehiago hedatzeko asmoz ari dira lanean. OLBEko zuzendariak argitu duenez, opera denboraldiaz gain, hainbat proiektu dituzte horretarako: horien artean daude Abao Txiki egitasmoa, programa didaktikoa, hitzaldiak, Opera eta+ programa... «Horrek guztiak taxutzen du kultur eskaintza zabala, askotarikoa eta mundu guztiari irekitakoa izatea». Programa didaktikoan, esaterako, 225 eskolak hartzen dute parte, eta ia 17.000 ikaslerengana iristen dira. Halaber, nabarmendu du jarduera asko doakoak direla. Eta, Matellanesen esanetan, ez dute tokiko ikuspegi soilarekin jarduten: «Gure eragin eremua askoz ere zabalagoa da». Hala, opera irisgarriago egiten saiatzen dira; esaterako, autobus zerbitzua jartzen diete bazkideei.

Eta, eskaintza «zabal» horren barruan, irmo dio zein den euren «marra gorria»: kalitatea ez galtzea. «Denboraldi zailak izan ditugunean, jarduerak murriztu ditugu, baina kalitatea ez dugu ukitu. Gure ezaugarrietako bat da». Orain arte egindako bidea «gogorra» izan dela aitortu du OLBEko zuzendariak, arrazoi ekonomikoak tarteko: «Krisiak pairatu ditugu, baina ez dira izan ideia gabeziagatik edo kalitate faltagatik; gure arazoak beti arlo ekonomikokoak izan dira». Adierazi du ez direla nahikoak jasotzen dituzten laguntza publikoak: «Horrek asko mugatu gaitu. Galga jarri digu opera berriak garatzeko».

Izan ere, «garestia» da opera egitea, pertsona askok parte hartzen dutelako; oholtzan 150 lagun pasa egon daitezke. «Ezin ditugu prezioak igo, eta, orduan, behar dugu kontraprestazio hori; laguntza instituzionala, kolaborazio publikoa eta pribatua».

Trabak traba, ordea, gustura dago egindako ibilbidearekin. Aurten amaitu duten Tutto Verdi proiektua nabarmendu du, esaterako. Desio du, halere, instituzioek erabakitasun handiagoz babestea egitasmoa: «Hori lortuz gero, uste dut operak etorkizun aparta duela, eta erreferentea izango dela nazioartean».

Polita bezain gogorra

Instituzioen aldetik laguntza eta bultzada falta salatu dute Opus Liricak eta AGAOk ere. Adierazi dute jasotzen duten laguntza ekonomikoa ez dela nahikoa. Opera programen promotorea da OLBE, eta eragile txikiagoak dira Opus Lirica eta AGAO. Bilbora joan behar izan gabe, inguruan jendeari opera ikusteko aukera eskaintzea dute helburu, eta arte horri beste bultzada bat ematea; 32 urteko ibilbidea du dagoeneko Iruñeko elkarteak, eta zortzigarren denboraldia egiten ari da Opus Lirica.

Hala adierazi du Garmendiak: «Erakunde publikoek laguntzak eman behar dituzte jendea operara errazago joan ahal izateko. Askotan, itota sentitzen gara, esfortzu hori guk egin behar dugulako. Kontzientziatu nahi dugu opera kalitatezko kultura dela». Izan ere, zaletasuna bultzatzeko proiektuak egin behar direla uste du. «Eta zer gertatzen da? Opera askotan zentralizatu egiten dela. Donostiak merezi du bere denboraldi propioa edukitzea». Balioa eman dio OLBEren lanari, eta lortu dutena «izugarria» dela dio, baina uste du beharrezkoa dela Gipuzkoa inguruko jendeari ere opera ezagutzea erraztea.

Opus Liricaren sortzailearen arabera, bidea gogorra bezain polita izaten ari da: «Guretzat pasio bat da; asko ikasi dugu, eta oraindik ere ikasten dugu. Pila bat disfrutatzen dugu. Baina, aldi berean, gogorra da, esfortzua izugarria baita. Opera oso arte zaila da, konplexua, jende asko dago, eta ematen diguten laguntza murritza da». Hezkuntzan ere sumatu du gabezia Garmendiak, eta adierazi du gehiago ezagutuko balitz «beste balio bat» emango litzaiokeela. Horri erantzuteko abiatu dituzte, besteak beste, Opera Txiki eta Opera Gazte egitasmoak.

Argi du zein den erronka: «Donostian denboraldi finko bat izatea, kalitatezko kultura egitea, eta jendeari arte on bat eskaintzea, mezu bat duena. Ez da entretenimendu hutsa: gogoeta egiteko mezu bat ere badago».

Arte mota horri babes gehiago eman beharko litzaiokeela uste du AGAOko gerenteak ere. «Lirikari zuzendutako diru laguntzak, gure kasu partikularrean, beheraka doaz. Oso garrantzitsua iruditzen zait bereiztea entretenimendurako kultura eta bestelakoa. Hau da: teatroa, arte eszenikoak, museoak... ondare defizitarioak dira, baina babestu egin behar dira. Gure ondare kulturala eta historikoa dira». Gainera, haren iritziz, badu zerbait «berezia» operak: «Sentimenduak probokatzen ditu». Halaber, azaldu du produkzioak egokituz doazela: «Aldatzen ez den bakarra, eta ez dena aldatu behar, idatzita dagoen musika da, eta konpositorearen espiritua. Baina espektakulua aldatuz doa, eta eraman dezakezu beste garai historiko batzuetara. Eszenografia nahi beste alda dezakezu. Hori operak bakarrik egin dezake».

Haatik, AGAOkoek ere salatu dute nahi besteko programazioa osatzeko bitarteko falta. Laboreriak esan du administrazioek nahi dutela azpiegiturak profesionalak izatea, baina ez dutela «nahikoa diru ematen» hori hala izan dadin. «Orokorrean gaitz endemikoa da». Eta galdera bota du: «Ez da operarik egiten jendea ez doalako, edo jendea ez doa operarik ez dagoelako? Badira urte batzuk zinema aretoetan urrutiko antzokietako opera saioak ematen dituztela, eta aretoak bete egiten dira. Halakoetan frogatzen da jendeak gogoko duela opera. Beraz, logikaz, pentsatzen dut jendeak zuzeneko programazio gehiago izango balu joango litzatekeela».

AGAOk 40 obra baino gehiago eman ditu bere ibilbidean, eta Laboreriak uste du lortu dutela «kalitate handiko» programazioak egitea. «Ezin gara borrokatu lirikako izar handiak ekartzeko, baina lan egin dezakegu sona hartzen hasiak diren ahotsak bilatzeko». Ahalegintzen dira, gainera, Nafarroako artistekin elkarlanean aritzen, baita opera Iruñetik kanpoko herritarrengana iritsarazten ere. «Saiatzen gara lirika ikuskizun bat programatzea oso zaila den toki horietara iristen. Produkzio eszenikoak egiteko aukera ematen duten teatro oso gutxi daude».

Hiru elkarteek programatzen dute lirika, baina harago ere aritzen dira lanean. Opera ezagutarazten saiatzen dira, prestakuntza ematen, programa soziokulturalak martxan jartzen, jendeari erraztasunak ipintzen... Operaren ondarea babestu eta hedatzeko lan egiten dute. Eta bat datoz hirurak: Euskal Herrian maila ona dago. Publiko zabalago batengana heltzeko ere ari dira lanean. Hala dio OLBEren Gazteam programako gazteek sortutako leloak: Opera gustatzen zaizu, baina oraindik ez dakizu. Zerbait arrotza izateari uztea nahiko lukete, eta estigmak apurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.