Jokin Telleria. Kultura Alternatiboa plataformako kidea

«Zaila da plaza hartzeko prozesua, erresistentzia handia baitago»

Ikusgarritasuna eta tokia aurkitu ezinda, halaxe sumatzen zuten kultura. Horregatik sortu zuten KA Kultura Alternatiboa plataforma; eztabaidarako gune irekia antolatu dute gaurko, Donostian.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Jaialdi eta egitasmo asko daude Euskal Herrian, baina badirudi kultura eta artea instituzioenak edo kultur industriarenak direla, eta hori ez da horrela. Denok gara joko honetako parte». Planteamendu horrekin jarri du hitzordua KA plataformak gaurko, Donostiako Dokan, 10:00etan. Kultura eta artea Euskal Herrian gaiaz eztabaidatzeko. Bertako kidea da Jokin Telleria hasieratik.

Zer espero duzue gune irekitik?

Kolektiboki hausnartzea, proposamenak, gogoetak zein kritikak jasotzeko.

Ez duzue lehen aldia halako deialdia egiten.

Ez, 2012an egin genuen lehendabizikoa; eta 2014an bigarrena. Hala sortu zen gure plataforma. Ordutik, 18-19 topaketa egin ditugu. Hirugarren gune irekia egitea pentsatu dugu, plaza erabat irekitzeko. Bide batez, KA ezagutarazten da, baina KAz haratago doa hirugarren gune ireki hau. Horregatik, erakundeak, gaztetxeak eta abar ere gonbidatu ditugu.

2015eko azaroan agerraldia egin zenuten. Han ezagutarazi zenituzten plataformaren asmo eta proiektuak. Zertan dira?

Webgunea sarean da, eta lantaldeak sortuta daude. Fanzinea ere abian jarri genuen, baina ez du jarraitzen. Gurea bezalako proiektu batean, ez da erraza proiektu guztiei eustea; oso likidoa baita. Eta etengabeko eraldaketa prozesuan dago. Filosofia oso garbia da: oinarrizko kultura, kultura alternatiboa sustatzea. Ikusgarritasuna, proiektu berriak, foroak eta kolaborazioa sustatu... bakoitzak ahal eta nahi duen eran egiten du.

Herri kulturatik oinarrizko kulturara zein alde dago?

Guretzat, oinarrizko kultura kulturarik ugariena da, konplexuena. Kultura profesionala, ez profesionala, semi-profesionala, herrikoia biltzen ditu. Hori ere eztabaidarako gai bat da. Guk ikusten genuen kulturaren gehiengoa dela eta oso atomizatuta gaudela. Ikusi genuen gure artean elkartzeko, proposamenak, aldarrikapenak eta kritikak egiteko lanabes sozial bat edukitzeak on egingo ligukeela. Gero, esperientziak erakutsi digu oso malgua behar duela izan proiektuak.

Merkatu eta erakunde handietatik kanpo dagoen hori guztia da oinarrizko kultura, ikusgarritasun gabezia eta zailtasun handiak dituen hori guztia.

Atomizazioa aipatu duzu. Prekarizazioa ere hor dago.

Bai. Askok kontrakoa uste du, baina oinarrizko kulturan ez daude amateurrak bakarrik. Oinarrizko kulturan, jende ugari profesionala da, horretaz bizi da gabezia askorekin. Gure plataforma horren erantzun bat ere bada.

2015ean, 200 kide zituen KAk. Hazi al da batere ordutik hona?

Bai. 350 inguru gaude orain bertan izena emanda. Artistak, herritarrak, eragileak. Kopuruz, behintzat, hazten ari gara.

Ikusgarritasuna eskaintzeko eta plaza hartzeko helburuak zenbateraino bete dituzue?

Prozesu hori oso zaila da, erresistentzia handia baitago bai kanpoan eta bai barruan. Ez gaude hezita —ezta neu ere— hain egitasmo irekiak gauzatzeko. Bakoitza geure lana egitera eta aldamenekoarekin lehiatzera ohituagoak gaude, neurri batean, eta zail egiten da. Horiek horrela, gure prozesua aberasgarria ere bada, aldi berean. Atzera begiratzen duzu, eta 250 bat egitasmo antolatu ditugu, jende mordoak eman du izena, topaketak sustatu ditugu... Filosofia horri eutsi behar diogu, prozesua zaila dela jakinda. Pitzadurak bilatu behar ditugu kultur sisteman, eta horretarako ez dugu egitura administratiborik. Hala erabaki dugu. KA gu geu gara.

Zer nabarmenduko zenuke kanpotik jasotako erantzunaz?

Beste artistek ondo hartu gaituzte. Erakundeen aldetik, denetarik egon da. Eduki ditugu tentsioak; harrera ona ere bai. Bi urteotan geure burua ezagutarazi dugu.

Hasieran, Donostia ingurua hartzen zenuten. 2015 amaieran, eremua zabaltzeko asmoa zenuten. Lortu al duzue?

Oraingoz, Donostialdean ari gara garatzen, gauza batzuk egin ditugun arren kanpoan ere, Gipuzkoan bertan eta Araban eta Bizkaian.

Lehen gune irekia egin zenuteneko 2012tik 2017 honetara bitarteko epean, Donostia 2016 proiektua garatu da. Hiriburutzak eragin al dizue zuei ere?

Nahi eta nahi ez, hiriburutzak izan du eragina. Gutako batzuentzat, gehiago; besteentzat, gutxiago. KA bezala, proposamen batzuk egin ditugu Donostia 2016rekin. Energia Olatuen proiektu bat egin genuen, eta 20.000 euro eman zizkiguten 100 egitasmo artistiko egiteko. Stop War festibalean ere parte hartu genuen, festibala sozializatzen, bertako artistekin-eta eguneko egitaraua egiten. KAren barruan, agian, bada jende bat ez duena ondo ikusten Donostia 2016rekin kolaboratzea, baina hor dago gure plataformaren berezitasuna: oso jende eta iritzi desberdinak gaude; nahi dugunean parte hartzen dugu; eta elkar errespetatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.