Zaldiko gaineko komikiak

Bihar irekiko ditu ateak Nafarroako XI. Komiki Azokak. Solasaldi eta tailerrez gainera, guztira hamahiru erakusketa jarriko ditu Iruñean, Lizarran eta Elizondon

Inigo Astiz
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Azoka ez den azoka bat da. Salmahairik gabe, salneurririk gabe, saltzailerik gabe, salmentarik gabe, eta, noski, eroslerik gabe. Salerosketaz bestelakoa izan da hasieratik Nafarroako Komiki Azokak bilatzen duen hartu-eman mota, eta aldeko suertatu zaio hori koronabirus sasoirako. Jaialdia antolatzen duten Tiza elkarteko kideen hitzetan, «artistikoa» da euren asmo nagusia, eta, horri esker, beste azoka batzuek baino errazago moldatu ahal izan dute beren egitaraua koronabirusaren hedapena moteltzeko ezarritako osasun neurrien arabera. Bihar hasi eta urriaren 4ra arte, hilabete oso batez, hamahiru erakusketa eskainiko ditu egitarauak, bederatzi komikigileren bisita jasoko du, tailerrak ere egongo dira, eta baita solasaldiak ere. Doakoak guztiak, betiere gonbidapena aurrez hartzen dutenentzat.

Iruñeko Kondestablearen jauregia izango da azokaren erdigunea. Bertan egingo dira jaialdiko ekitaldi nagusiak, eta zazpi erakusketa egongo dira han ikusgai. Nabarmentzekoa da, adibidez, Fernando Arrabal eta Alejandro Jodorowskyrekin batera Panico taldearen sortzaile izan zen Roland Topor marrazkilari, idazle eta animatzaile frantziarrari eskainitako omenaldi erakusketa. Egilearen arrastoan dabiltzan beste hamaika artistaren lanak batu dituzte bildumarako, eta haren Planet sauvage filmaren proiekzioa ere antolatu dute. Bestalde, erakusketa bana eskainiko diote Miryam Cameros Sierra irudigilearen ibilbideari, Luis Martorell komikigileari, Laura Perez Vernettiri eta Jose Luis Agreda marrazkilariari. Underground argitalpenei eskainitako bilduma bat ere prestatu dute.

Koronabirus sasoi betean, koronabirusa irudikatu du azokak, bestetik, Iruñeko Ziudadelan. Izan ere, pandemiak eragindako ziurgabetasun egoera eta sortu duen zurrunbilo emozionala ditu ardatz kalean edonork ikusteko moduan egongo den erakusketak. Zortzi istorio laburrek osatzen dute bilduma, eta sentsazio bat aztertuko du haietako bakoitzak: ezustea, ikara, kezka...

Baina Lizarrara eta Elizondora ere helduko da Nafarroako Komiki Azoka aurten. Quan Zho Wu txinatar jatorriko komikigile andaluziarraren lanak erakutsiko dituzte, adibidez, Lizarrako Fray Diego kultur etxean. Aritz Truebak eta Martin eta Xabier Etxeberria anaiek sortutako Buyan komikiari eskainiko diote beste erakusketa bat, eta Ignatius komikigileak koronabirusari eskainitako tira bilduma bat ere jarriko dute. Baztango kasuan, Baztanen baitan Baztan erakutsiko dute. Ernest Sala irudigilearen jatorrizko 40 plantxa bilduko dituzte Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Baztan dute kokaleku guztiek, egileak Dolores Redondo idazleak bertan girotutako eleberrietan oinarrituta sortu baitu bere lehen komiki lan luzea, eta haren lagin bat ikusi ahalko dute bisitariek.

Solasaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte erakusketak dituzten egileetako batzuek jaialdian, eta, horrez gain, komikiz lagundutako ardo dastatze bat ere antolatu dute, zazpi sinatze saio eta zuzeneko marrazketaz osatutako bi ekitaldi.

Erraldoiak eta binetak

Jose Luis Agreda irudigileak azokarako sortutako lau kartelek eman dezakete jaialdiaren asmoaren berri. Irudietan uztartuta doaz komikigintzaren historiako ikono ezagun batzuk eta Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsako figura ezagunetako batzuk. Mazinger Z robotaren erraldoiarekin dabil dantzari bat, esaterako, Joker pertsonaia ikus daiteke beste batean puxika eskutan duela, eta zaldikoa daraman Capitan Truenok etenaldi txiki bat egiten du ardo zahagitik tragoxka bat edateko. Hain zuzen ere, hilabetez Nafarroa eta komikigintza uztartzea da azokaren antolatzaileen asmoa.

Publikazio propio bat ere kaleratu dute. Jaialdiak iaz argitaratu zituen lehenengoz hainbat autoreren lanak, Zart izeneko komiki bilduman, eta asmoari eutsi diote aurten. Euskal Herriko egileek eta azokaren historiarekin harremana duten hainbat sortzailek sortutako istorio laburren bilduma bat da argitalpena. Kontzeptu bat dute kontakizun guztiek ardatz: bazterra. Luzea da parte hartzaileen zerrenda, eta haien artean dira, besteak beste, Ainara Azpiazu, Begoña Durruti, Txema Esteban, Exprai, Nacho Ignatus, Maite Mutuberria, Itziar Reparaz, Tasio eta Sandra Uve. Jaialdiaren egoitzetan eta webgunean eskuratu ahalko da lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.