ZAINTZEAREN POESIA

Joan den astean jakinarazi zuten antolatzaileek Eako Poesia Egunak ez direla egingo gehiago. «Porrot eder bat da adioa», zioen etenaren berri emateko oharrak. Parte hartzailerik fidelenek «penaz» hartu dute agurra, eta denek azpimarratu dute antolatzaileek hamabost urtez egindako lanarekiko aitortza eta esker ona. Ororen gainetik, baina, hitz bat nabarmendu dute denek: zaintza.

2018. IKORKOTX.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Pausaz egin du Oier Guillanek Eako (Bizkaia) hondartzaren erdigunera. Idoia Hernandez pianoa jotzen ari da hondarretan, eta haren aldamenetik jaurti ditu hitzak. «Non hasten da amaiera bat, non amaitu hasiera bat?». Agurra sumatzen zuten Metrokoadroka Sormen Laborategiko kideek, eta omenaldi kutsua hartu zuen iazko Eako Poesia Egunetarako kolektiboak sortutako Zanbuia! ikuskizunak horregatik. «Zer gertatuko litzateke amaiera oro zerbaiten hasiera balitz, eta hasiera oro amaiera bat?», bihozkada balitz bezala, Guillanek. Joan den astean jakinarazi zuten antolatzaileek Eako Poesia Egunak ez direla egingo gehiago. «Minez, baina pozarren» esan dute agur, «gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa». Azken ekitalditik urtebetera, Guillanek aitortu du bazekitela azkena zela, eta esker ona eta maitasuna antzerki forman eman nahi zutela. «Gauzek uzten dituzten arrastoei buruzkoa da Zanbuia!, eta funtsean bagenekien Eako Poesia Egunez ari ginela».

Ean igaro zituen Gabriel Aresti idazleak azken udak, eta hari omenaldia egiteko antolatu zituzten jardunaldiak estreinakoz, 2004an. Poesia bizi eta poesiaz gogoetatzeko ezinbestekoa izan da uztailaren hirugarren asteburua ordutik. «Zortziehun lagun bizi dira herrian. Milaka lagunentzako etxea egin dute. Nik neuk behintzat inoiz nahikoa eskertu ezingo diedan ahalduntze zoragarria», idatzi zuen Iñigo Aranbarri idazleak agurraren biharamunean BERRIAn. Mari Luz Esteban idazle eta EHUko antropologoak bat egin du Aranbarriren hitzekin: «Poesia EAhalduntze zoragarria izan da». Hitz jokoa egin du Miren Agur Meabe idazleak ere. «AterpEA topatu genuen Eako etxEAn». Segidan gehitu du, idazle gisa, bultzada eman diotela topaketek: «Nire zorionaren parte izan dira».

Nostalgia nabari dela jada, eta umezurztasun sentipena ere badagoela; bat egin dute guztiek. «Ea-mina izenez deitu diezaiokegu; halako herrimin moduko bat. Baina, era berean, aitortza erabatekoa da, urte hauetan guztietan bizi izan dugunagatik», azpimarratu du Estebanek.

Zubi egileak

Elkargune, etxe, aterpe, topaleku edo udaleku: orotariko hitzak erabili dituzte Eako Poesia Egunetako elkarbizitzaz aritzeko. «Hamar urtez segidan izan naiz bertan; poesiazale gisa, urteko dosia hartzera joan naiz. Niretzat bereziena jendea izan da: asteburua komunitatean igarotze hori, besteekin solastatzeko eremua izan baita». Pausa egin du. «Hippyak bezala», dio Itxaro Borda idazleak, irriz, jaialdiari buruz iraganean hitz egiteak berak eragiten dion penaz. Bizikidetza horren hutsunea izango du Guillanek ere. «Normalean topatzen ez duzun jendearekin gogoetatzeko tarte horren falta asko igarriko dut: literaturaz eta bizitzaz gogoetatzeko momentu horiek egitaraua bezain garrantzitsuak dira». Argi du: antolatzaileen maitasunak ahalbidetu du hori.

Iratxe Retolaza literatur ikerlari eta EHUko irakaslearen esanetan, zubigileak izan dira topaketak. «Zubigintza egin dute hainbat esparrutan». Pixkanaka aletu ditu eraikitako lotura horiek denak. «Akademian literatur pentsamendua sortzen ari direnen eta herrigintzan dihardutenen artean zubiak sortu dituzte». Unibertsitateko pentsamendua eta herri mugimendua bildu ditu; eta sinergiak ere sortu dituela azpimarratu du Retolazak.

Izan ere, ikuskizunak bezain garrantzitsuak izan dira mahai inguru eta solasaldiak Ean; eta beren-beregi poesia egunetarako sortutako materialak ondu dituzte zenbait sortzailek eta ikerlarik azken urteetan. «Emanaldiez gain, mintzaldiak ere baziren, eta horien inguruan hausnarketa eta pentsamendu ildo bat garatu da», azaldu du Bordak. Zaldiarri izeneko bilduman batu dituzte 2011. urtetik aurrera sortutako solasaldi, errezital eta antzezlanak. «Zaldiarri-k erakusten du material bakana sortu dela Eako egunetarako; eta, horrek esan nahi du momentuak ere bakanak izan direla: bai sortzaileentzat eta baita publikoarentzat ere. Sortzaile gisa, tentsio kreatibo handian jartzen zaitu egoera horrek», azaldu du Guillanek.

