Donostiako 77. Musika Hamabostaldia

Zale eta profesionalen eguna

Dana Laukoteak Donostiako Musika Hamabostaldian emandako kontzertura bildu dira jaialdiko zaleak eta ikusnahiak. Nikolai Luganski pianistak eskola bat eman die Musikeneko ikasleei

Nikolai Luganski, pianoaren bitartez irakasten. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Jose Maria Sert plazako aulkiak betez joan dira David Santamariak eta Unai Zelaiak biolinak afinatzen dituzten bitartean; gauza bera egin dute Ane Agirrek biolarekin, eta Agate Amilibiak biolontxeloarekin. Laurak Musikenen sortutako Dana Laukoteko kideak dira, eta Donostiako Musika Hamabostaldiko inaugurazio egunean eman behar duten kontzertua prestatzen ari dira. Bi emanaldi dituzte egun berean, goizean Antiguako Jose Maria Sert plazan eta Gipuzkoa plazan arratsaldean.

Urduri daude musikariak, Zelaiaren hitzetan, «baina urduritasun ona da». Lehenengoz jo dute aurten Musika Hamabostaldian; izan ere, 2015ean sortu zuten laukotea, Musikenen ezagutu ostean eta hainbat ganbera taldetan elkarrekin egon eta gero. Laukoteko kide batzuentzat, gainera, kalean, jendaurrean, jotzen duten lehenengo aldia da. Azken egunotan, Donostian elkarrekin aritu dira musikariak, egunero, goiz eta arratsaldez, bi kontzertuetako errepertorioa prestatzen. Berriro elkarrekin jotzeko ohitura berreskuratzeko ere bildu dira, Zelaiak dioenez.

Kontzertua hasi aurretik, dagoeneko eserlekua hartua du Isabel Zabaleta Antiguako bizilagunak; bere alabarentzako lekua ere gorde du, geroago helduko baita. Oso gustuko du musika Zabaletak, eta urtero biltzen da Musika Hamabostaldiko doako kontzertuetara; ez du abonurik erosten, ez duelako bere burua kontzertuetara joatera behartuta ikusi nahi, eta ez duelako denborarik. Kaleko kontzertuen artean, ordea, nahi dituenak aukeratu ditzake; Dana Laukotearena, adibidez, etxe ondoan du.

Hamabiak minutu gutxi pasatuta, laukotea hasi da instrumentuak jotzen, eta musikaren doinua Jose Maria Sert plazako iturriko uraren soinuarekin nahastu da. Mozarten eta Antonin Dvoraken obrak jo dituzte kontzertuan, eta pieza lasai batekin hasi dute kontzertua. Hasi direnerako, aulkietako asko hartuta daude, eta eguraldi onari esker bildu den jendea plazako banku eta belazeetan eseri da. Jendea hondartzatik etorri da, ilea bustita, eta pare bat abesti entzutera geratu dira, etxera joan aurretik. Beroa nabaritzen hasi da kontzertuak aurrera egin ahala, baina jendea aterkiekin eta musika programarekin gorde da eguzki izpietatik, eta laukotearen musika entzuten jarraitu du.

Eroso aritu dira musikariak, elkarren osagarri izan dira, eta adierazkortasunez jo dute. Pixkanaka errepertorioa animatu egin da, eta, musikarien atzean, plazako kioskoan, umeak eskuak mugitzen hasi dira musikarekin batera, orkestra zuzendariak balira bezala. Musikariak zuzentzen ibili den umeetako bat da Lucia, eta bere familia guztiarekin etorri da. Javier Abeledo da bere ahaideetako bat; urtero biltzen dira inaugurazio eguneko kontzertuetara, eta laukoteari argazkiak ateratzen ibili da. Jakin-minez bildu da Xabier Urbieta ere; jendea musikara hurbil dadin Hamabostaldiak ematen duten aukera eskertzen du.

Giro atsegina egon da kontzertu osoan, eta bai entzuleek eta bai musikariek musika eta eguraldi onaz gozatu dute.

Teklaz eta pedalez

Dana Laukoteak Jose Maria Sert plazan jotzen duen bitartean, Musikeneko ikasleek, Nikolai Luganskiren eskutik, piano eskola bat jaso dute, Miramar jauregian. Luganski pianista errusiar famatua da, eta «pedagogo ona», Marta Pascual ikaslearen hitzetan.

Maila guztietako ikasleak izan dira eskolan: Musikenen hasiko direnak, oraindik ikasten ari direnak eta ikasketak amaituak dituztenak. Luganskik bere piano errepertorioa jo du eskolan, eta horrela ikasi dute ikasleek, adibideekin. Pascualen hitzetan, eskola batean ezin da ikasi arrakastarako «errezetarik», baina bera pianoa jotzen ikusiz, horretarako gako asko ikasi dituzte: «Ezer ez esan arren, ideia asko ematen ditu». Albert Mena Perez ikaslea ere egon da eskolan, eta Luganskik pianoko pedalekin duen abilezia nabarmendu du: «Inoiz pentsatu ez ditudan gauzak egiten ditu pedalekin; asko inspiratu nau». Mena Perezek dioenez, oso pertsona pragmatikoa da pianista, eta, Javier Gonzalez Sarmiento Musikeneko irakaslearen arabera, oso eskuzabala da ere: «Konpromiso handia erakutsi du». Luganskik, berriz, ikasleen inplikazioa nabarmendu du: «Ikasle onak dira, eta oso gustuko dute musika».

Ez da Luganski Donostiara etortzen den lehenengo aldia; hiria gustuko du, eta «oso pozik» dago hemen. Musika Hamabostaldian jo du «bost alditan gutxienez», eta larunbatean ere kontzertua emango du Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Bere ibilbidean mugarri izan dituen konpositoreen obrak joko ditu, Txaikovskirenak eta Schubertenak, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.