Zaindari, gaueko bakardadean

Julen Belamunok bere lehen nobela plazaratu du, 'Gaueko zaintzailea'.Pertsonaia bakarra da narrazioaren ardatza, eta haren gogoeta eta oroitzapenekin eraiki du istorioa idazleak

Julen Belamuno, bere lan berria eskuetan duela, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ez abentura handirik, ez aktore askorik. Pertsonaia bat —testuinguru bakar batean eta denbora tarte labur batean— eta haren barne gogoetak nahikoa izan ditu Julen Belamunok (Azpeitia, 1959) bere lehen eleberria eraikitzeko. Gauez lantegi batean zaindari lanak egiten dituen gizon baten azken lan eguna kontatu du Gaueko zaintzailea liburuan, eta Elkarrekin eman du argitara. Lanbide baten nahiz bizitza baten «gainbehera» islatzen ditu istorioak.

1989ko maiatzeko gau batean kokatu du kontakizuna idazleak. 60 urteen bueltan dabilen gizon bat da protagonista, ia bizi osoan aluminio lantegi batean zaintzaile lanetan jardun duena. Beti gauez eta gaueko bakardadean. Enpresari gazte batzuek hartu dute lantokiaren gidaritza azken boladan, eta, segurtasun sistema berria ezarriko dutela-eta, kalean geratuko da. Azken gaua du fabrikan. «Garai hartarako, lanbide hori desagertzen hasita zegoen, eta hau zen azken ordezkaria, azken hondarra bere industrialdean».

Lanean ariko den azken gau hori hartzen du istorioak. «Pentsatuko duzue: 'Zer egiten du pertsona batek bakarrik, beste inorekin harremanik ez duela, gau horretan?' Bada, hori kontatzen da. Baina garrantzi handiena ez du pertsona horrek egiten edo esaten duenak, ez baitu ia inorekin hitz egiten; haren barne mundua da gehienbat, eta bizitza osoko oroitzapenak». Horien artean, maiz agertzen zaio aitarena, hura bezala, lantokiko zaindaria izan zena.

Pertsonaia bera da, hortaz, istorioaren ardatza. Izenik ez dio jarri idazleak; gizon «nahiko berezia» dela azaldu du, eta haren izaerak «tonu ilun bat» ematen diola istorioari. «Muturreko kasu bat da; bakarzalea baino gehiago, bakarturik bizi den pertsona bat da, munduaren eta bizitzaren korrontetik aparte, bere baitan bilduta». Lagunik ez du, familiarik gabe geratu da, besteekin apenas duen harremanik. Lana du bizitzaren ardatza: «Sakrifizio espiritu handiko pertsona da; gainetik duen baten zerbitzuan dago beti, eta hori lantegia da, lantegiaren ordena eta bakea zaintzea. Hori da haren bizitzaren zentzua, eta xede horren menpe bizi den pertsona bat da». Ordenarekin, errutinekin obsesiboa ere bada. «Ordena, gauzen erregulartasuna maite du. Bi ordutik behin egiten du ikustaldi bat; dena dago erregulatua». Badu zaletasun bat: izarrei behatzea, «ordenaren beste irudi bat», Belamunoren hitzetan. «Hori maite du, edo horri heltzen dio. Ordenaren morroi bat da, beharbada munduari edo bizitzari beldurra diolako, bera aparte geratu delako eta horretan babesten delako». Hala, pertsonekin baino harreman hobea du gauzekin, tokiekin edo makinekin, «erregularrak direlako, ez diotelako ezustekorik ematen».

Horregatik, bere gogoetetan pisu handia izango du lantoki alboko gasolindegian ezagutu zuen neska hark; «Bere ordena hankaz gora jarri zuen». Alde horretatik, «sorpresaren bat» ere ematen du istorioak, idazleak esan duenez.

Narrazio luzean ere eroso

Gaur urtebete plazaratu zuen lehen liburua Belamunok, Ukabilak eta loreak ipuin bilduma. Narrazio laburrak izan ziren aurrekoak, eta formatu luzeagoan ere eroso aritu dela esan du idazleak. «2002an hartu nuen liburu honetarako lehen oharra, eta ez da segidan idatzitakoa izan. Oharrak hartzen hasi nintzen, pertsonaia taxutzen, egoera batzuei buruzko testuak idazten, gero neskaren istorioa sortu zitzaidan...». Istorioak halako dimentsiorik hartuko zuenik ez zuela espero azaldu du.

Liburuak «ezer gutxi kontatzen du, eta, hala ere, asko kontatzen du», Xabier Mendigurenen ustez. Pertsonaia bakarrarekin ere, idazleak nobelari amaieraraino «pultsu onez» eustea lortu duela nabarmendu du editoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.