Zahartzeak dakartzan gerrak

Zahar etxean harrapatuta sentitzen diren II. Mundu Gerrako hiru gerlari ohiri buruzko komedia samurra estreinatuko dute gaur Bilboko Arriaga antzokian Agirrek, Urangak eta Soroizek: 'Heroiak'

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Barreak ere baditu bere ñabardurak. Ramon Agirre aktorearen hitzetan, adibidez, algaratik baino gertuago dago irribarretik Txalo Produkzioek gaur Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duen Heroiak antzezlana. «Zahartzaroari eta zaharren arteko ika-mikei begirada maitekor bat eskaintzen dien komedia bat da. Ez da komedia bat barrez lehertzekoa, irribarrez ikusteko komedia bat da, komedia samur bat». II. Mundu Gerrako beteranoentzako egoitza batean bizi diren hiru gerlari ohi dira protagonistak: Rene herrena da (Kandido Uranga), Gustavek agorafobia du (Agirre), eta Fernandek zorabioak izaten ditu, buruan duen metraila puska baten eraginez (Jose Ramon Soroiz). Bizitzaren joanari begira dauden hiru xahar. Gerald Sibleyras antzerkigile frantziarrarena da jatorrizko bertsioa —Le vent des peupliers-, eta euskaraz eskainiko dute orain. Agirrek egin du itzulpena eta Begoña Bilbao Lejarzegi aritu da zuzendari lanetan.

Ibilbide kontrastatua du aurrez ere antzezlanak. Lau alorretan izan zen Moliere saria jasotzeko hautagai Sybleyrasen jatorrizko bertsioa, eta, ondoren, Tom Stoppard antzerkigileak Laurence Olivier saria jaso zuen 2006an egindako ingelesezko moldaketarekin. Eta bi bertsioak izan dituzte kontuan euskarazkoa sortzeko orain. Bilbao: «Jatorrizko testua izan dugu erreferentzia nagusia, baina mozketa txiki batzuk ere egin ditugu han eta hemen».

Egoste geldoko komedia baten moduko zerbait dela dio Begoña Bilbao Lejarzegi zuzendariak. «Badaude endredo komediak eta aurkakoetan oinarritutako komediak: hau aurkakoetan oinarritutako komedia bat da». Kontakizunak ez du trama bat jarraitzen, eta hiru pertsonaia nagusiak dira antzezlanaren ardatza. Eta hor sortzen dira aurkakotasunak, Bilbaok dioenez, oso pertsonaia ezberdinak direlako. «Pertsonaia bakoitzak du bere harrikada». Eta ez dira soilik zuzendariaren hitzak. Agirrek ere kasik hitzez hitz errepikatu du esaldia bere azalpenean. «Bere harrikada partikularra du bakoitzak. Harrikada edo pitzadura edo...». Eta harrikada eta pitzadura horien ondorioz sortzen da publikoaren irribarrea. «Umorea badago, noski, eta baditu une poetiko batzuk eta une absurdo batzuk ere».

Aktoreen lana oinarri

Gune bakar batean gertatzen da dena, eta hiru pertsonaia baino ez daude oholtzan. Pertsonaien lanketa izan da, horregatik, erronka, Bilbaok dioenez. «Aktoreen lana dago piezaren oinarri-oinarrian». Eta pozik zuzendaria Agirrek, Urangak eta Soroizek egindako lanarekin. «Denboraz eta patxadaz aritu gara, eta horrek eman digu aukera pertsonaiei buruz luze eztabaidatu ahal izateko. Ibilbide luzea dute hiru aktoreek eta intuizio handikoak dira».

Zuzendariaren hitzetan, sakontasun handikoa da pertsonaia bakoitza, baina oinarri-oinarrian hiru pailazoz osatutako pieza klasikoa ikusten du berak guztiaren azpian: pailazo argia, pailazo bihurria eta pailazo ergela. Hori hezurra, baina aberatsa da pertsonaia bakoitzaren jantzia gero, Bilbaoren ustez. «Sakon landuta dago pertsonaia bakoitza». Eta sakontasun horixe bera izan da aktoreen eta zuzendariaren arteko elkarrizketa luzeen motiboa.

Ihesaren ametsa dute pizgarri hiru zaharrek, Agirrek azaltzen duenez. «Ez dago akzio handirik, eta halako bira-bira edo zaldiko-maldiko batean bezala bizi dira pertsonaiak zaharren egoitza horretan. Heriotzaren zain daude. Eta halako batean bururatzen zaie ihes egitea, eta oso modu infantil eta inozoan pertsonaia batek proposatzen du Indotxinara joatea. Handik atera eta heriotzari ihes egiteko modu bat da haientzat». Nekeza dute Indotxinarainoko bidea, ordea, eta egoitza aurreko zuhaiztira joateari buruz hasten dira orduan. Eta horra ere nekez, ihesaldia gehiago baita poetikoa erreala baino. «Zuhaiztian haizea ikusten dute arbolak inarrosten, eta kexu dira haien egoitzan haiek ez dutela putzik ere sentitzen».

Agirrek berak euskaratu du testua, eta aktoreentzako eta ikusleentzako gauzak «goxo-goxo» uzten saiatu dela dio. «Bentaja hori badaukat: urte asko daramatzat aktore lanetan, eta itzultzerakoan, buruan dut testua nola esan daitekeen eta nola entzungo den». Jatorrizko testua «jolastia» dela dio Agirrek. «Ondo eginda dago, ondo idatzita dago eta elkarrizketak politak dira». Antzezlanaren samurtasuna ere nabarmendu du, gainera. «Zaharrek ematenduten samurtasun hori erakusten du piezak. Ez da ezer pasatzen, baina samurtasun hori du».

Publikoaren erantzuna ezagutzeko gogoz dagoela dio Bilbaok. Urnietan (Gipuzkoa) egin zuten jendaurreko emanaldi bat, eta jendeak gustura ikusi zuela esan du zuzendariak. «Ez da barre karkailak egiteko komedia bat, baina oso erraz ikusten da. Pertsonaiak oso dibertigarriak eta oso hunkigarriak dira». Bira antolatu dute gaurko estreinaldiaren ostean. Eta pozik horrekin Agirre ere: «Ez dira ohikoak halakoak, eta eskertzen dira».

EMANALDIAK

Bilbo. Gaur, Arriaga antzokian.

Zaldibia. Ostiralean, antzokian.

Astigarraga. Larunbatean, kultur etxean.

Villabona. Igandean, Gure antzokian.

Tolosa. Hilaren 29an, Leidor zineman.

Donostia. Hilaren 30ean eta 31n, Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.