Zaintzeko hiru modu ezberdin

Miren Amuriza Plazak irabazi du Igartza saria, 'Paperezko txoriak' eleberri proiektuarekin. Baserri batean kokatutako istorioa kontatuko du, familia bereko hiru belaunaldiren bidez

Miren Amurizak urtebete inguruko epea izango du eleberria idazteko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Paperezko txoriak, uretara eroriz gero, desegin egiten dira, baina ez dute batere zaratarik ateratzen. Uretatik atera, lehortu eta ostera ere forma ematen ahalegindu arren, paperak ez du sekula berreskuratuko lehengo testura». Irudi grafiko horrekin definitu du Miren Amuriza Plazak (Berriz, Bizkaia, 1990) Paperezko txoriak bere eleberri proiektuko protagonistei gertatuko zaiena: «Desegiten joango dira, ingurukoen begi-belarrietan inolako zaratarik egin gabe. Eta saiatuko dira beren burua berreraikitzen». Eleberri egitasmo horrekin irabazi du Amurizak idazle gazteen jarduna sustatzeko Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten Igartza saria. Hogei proiektu aurkeztu dira aurten bekara, eta, horien artean, Amurizarena aukeratu du Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak.

Eleberriko protagonistak hiru izango dira: Sabina Leizardi, 80 urteren bueltan dabilen emakume baserritarra, haren alaba Karmele, eta biloba Oihal. Urteetan pilatutako minen eta nekeen ondorioz, Sabina bere buruaz beste egiten saiatuko da, eta horrek «errotik» irauliko ditu familiaren zimenduak: «Hor geratuko dira agerian bata bestea maitatzeko, gorrotatzeko, elkarrekin komunikatzeko dituzten zailtasunak». Suizidio ahaleginaren ondotik, pertsonaia bakoitzak egoera berrian kokatu beharko du, oso modu ezberdinean kokatu ere, eta horrek beraien arteko talkak ere sortuko ditu.

Hori izango du hari nagusi eleberriak, baina bigarren mailako istorio bat ere gurutzatuko da. Argazki zahar bat hartuta, Sabinak kontatuko dio bilobari nola 1950eko hamarkadan aberaski batzuen etxean neskame egon zen, eta zelan nagusiaren anaia mutuak erretratu batzuk pintatu zizkion. «Suizidio saiakeraren ondoren, Oihalek bere ikerketa propioa hasiko du, eta helburu izango du amonari opari bat egitea eta erretratu horiek berreskuratzea. Horrela salduko dio buruari, baina, batik bat, amonaren iraganean arakatu nahiko du, suizidio saiakera horren arrazoiak bilatu nahian». Azken batean, Amurizak dioenez, suizidioa justifikatu beharrean egongo da Oihal, «berak, eta batez ere bere amak sentitzen duten errua apaltzeko».

Argumentuaz harago, Paperezko txoriak-en hainbat gairi buruz idatziko du Amurizak. Zaintzaz eta horren azpian egituratzen den guztiaz gogoeta egin nahiko luke, esaterako: «Hor atzean dauden botere harremanak, jasangarritasuna, aitortzen zaion edo ez zaion balioa...». Hiru pertsonaiek modu «oso ezberdinean» egingo baitiote aurre horri, momentu jakin batean zaintza izango baita euren bizitzaren ardatza.

Bakardadea ere presente egongo da liburuan. «Uste dut bakardadea ikasgai bat dela bizitzan. Derrigorrezkoa. Askok hautazko ikasgaitzat daukate, eta saiatzen dira izkin egiten, baina lehenago edo geroago, hor agertzen da. Pertsonaiak bakarrik geratuko dira eta euren buruekin egingo dute topo». Testuinguru horretan, pertsonaien zaurgarritasuna ere azaleratuko da. «Askotan modu negatiboan ikusten da zaurgarritasuna, baina modu positiboagoan aldarrikatu nahiko nuke nik. Aukera ematen du norbere ahuldadeetan arakatu eta birziklatzeko, eta zaurgarritasunaren beste aldean sendatzeko gaitasuna ere azaltzen da».

Bertsotik literaturara

Bertsolari gisa egin zen ezagun lehendabizi Amuriza, eta, 2016ko irailaz geroztik, egunero idazten du zutabe bat BERRIA-n. Horrez gainera, haur literaturan ere egin izan ditu sartu-irtenak. Paperezko txoriak du, ordea, aurreneko eleberria. Jauzi bat den galdetuta, nahiago du oraingoz «pauso bat» dela adierazi, «proiektua den heinean». Nolanahi ere, nobela idazteak asko motibatzen du. «Betidanik gustatu izan zait irakurtzea eta idaztea».

Hala ere, jardun ezberdintzat ditu bertsolaritza eta literatura. «Ez dute zerikusirik. Bertsotan, munduari begiratzen diogu zutik, taldean, bat-batean, eta zuzeneko feedback-a jasotzen dugu. Idazten jartzea izan da esertzea eta fokuari buelta ematea. Kanpora baino gehiago, barrura begira jarri naiz. Ariketa askoz intimoagoa da». Zutabegintza, berriz, «tarteko zerbait bezala» ikusten du Amurizak. «Egunerokoa eta laburra izanik, bertsoak daukan prezisioa eta gaurkotasuna eskatzen ditu, baina, era berean, prozesu bakartia da».Alde horretatik, nobela proiektua garatzeko «entrenamendu ona» izan zaio zutabegile aritzea. «Eleberriak ez du zutabegintzarekin zerikusirik izango, eta gaiak garatzeko, marko bat eraikitzeko eta fikzioa tratatzeko aukera bat emango dit».

Bertsolaritzaren arrastorik ez du izango liburuak, baina bertsolari izateak, aldiz, eragingo du eleberrian. Bertsoari gisa heldu baitio Amurizak lanari. «Idazteko ere oso bertsolaria naiz, eta dena ondo-ondo pentsatu arte kosta egiten zait idazten jartzea». Paperezko txoriak-en istorioa ere aspalditik «ikusten» du buruan, «pelikula baten zatiak» izango balira bezala. «Eta pentsatu nuen: 'Nik hau kontatu nahi dut'. Baina ideia eginda izan arte, kosta egin zitzaidan idazten hastea».

Igartza saria jaso dutenen artean literatur ibilbide sendoa egin duten idazle ugari daude: Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Irati Jimenez, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez... Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak dioenez, «asko eta asko Igartzari esker egin dira ezagunak, eta sariak segitzen du oso emaitza onak ematen». Ekaitz Goienetxea iazko irabazleak atzo iluntzean jaso zuen, Beasaingo Igartza jauregian eginiko ekitaldian, sariari dagokion bigarren diru ordaina. 2018. urtearen hasieran argitaratuko du Elkarrek Goienetxearen liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.