MIRA

Zain

PARIS (FRANTZIA), 2020-09-01.- Gizon bat, maskara soinean, Arch of La Defense paretik doa oinez, Paris kanpoaldeko negozio distrituan. Ikasturtearen hasierarako eta lanera bueltatzeko astea da hau, udako oporren ondoren. COVID-19aren agerpen berrien ondorioz, osasun protokolo zorrotzak indartu dituzte kalean, eskoletan eta lantokietan —Parisen bereziki—, eta maskararen erabilpena derrigorrezkoa egin. IAN LANGSDON / EFE.
Aintzane Usandizaga.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zenbat modu ezagutzen dituzu aiduru egoteko?

Batzuek lekuan zain geratzea hautatzen dute, erroak lur azpitik harago iltzatuz, ezin geldiago.

Beste hainbatek «zerbait» egiten du bitartean, etengabe, espero duen horixe despistatu nahi balu bezala... edo bere burua. Hala eraikitzen omen da egonarria.

Badira nazkatu arte errepikatu dizkiguten pazientziaren bertuteei muzin egin eta gainetik hegan pasatzen direnak ere, lauso eta ero, ohartu gabe igurikatzen zuten horretan baino gehiago gurarian bertan zegoela irrika guztia.

Aiduru egoteak badu etsigarritik. Desesperantza guztiok sufritu dugu inoiz. Zer esanik ez zeren itxaroan zauden ez dakizunean.

Ez al duzu sekula dei mamu bat espero izan, esaldi bat zure bizitza astinduko duena? Zenbat aldiz egon zara ikasturte, kanpai-hots, albiste, elkarrizketa, furgoneta horren itxaroan bide berriak urratzeko giltza izango delakoan?

Oporren igurika bizi dira gure egutegiak ere, beharrean hasterako falta diren egunak zirrimarratuz. Zertarako lan egiten dugun ez ahazteko. Hiruzpalau asteko opor biribilei urte osoko egunerokoari zentzua eman diezaioten exijituz.

Dorreetan hasperenezko esperoetan lokartzen ohitu gara, mundu kitzikagarri batera noiz, zerk, nork eramango. Barneko hutsa bikainki beteko digun zera berezi horren aiduru... Eta zigarroak pizten ikasi genuen, tragoei eskuetan tinko eusten zain geundela nabaritu ez zedin. Telefonoak etorri ziren gero, guztiok itxarote kamutsetan bizi ginela agerian uztearekin batera disimulatze orokorra egonkortu zutenak. Zain egoteko, izateko trikimailuak irakatsi dizkigute... baina helduleku gutxi esperoen espiraletan erori gabe bizitzen asmatzeko.

Guztiok gaude udazken honek ekarriko digunaren zain. Eta nago etsai komunaren funtzioa betetzen ez ote duen itxarote masiboak ere... are gehiago espero beharrekoari usainik hartzen ez diogunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.