Akademiaren eta herritarren artekoez gain, bestelako loturak ere aipatu ditu Retolazak. «Urte horretan poesia lanen bat argitaratzen zuen orok jasotzen zuen jardunaldietan aurkezpena egiteko gonbita, eta literatur kuadrilla asko elkartzea zekarren horrek». Bestelako ezaugarri bat erantsi du segidan. «Horizontaltasunez lan egiteak ere ekarri du proportzioan beste plaza batzuetan baino andreen ahots gehiago egotea». Literatur eragileen artean ere zubiak eraiki direla dio: editoreak, sortzaileak eta irakurleak;literatur sistemaren agenteak elkartu baititu.

Diziplinen artean ere berdin: nahasketak eta zubiak. «Literatura bestelako diziplinekin lotu dute, eta hainbat esparrutan dabilen jendeak elkarren berri izatea ekarri du. Elkarrizketak sortu eta bestelako egitasmoak garatzea ahalbidetu dute Eako zitek:beste sare batzuk sortu ditu, eta gaur egun ere badiraute».

Gatazka guneak

Gozoan egoteko espazioa soilik ez, gatazka gunea ere izan da Eako plaza. Emakumearen irudia euskal literaturan mahai ingurua gidatu zuen Retolazak 2007an, eta gogoan du solasaldiak utzitako ajea. «Gatazkatsua izan zen, eta oso minduta bukatu nuen». Bidea ere zabaldu zuen, baina. «Ikusgarri egin zuen isilean zegoen kultur gatazka bat. Aukera eman zigun hainbat ertz askatzen hasteko eta ordura arte espazio itxiagoetan izaten ziren eztabaidak literatur esparruaren erdigunera eramateko».

Generoaren auzia mahai gainean izan da urtero, zehar lerroa izan baita jardunaldien hasieratik. Bide bat ireki duela nabarmendu du Retolazak. «Arestiren lanari buruzko ikerketa bat egitea eskatu ziguten Danele Sarriugarte eta bioi. Antolatzaileengandik atera zen hori. Gauzak aldatzen ari zirela ere erakusten du, hamar urteren buruan han ginelako berriz horri buruz hizketan. Ausart jokatu zuten». Gizontzeko (andretzeko) garaia Zaldiarri bildumako 6. zenbakian bildu zituzten Retolaza eta Sarriugarteren gogoetak. Poesiak gizartea eraldatzeko balio zuela sinetsita zegoen Aresti; eta zer eraldatzaileago feminismoaren bidez egitea baino.

Jarduteko estilo propioa asmatu dutela: halaxe uste du Estebanek. «Ez dute asmatu soilik edukiekin eta programazioarekin: moduetan ere asmatu dute: Ea estilo bat sortu dute». Ildo beretik jo du Guillanek ere. «Programatzeaz haragoko lana egin dute. Plaza eskaintzeaz gain, fokua eta garrantzia ere eman diote sorkuntzari. Eta horrek hazteko aukera ematen dizu: banaka zein kolektibo gisa hazi egin gara gu. Sortzeko babesaz gain, erabateko askatasuna eman digute antolatzaileek. Hori zaila da aurkitzen».

Zaintza izan da Eako jardunaldien marka; ezaugarri hori azpimarratu dute denek. «Asko hitz egiten da zaintzari buruz feminismoan eta feminismotik kanpo. Bada, Eako Poesia Egunen antolatzaileek ondo praktikatu dute. Kulturgintza eta pertsonak zaintzeko eredu bat sortu eta indarrean jarri dute». Ildo beretik jo du Guillanek ere. «Zaintza erabatekoa izan da, eta horrek atxikimendu profesionala ez ezik atxikimendu emozional sakon bat uzten du, zurea sentitzeraino ekitaldi hori». Baietz Retolazak. «Ez gaitu bakarrik ondo sentiarazi kudeaketa ona egin dutelako: espazio horretan aske sentiarazteko gune bat eman digute antolatzaileek, eta horrek ahalbidetu du gatazkak ere lantzea».

Anonimotasunari eutsi diote topaketetako jardunaldien arduradunek agurrean. «Asko izan gara hamabost urte hauetan jardunaldien jiran, eta nahiago dugu kolektiboki aritu», azaldu dute. Estebanek balioa eman dio horri. «Kolektiboaren garrantzia azpimarratu dute agurrean, eta, errespetagarria izateaz gain, kulturalki eta politikoki balio handiko keinua da. Mugimendu batek anonimotasunean, kolektiboan, aurkitzen du indarra, edo ez da mugimendua izango. Gutxi batzuei esker, guztiok gara Eako Poesia Egunak».

Antolatzaileen zaintza

Lantaldea eredugarria izan dela dio Meabek, eta antolatzaileen konpromisoa eta eskuzabaltasuna izan ditu ahotan. «Gurpila martxan ikustea gauza bat da, eta beste bat gurpilari koipea nork eta nola ematen dion bereiztea. Bakoitzak bere eran lagundu du: otorduekin, soinuarekin... ni neu ere harro sentitzen naiz egitasmo horretan nire alea jartzeko aukera izan dudalako». Urte osoan antolaketan jardun direnengan jarri du arreta. «Zale eta zoro izan behar da hamabost urtez aurrera egiteko. Asun Landaren mila eta bat koaderno enkantera atera beharko lirateke».

Zaintzaileak zainduak izan ote diren; horra Retolazak jaurti duen galdera. «Laguntzaile asko izan dituzte, baina urte osoko lanean hiruzpalau emakume aritu dira». Autokritika egin beharra ere azpimarratu du. «Halako ekitaldi bat hiru edo lau lagunen esku uztea, borondatezko lana izanik, bideragarria edo jasangarria den gogoetatu behar dugu. Erakundeek ere penaz hartu dute, baina lehen gauza da baliabideen aldetik bestelako tratu bat eman beharko luketela erakundeek, borondatezko lana egiten ari denean, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.