Euskal kulturari beste plaza bat emateko helburuarekin sortu zuen Galdakaoko Udalak (Bizkaia) Sormene jaialdia 2020an, eta, oztopoak oztopo —pandemia bete-betean egin behar izan du aurrera—, gaur hasi eta igandera bitartean laugarren ekitaldia egingo du. Aurrekoetan bezala, euskal kultura eta haren transmisioa izango ditu ardatz jaialdiak, kulturzaleak sortzea izan baita Sormeneren xedea hasieratik, eta aurten beste oinarri bat ere gehituko diote proiektuari: zaintza. Gotzon Barandiaran jaialdiaren zuzendari artistikoak aurkezpenean azaldu zuenez, «transmisioari, sorkuntzari eta amatasunari erabat lotuta» dago zaintza. «Zaindu euskara bizi dadin. Zaindu gure sortzaileak, euskarazko kulturgintzak iraun dezan».
Helburu horrekin, diziplina artistiko ugari biltzen dituen programazioa osatu dute datozen lau egunetarako. Hasteko, gaur goizean, ikasleentzako bideo tailerra emango du Josi Sierrak, Bideo Sormene, eta arratsaldeko zazpietan, berriz, Bapateko Sormene deituriko ekitaldia egingo dute Torrezabal kultur etxean. Bertan, Galdakaoko kultur sortzaileak ariko dira, eta, izenburuak adierazten duen moduan, bat-batean sortutako ikuskizun bat egingodute.
Bihar, Karmele Gorroñok Horma irudi ibiltaria ikasleentzako tailerra emango du goizean, eta Atx Teatroa antzerki konpainiak Oihana antzezlana taularatu du arratsaldean.
Larunbatean pilatu ditu Sormenek jaialdiko emanaldi gehienak. Dantzaren Nazioarteko Eguna izanik, kultur diziplina horren bi adierazpen izango dira egun horretan. Arratsaldeko seietan, Divenire dantza eskolakoek emanaldia egingo dute Urretan, eta 21:30ean, berriz, Bertikala eta zorua bertikalean ikuskizuna estreinatuko dute Taupada dantza eskolako kideek eta Zinbulu kolektiboak, Torrezabaleko horma batean.
Dantzaz gain ere izango dira ekitaldiak larunbatean. Akeer taldeak kontzertua emango du Iturrondon (19:15); bertso saioa izango da, balkoitik balkoira, Someran, Josune Aramendi eta Paula Amilbururekin (20:00); eta emakume rap kantariak ariko dira Santi Brouard plazan: Fani, Herbas & M Arta eta La Basu (20:45).
Igandean, azkenik, Bideo Sormene rallyan sortutako film laburrak emango dituzte.
Zaintza ardatz duela hasiko da gaur Sormene jaialdia, Galdakaon
Igandera bitartean, dantza, musika, antzerkia eta bestelako diziplinak bilduko ditu topaketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu