Zaintzaren eta lanaren beltzak

Iñaki Irasizabalen 'Otsoa etorriko da' nobela eman du Elkarrek. Andre bilbotar bat du ardatz

Iñaki Irasizabal idazlea, atzo, Otsoa etorriko da liburua eskuetan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
«Nik uste dut hau nobela beltza dela. Baina ez da tipikoa, genero literatura niretzat bide estuegia baita». Horrela aurkeztu du Iñaki Irasizabal idazleak bere azken nobela, Otsoa etorriko da.Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak esan du ez direla ohikoak lan mundua ardatz duten nobela beltzak. Bilbon bizi den 28 urteko emakume bat da protagonista; seme baten kargu da, eta haren neba desagertua hilketa baten egilea dela uste du Poliziak. Hori gutxi ez, eta haren ugazabaren jazarpenari ere aurre egin behar dio lantokian. Irasizabalek aitortu du baduela beltzetik, printza bat bada ere: «Ahalegintzen naiz beti mugan idazten, generoen mugan idazten. Mugako nobela bat da hau». Izan ere, delituen inguruan hitz egiten du, eta gizartearekiko begirada kritikoa ere badu.

Protagonistak Maider izena du, eta txikia zenetik«oso bizitza latza» izan duela azaldu dute bai idazleak, bai editoreak. Irasizabal: «Bizitza gogorra izan du, eta ohituta dago erabakiak hartzera; besteek hartzen ez dituztenez, berak hartzen ditu». Maiderrekbakarrik hazi behar du bere haurra, eta tailer bateko langilea ere bada. Hala, nobelan bere lantokiko lan harremanak nolakoak diren ere agertzen da. Mendiguren:«Argi dago hau idazten duenak ezagun dituela makineria motak eta bertako giroa».

Zaintza da nobelak duen beste zehar lerroetako bat, Irasizabalek kontatu duenez: «Inork agindu ez dion arren, ingurukoen zaintza bere gain hartu du, eta horrek, sarritan, estualdian jarri eta erabakiak hartzera behartzen du».

Harremanen garrantzia

Mendigurenek oroitu du nola orain dela hamabost urte euskal literaturan ideia bat egon zen zenbaiten ahotan: «Batzuek salatzen zuten kontatzen ziren istorio gehienak familia artekoak zirela, edo pertsonen arteko harreman sentimentalen ingurukoak. Eta, aldiz, oso gutxi agertzen zirela laneko gorabeherak, eremu profesionaleko harremanak edo klase borroka. Istorioak oso intimoak zirela, eta ez kolektiboak. Eta hori esaten zuenak salatu nahi zuen idazleak oso burgesak garela edo burgesiaren ideologiak janda gaudela».

Gero, zehaztu du teoria horrek ez duela balio Irasizabalentzat. Harentzat istorio pertsonalak baitira «interesanteenak»: lan harremanetan sentimenduak egon daitezkeen arren, askoz sentimendu «bariatuagoak eta indartsuagoak» sortzen dira kontakizun interpertsonaletan, editorearen iritziz. Halakoak dira Irasizabalen liburuak: bikote istorioak, neba-arreben artekoak, gurasoen eta seme-alaben istorioak. «Eta hor agertzen dira gorrotoa, maitasuna, inbidia, eta era guztietako pasio eta patologiak. Baina, aldi berean, Iñakiren mundua lan mundua da, eta pertsonaia horiek lan egiten dute, eta haien lantokiak agertu egiten dira liburuetan. Iñaki fabrikako tailerreko langilea denez, inork ez bezala ezagutzen ditu».

Nobela «nahiko primarioa» dela iruditzen zaio idazleari: «Neska honek nahi duena da duintasunez biziraun. Ez da hainbeste hobeto bizitzea». Liburua «eszena ankerrei samurrak gehituta» osatu du idazleak: «Latzak edo gogorrak gehiago izaten dira, baina, saiatzen naiz nire lanetan beti leunagoak ere sartzen». Tituluak duen ipuin kutsua nabarmendu du Mendigurenek: «Ipuinetako esaldia da; mehatxu bat airean jartzen du, beldur bat. Ez dakizu oso ondo zer gertatuko den, baina hor dago mehatxua, eta liburu honetan Maiderren gainean egongo da». Azala Higinia Garaik egin du, eta bertan ikusdaiteke emakume baten irudia, gainean otso bat duela, hiru gizonen aurpegiez osatua. «Oso ondo sinbolizatzen du nobelaren mamia».

Maider gaztea izateari ere garrantzia eman dio egileak: «Batez ere, erabakiak hartzeko orduan nabarituko da hori. Kontuan hartzekoa da haren adina, zer erabaki hartzen dituen ulertzeko». Idazleak nabarmendu du Bilbo dela nobelako bigarren pertsonaia, batez ere Bilboko auzoak: «Periferiako auzoek garrantzia izango dute kontakizunean».

Maiderren izaerari buruz, idazleak azaldu du maitasunak mugituko duen emakume bat dela: «Nik uste dut maite dituenak asko maite dituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.