SOROTAN BELE

Zale asko itxaroten ari ziren ‘itzulera’

Sorotan Bele taldeak sona handia izan zuen 1990eko hamarkadan, eta, lehen diskoko abestiak egokituta, ‘Sorotan Bele gogoan’ proiektua sortu dute Xabier Zabalak, Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak. Hondarribian ariko dira etzi, 19:00etan.

unai zubeldia
2021eko uztailaren 16a
11:35
Entzun

Itxaroten ari gera arratsalde honetan / zerbait aukeztekotan jende honen aurrean…”. 1990eko hamarkadan, belaunaldi baten ikurretako bat izan zen Sorotan Bele taldearen Arratsalde honetan abestia, eta haren parean jartzekoak dira, besteak beste, Marinelaren zain, Zortzi orduko ekaitza, Atalaia eta Argiaren hiria kantuak. Hondarribiko eta Lezoko zazpi lagunek 1991n eskaini zuten zuzeneko lehen emanaldia, Larrabetzun (Bizkaia); 1993an plazaratu zuten lehen diskoa, Sorotan Bele izenekoa —beste bi ere badauzkate: Mundu hegian (1994) eta Jonen kezkak (1996)—, eta 1996ko azaroaren 30ean igo ziren azkenekoz oholtzara, Irungo Amaia antzokian.

Bost urteko ibilbide oparoaren ondoren, desegin egin zen taldea, baina, duela 25-30 urte izan ziren hura gogoratzeko, Sorotan Bele gogoan proiektua sortzea ederra izango zela bururatu zitzaion Xabier Zabala musikari zarauztarrari; hala azaldu du Urbil Artolak, Sorotan Bele taldeko kideetako batek eta Sorotan Bele gogoan proiektuko partaideetako batek. “Xabierrek urte asko daramatza tokian tokiko musika bandekin lanean, egokitzapenak eginez, eta Sorotan Beleren lehen diskoko abestiak hartu eta egokitu zitezkeela proposatu zion Gorkari [Gorka Sarriegi, Sorotan Beleko kide ohia]. Emanaldi monografiko bat edo kantaldi bat sor zitekeela iruditu zitzaion Xabierri”. Bidea egiten hasteko, Baga Biga Produkzioak ekoiztetxeari proposatu zioten ideia. “Eta berehala jarri zuten martxan. Geroxeago pentsatu zuten egokia izan zitekeela Sorotan Beleko bigarren partaide bati ere proiektuan sar zedin proposatzea, eta orduan etorri ziren niregana. Hori izan zen abiapuntua”, zehaztu du Artolak.

Sorotan Bele gogoan ekinbideak joan den maiatzaren 23an eskaini zuen lehen emanaldia, Larrabetzun, eta Getxon (Bizkaia) aritu ziren astebete geroago, maiatzaren 30ean; Getxoko Musikalia musika bandarekin eman zituzten bi kontzertuak. “Oso harrera ona egin ziguten, oso polita”, aitortu du Artolak. “Egun argiz aritu ginen Larrabetzun, frontoian, eta, musukoekin bazeuden ere, oso ondo ikusten ziren jendearen aurpegiko espresioak. Hasieratik zutik jarrita denak, dantzan… Ez genuen espero halakorik, eta oso polita izan zen”.

Gipuzkoan, etzi eskainiko dute lehen emanaldia: Hondarribiko Kasino Zaharrean, 19:00etan, Hondarribiko musika banda ondoan dutela —dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak—. “Eta urriaren 16rako ere lotu berri dugu emanaldi bat: Azkoitian. Aurretik, gainera, beste pare bat kontzertu ere izango ditugu ziurrenik, baina erabat lotu gabe dauzkagu horiek oraindik”.

Hiru musikari eta banda bat

Artolak argi utzi nahi izan du Sorotan Bele gogoan ez dela Sorotan Bele taldearen itzulera bat, “nahiz eta askok hala ulertu duten”. Lehen diskoko abestien moldaketak eskaintzen dituzte emanaldietan, eta Gorka Sarriegi, Xabier Zabala, Urbil Artola eta tokian tokiko musika banda igotzen dira oholtzara.

Artolaren hitzetan, “berriz ere gauza arruntak egiteko ilusioa” dauka jendeak. “Gauza askotan nabaritzen da hori, eta baita gure emanaldietan ere”. Baina sortzaileek argi daukate “epemuga bat” daukan proiektua dela eurena. “Ziurrenik, 2022ko udazkenera arte iraungo du egitasmo honek, eta ez ditugu eskainiko emanaldi asko; ez dakit dozena bat edo hamabost kantaldi izango diren guztira, baina ez dira izango askoz gehiago”.

Izan ere, Artola bera “beste hamaika proiektutan” ari da egun: Howdy Bluegrass taldearekin, Jon Gurrutxagarekin, Maider Zabalegirekin, Iker Lauroba eta Beste Urtaroak taldearekin, Txomin Artola aitarekin ere bai… “Nik ere ez dakit zenbat proiektutan sartuta nabilen!”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.