Nereak lantzean behin esaten duenez, egunerokotasunak gaina hartzen duenean presioa askatuko duen balbula bat ongi etortzen da. Astegunak izan ohi dira egunerokotasuna, eta asteburua, aldiz, presioa askatzeko balbula, ostiral iluntzeko poteoa, kuadrilla-afariak, ihesaldi hordialdiak. Atzean geratu dira, ordea, astearen eskape diren asteburuak, poteoak, afariak... geure bizitzak.
Ez dira sinesgarriak daborduko plaza jendez beteak, taberna-terrazaz beteak. Joan den astea baino lehen grabatutako edozer jarri pantailan eta jendea elkar agurtzen ageri da, elkarri bostekoa emanez, masailak ukituz, dena delakoa. Irreala da. Agudo kanbiatzen da munduaz dugun irudia, eta ez da hainbeste aldatu bizitza. Guztia geratu da, mantsotu, eta, aldi berean, geldiezin doa aurrera. Salbuespen egoerara molda daiteke baten gogoa, nahiz eta gorputzak, eta gogoaren beste parte horrek, une oro diotson ezetz: egoera salbuespenezkoa dela, zerbait ez doala ondo, larria dela jazotzen ari dena, ez egoteko horren lasai.
Errealitatea deritzoguna hondar azalean botatako aingura gutxi batzuk baino ez dira. Berehala hasten dira egutegiko egunak elkarren antza hartzen: segida bera da, baina zein leku du segida horretan gaurko egunak? Axaleko bilakatzen dira egunerokoa deitzen dioguna mamitzen duten elementuak. Ez garrantzirik ez dutelako, izatez, baizik eta zentzugabe bilakatzen direlako. Nereak ere, hilabete luze dirudien aste honen buruan esan dit halako batean normaltasunera esnatuko balitz —normalean, biok, hain ez-normala dela enfatikoki dioguna, bestalde— ez litzaiokeela sinesgaitza egingo amets bat izatea hau guztia, gainditutako ametsa, atzean utzitakoa.
Ametsean bezala egiten du aurrera egunerokotasun berri honek. Zaldi bat ikusten dut, egunero, etxearen horma oso bat hartzen duen leihotik. Trostan abiatzen da tarteka, eta atzetik jarraitzen diote besteek. Alboko belazean dauzkate, honezkero zeharo margulduta dago bertako belarra eta laster aldatuko dituzte handik. Oinetakoak jantzi eta kanpora atera naiz, etxaurreko belarra zapaldu dut, tontorretan geratzen diren elur aztarnei beha geratu naiz. Freskoa da mendialdeko haizea. Banatzen gaituen hesirantz etorri da zaldia. Eskuan dakardan sagarrari kosk egin diot, zaldiari begira. Ba ote dute aurpegirik, zaldiek?
Kanpotik gozoa zirudien sagarra hondartsu dago barrutik, gozoa honezkero mikaztua eta ahoratutako lehen zatia lurrera bota dut, tu eginez. Begira daukat zaldia eta besteak ere hesirantz datoz, pauso mantsoz. Beraien sailera bota dut sagarra, eta hesiaren ertza jarraituz hasi naiz ibiltzen. Berriro begiratu dudanerako sagarraren bueltan dago zaldietako bat; uste baino urrunago bota dut. Muturrarekin ari zaio bultzaka, usnaka. Badirudi hozkadatxorik eman diola. Ez da luzaro entretenitu. Sagar hondartsua utzi eta alboko belarrari ekin dio.
Etxe osteko errepidetik autoak igarotzen dira, kamioiren bat noizean behin. Gutxi, tantaka. Urrunetik entzuten da haien hotsa, baina berehala desagertzen dira auskalo nora. Orain egun batzuk gurutzatu nuen errepide hori, akordura etorri zait, mendian gora egiteko asmoz. Oinetara geratu nintzaion mendiari, arnasestuka. Izango nuen gora igotzeko beste aukerarik laster, pentsatu nuen tontorreko harkaitzei begira. Etxe inguruan itzuli bat egin eta barrura sartu naiz ostera.
