Musika

Zaldi gainean segitzen du

Neil Youngek 'Colorado' diskoa kaleratu du, Crazy Horse taldearekin batera. Zazpi urte ziren elkarrekin lanik argitaratzen ez zutela. Laukoteak berea duen soinua berreskuratu du.

Neil Youngek kontzertua eman zuen Crazy Horse taldearekin Miarritzen, 2013an. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Nleil Youngek (Toronto, Kanada, 1945) eta Crazy Horse taldeak rockaren eszenako elkarketarik ikonikoena osatu dute azken mende erdian. Batera grabatu zuten azkeneko aldia, ordea, 2012. urtea izan zen, aurrez ia bederatzi urteko etena egin ondotik: Americana kaleratu zuten aurrena urte hartan, eta handik gutxira, berriz, Psychedelic Pill. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta bazirudien musikari kanadarra erretiro aro moduko batean sartuta zegoela, Promis of the Real gazteen abaroan argitaratu baitzituen bere azken lanak. Baina, bat-batean, iazko apirilean iragarri zuen bidelagun zaharrekin elkartuko zela. Pare bat kontzertutarako zen bilkura hura, ordea, estudioko lan berri bat bilakatu da: Colorado.

Hala ere, urteak joan urteak etorri, Neil Youngek ez dio utzi diskoak kaleratzeari. Estudioko bere 39. diskoa da Colorado, eta Crazy Horse taldearekin argitaratutako hemezortzigarrena. Hamar kantuk osatzen dute albuma, eta hunkiberatasuna eta gordintasuna uztartzen ditu, laukoteak orain arteko diskoetan egin moduan. Berritasun nabarmen bat du, hala ere: Nils Lofgrenek bete du orain arte taldekide izan den Poncho Sampedro gitarristaren lekua. Ralph Molina eta Billy Talbotekin batera, zaldietakoa izan zen Lofgren 70eko hamarkadaren hasieran, baina azken urteetan Bruce Springsteenen alboan izan da, E Street Bandeko gitarra jotzaile gisa.

Bada Sampedroren gitarraren hutsunea nabarmendu duenik, baina laukoteak horren berea duen soinua berreskuratu du disko berrian, eta Kanadako musikariaren azken lanek izan ez duten freskotasuna lortu. Lagun artean grabatutako diskoa baita, finean. Lagun artean, eta laino artean. Kaliforniako suteen berotasunetik Coloradoko Mendi Harritsuetako gailur elurtuetara lekualdatu baita laukotea diskoa grabatzerako garaian, iazko azaroko suteek Youngen Los Angelesko etxea kiskali ostean. Colorado estatuko Telluride herriko In the Clouds izeneko estudioan elkartu zen laukotea hamaika egunez —eta gauez—, John Hanlon ohiko ekoizlearekin eta hainbat oxigeno botilarekin —zer gerta ere, ia 3.000 metroko altueran baitago estudioa—, grabaketak egiteko. Hortik diskoaren izena.

Orduko bizipenak film baten bitartez erakutsiko ditu musikari kanadarrak. Grabaketako uneak irudietan jaso eta 86 minutuko dokumental bat osatu baitu Bernard Shakeyren laguntzarekin. Mountaintop izeneko filma azaroaren 18an iritsiko da Europara.

Ingurumenetik amodiora

Ingurumenaren aldeko mezuak entzun daitezke diskoan, Youngek bere lanetan ohikoak dituenez, baina baita sistemaren aurkakoak eta amodiozkoak ere. Tartekatuta aurkezten ditu Yougek diskoan, doinuaren gogortasunari erreparatu gabe. Hala, batzuetan pianoarekin, harmonikarekin eta ahots soilarekin lagunduta joango da mezua, eta beste batzuetan, berriz, gitarra elektrikoaren gordintasunarekin.

Hasiera-hasieratik nabarmenak dira, halaber, laukoteak horren bereak dituen harmoniak eta koruak ere. Horren adibide da, esaterako, diskoa zabaltzen duen kantua: Think On Me. Harmonikaren doinuak lagun, oroimenari eta maitasunari abesten dio Youngek, rockaren eta countryaren arteko nahasketa akustiko bat eginez. «Luzaroan biziko naiz eta pozik nago/ hori zuri kontatzeaz», dio Youngek hitzetan.

Doinu elektrikoei bidea zabaltzen die, jarraian, She Showed Me Love kantuak. Hamahiru minutu luze den abesti horren bitartez, emozioen arteko nahasketaren katarsi moduko bat proposatzen du Youngek. Behin eta berriz errepikatzen du kantuari izena ematen dion esaldia, gitarra doinuek lagunduta, eta amorruz abesten die «natura hiltzen» saiatzen diren «gizon zahar zuriei».

Ohikoak dira halako kantu indartsuak laukotearen lanetan. Zaldiaren amorru bera irudikatzen dute, halaber, Shut It Down eta Help Me Lose My Mind abestiek ere. Haserrea, sumindura eta esperantza: denak bat dira pieza horietan Youngentzat.

Gorabehera handiko diskoa da Colorado, hala ere. Gitarra elektrikoaren doinu indartsuak balada akustikoekin tartekatzen baitira. Olden Days da arnasa hartzeko tartea eskaintzen duen abestietako bat, hain zuzen. Elliot Roberts urteetan musikari kanadarraren managerra izan zenaren heriotzari eskainitako kantua da. Gertakariari aurre egiten dio Youngek, bihotza parez pare zabalduz: «Nora joan da jende hori guztia? /Zergatik desagertu dira? /Garrantzitsuak ziren niretzat, /eta orain badakit hemen daudela nire bihotzean geratzeko».

Gisa berekoak dira, halaber, maitasunari kantatutako Eternity eta Milky Way; klima aldaketaz ohartarazten duen Green Is Blue; diskoa ixten duen I Do; eta aho batez abestutako Rainbow Of Colours.

Neil Young iraganera itzuli da, bere doinu klasikoetara, ohiko eskemetara, bere betiko egiteko modura. Berak nahi duena egin du, berak nahi duen gisara, eta rocka bere moduan ulertzen duela erakutsi du beste behin ere. «AEB zaharrei» eta sistema kapitalistari aurrez aurre begiratu die, maitasun berriaren goxotasunaren eta adineko gizon zuri zahar baten malenkoniaren galbahetik igarotako mezuen bitartez. Zaldi gainean segitzen duela erakutsi du Youngek, eta, lagun zaharrak alboan dituen artean, ez du jaisteko asmorik. Etorkizuna geratzen den bitartean ez baitago amore ematerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.