Zahartzaroari buruzko gogoeta

Mari Luz Estebanekin batera, Metrokoadroka kolektiboak 'Andrezaharraren manifestua' liburuaren irakurraldia moldatu du performance eran. Poesia, antzerkia, musika, pintura eta dantza: diziplina ugariko emanaldia da

Performancearen entsegu bat. METROKOADROKA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari, ZA-HA-RRA. Hitz hori letreiatzen dut astiro. Haren loditasuna dastatzen dut, haren sonoritatea. Hemen naiz. Begira nazazu». Hala dio Mari Luz Estebanek Andrezaharraren manifestua poema bilduman, eta liburu hau hartu dute oinarritzat izen bereko emanaldia egiteko. «Ez da ohiko antzerki narratibo bat», ohartarazi du Idoia Beratarbide aktoreak. Harekin batera,Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Jurdana Otxoa Metrokoadroka kolektiboko kideak igoko dira oholtzara. Baita Mari Luz Esteban ere, liburuaren egilea.

Estebanen hitzetan, diziplina nagusi biren arteko uztarketa da emanaldia: «Irakurketa eta antzerkia tartekatzen dira: liburuko zati batzuk irakurtzen ditut, eta aktoreek eszena batzuk interpretatzen dituzte irakurketaren erdian». Horrez gainera, musikaz, pinturaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da. Irakurraldia performance gisa aurkeztu dute, eta, modu umoretsu eta aldarrikatzailean, zahartzaroaren inguruan gogoeta egitera bultzatu nahi dituzte ikusleak. «Garrantzitsua da ikustea lehenago edo geroago denok igaroko garela etapa horretatik», azaldu du Beratarbidek; «eta ikusleak horren inguruan hausnartu dezan nahi dugu».

Eako (Bizkaia) HEA kultur elkarteko Asun Landaren dei baten ondorioz sortu zen ideia. «Asunek liburua gustatu zitzaiola esan zidan, eta horrekin zerbait egin beharra zegoela», kontatu du idazleak. Asmo horretatik tiraka eta Metrokoadroka kolektiboarekin elkarlanean, lanean hasi ziren. Abenduan Ean urtero egiten den Hatxea galdu zuen erria kultur topaketan estreinatzeko aukera izan zuten: «Opari bat izan zen, baina, aldi berean, sekulako erronka».

Bost emakume, bost gorputz, andrezaharra deituriko figuraren bueltan arituko dira antzezlanean. «Subjektu anizkoitza da andrezaharra; adineko emakume askoren ezaugarriak biltzen ditu», adierazi du Estebanek. Eta, horrekin batera, bizitza, generoa, sexualitatea, gorputza, zaintza, aktibismoa edota heriotza izango dira emanaldian jorratuko dituzten gaietako batzuk.

Esperientzia aberasgarria

Estebanek duela bi urte kaleratu zuen poema liburua, Pamiela argitaletxearekin. Kezka pertsonal batetik abiatu zuen idazketa prozesua, baina kezka sozial eta politiko batetik abiatuz hitz egiten du idazleak zahartzaroaz eta zahartze prozesuaz. Hiru atal ditu liburuak. Aurrenekoan, idazlea bere bizitzan egondako emakume heldu eta zaharrez mintzo da; bigarrenean, zahartzaroaz hausnartzen du; eta, azkenik, hirugarrenean, manifestu bat dator, «aldarri bat». Zehazki, hirugarren atal horretan kokatzen da antzezlana: «Edukia egokitu egin behar izan dugu, baina hori da, azken finean, antzezlanaren oinarria».

Idazlearen ustez, «prozesu aberasgarria» izan da azken hilabeteetan bizitakoa. Lehenengo aldiz parte hartu du halako proiektu batean, eta «erronka handia» izan dela nabarmendu du: «Esperimentazioaren aldetik, oso interesgarria izan da; asko gozatu dut, eta pozik eta eskertuta nago». Liburua abiapuntutzat hartu eta gidoia idaztea izan zen hasierako urratsa, eta hortik etorri da gainerako «antolaketa osoa».

Beratarbidek azpimarratu du«esperientzia ikaragarria» izan dela aktoreentzat ere: «Mari Luz aurretik ezagutzen ez bagenuen ere, bost emakumeok ondo moldatu gara oholtza gainean, eta oso gustura gaude emaitzarekin». Etengabeko kolaborazioa izan dutela nabarmendu du aktoreak: «Horrek asko erraztu du egin beharreko bidea».

Hurrengo emanaldiak asteazkenean eta ostiralean izango dira, Iruñean eta Oiartzunen (Gipuzkoa) hurrenez hurren.

«Aukera sortzen den neurrian» beste emanaldi batzuk eskaintzeko asmoa dute. «Daukan formatua ikusita, kontziente gara zirkuitua ez dela asko luzatuko, baina gogotsu gaude», azaldu du Beratarbidek.

Publikoaren aldetik jasotako erantzunarekin pozik dago Esteban: «Badirudi liburua beste formatu batean aurkeztea interesgarria iruditu zaiola publikoari». Aste honetako emanaldien ondoren, udazkenera arte itxaron beharko da antzezlanaz berriz gozatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.