Tarteka trostaka tarteka lurrean luzetara etzanda baina, orobat, belazea kimatzen diharduten zaldiei begira nago, urrunean etxe barrutik ere ikus daitezkeen tontorrei begira. Hilabete batzuk atzera igo nintzen hara gora, beste tontor hartara, orain egun batzuk beste baterako utzi nuen hartara. Ez nion inori kontatu orduan.
Udaren azken hondarrak izango ziren, eguzkiak berotzen zuen eta haizeak freskatzen, hemen usu den gisara, eta presarik gabe abiatu nintzen. Zidor ezezagun batzuetatik sartu nintzen, betiko bidea ez beste batzuk usatzeagatik besterik ez bazen, eta han, zuhaitz artean, hilotz bat topatu nuen: hezur batzuk eta ilaje lehor bat haiei itsatsita, animalia txiki batena, txahal batena.
Hilotz hura gogoan igo nituen tontorrerainoko bideak, han ezkutuan hil izana zeri zegokion hausnarrean, edo beste animaliaren batek, gizakia ala bestelakoa, haraino eraman ote zuen pentsatzen.
Gailurrari garaiera ematen dioten harkaitzak zelai zabal batetik ateratzen dira zerurantz, gaztetasun seinale, inguruko tontor ganbil leunen aldean, edo harkaitzaren gogortasun seinale, auskalo. Zelai zabal hartara gerturatu ahala behi batzuk jo nituen begiz, tontor inguruan sakabanatuta, eta haiengana nindoan, pauso arinez, beraien artetik igaro beharko bainuen gailurraren garaiera idatzita duen plakatxoraino ailegatzeko, metalezko eskulturatxoa ukitu ahal izateko.
Banindoan, beraz, eta aurrera egin ahala zera beilegi bat antzeman nuen hesola baten alboan. Gerturatu ahala forma hartzen zihoan, txikia, iletsua, artzain-txakur baten antzekoa zirudien. Txahal bat zen. Bere baitara bilduta zetzan eta euliak zebilzkion inguruan. Begira geratu nintzaion. Ba ote dute aurpegirik, txahalek?
Bizkarraldea mugitzen zitzaion, ezin apalago, gora eta behera. Begiak zabaldu zituen apur bat. Bizi zen. Urrunxeago zeuden gainerako behiak. Ez nintzen aurrerago joan. Lurrean eseri eta euliek ni ere ingura nintzaten itxaron nuen. Zuhaitz artean ia ezkutuan topatu nuen hilotzaz akordatu nintzen. Denboragarrenera jaiki nintzen, eguzkiak apur bat gutxiago berotzen zuelarik ordurako, haizeari giroa hozten utziz.
Bere horretan zirauen txahaltxoak, ez zen kasik mugitu ere egin alboan egon nintzaion tartean. Ez dakit zer pasa zitzaidan burutik, ez daukat akorduan ezer berezirik pentsatu nuenik. Ziur aski egin nezakeen ezer diferenterik, animaliatxoa salbatzeko ahaleginik, baldin eta salbatu beharra bazegoen. Bake unea izan zen, hala ere. Sufritzen ariko ote zen? Ezer esan gabe, txahala azken begirada batekin agurtuta abiatu nintzen atzera bailararantz.
Iragana da hori dena, ordea, gero eta urrunagoa dirudien iragana. Denbora ez beste gertakizun batek errealitate arrotz batera egotzitakoa. Etxe barrutik dakuskit zaldiak orain, eta Nereari esan diot irrealtasun sentimendua gainditzen laguntzen didatela, batez ere trostan abiatzen direnean eta apatxek lurra indarrez nola jotzen duten entzun daitekeenean.
Nereak esan dit irrealtasuna iradokitzen diotela berari. Hiriko bere apartamentua irudikatu dut, eta bera han barruan, katu baten gisara, berak esan didanez. Hiriko kaleak goizeko ordu txikietan bakarrik egon ohi diren bezain huts, baina haietan galtzeko aukerarik gabe.
Zaldiek badute, bai, misterio aire bat, aitortu diot, zertarako uka. Baina nirea, gurea, litzatekeen errealitatea baino errealagoa den bat, sinpleago bat, erakusten didate eta horrek baretzen nau.