Zahartzaroari aurpegira begiratzeko ikuskizuna

'El baile de los años' obrak hainbat belaunalditako pertsonak elkartuko ditu. Martxoaren 2an erakutsiko dute jendaurrean, Barañainen

El baile de los años ikuskizuna aurkeztu zuten, atzo, Barañainen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
El baile de los años lana artearen bitartez gizartea eraldatzea helburu duen dantza ikuskizuna da. Ados antzerki taldearen Giza Eskubideak Oholtzara proiektuaren barruan sortu dute, eta La Caixa banketxearen Art for Change egitasmoan aukeratu duten hemezortzi lanetako bat da. Atzo aurkeztu zuten proiektua, eta martxoaren 2an eramango dute jendaurrera, Barañaingo auditoriumean (Nafarroa).

Jose Antonio Vitoria Ados antzerki taldeko kideak azaldu duenez, 2016an taldean erabaki zuten, antzerkiaz gain, arlo soziala ere lantzea. Bazterketa arriskuan dauden gizarte taldeak arte eszenikoekin harremanetan jartzea otu zitzaien, elkarlanaren bitartez, berdintasuna bultzatzeko. Lehenengo saioan lanerako eskubidearen inguruko antzezlan bat sortu zuten, langabezian zeuden atzerritarrekin. Oraingoan, berriz, dantza ikuskizun bat prestatu dute, adineko pertsonekin. «Uste dugu gizarteak pertsona helduak bazter batean uztera jotzen duela; horregatik, adin guztietako jendea elkartu nahi izan dugu, hausnarketa bultzatzeko», adierazi du Vitoriak.

El baile de los años lana La Caixako Gizarte Ekintzaren Art for Change egitasmoak hautatu dituen hemezortzi lanetako bat dela azaldu du Oscar Insausti La Caixako kideak: «Sormen artistikoa eta gizarte eraldaketa uztartzen dituzten proiektuak babesten ditugu, eta lan honek hori egiten du». 2017ko deialdian, 224 proposamen aurkeztu zituzten, eta aukeratutakoen artean dago Ados taldearena. Gainera, diru laguntzarik handiena jasoko du: 25.000 euro.

Vitoria da ikuskizunaren produktorea; Garbi Losada eszena zuzendaria da; eta Becky Siegel, berriz, koreografoa. Vitoriak azaldu duenez, ikuskizuna prestatzen hasteko, partaideei hitza eman nahi izan zieten: guztiak elkarrizketatu zituzten. Solasaldi horietako irudiekin eta entseguetan eta emanaldian grabatutakoekin, dokumental bat sortuko dute.

Bestalde, dantza prestatzeko, Siegelek «koreografia finkoa eta egituratutako inprobisazioa» nahastu ditu. «Oinarri sendo eta finko bat egin nahi izan dut, partaideek nahierara dantzatzeko aukera izan dezaten», azaldu du. Entseguak egiteko zailtasunak izan dituztela esan du koreografoak, dantzariak oso adin ezberdinetakoak izanik ordutegiak adostea konplexua izan baita.

Siegelen hitzetan, hainbat belaunalditako pertsonekin lan egitea «sekulako gozamena» izan da. «Asko aberastu gaitu, batzuk besteongandik ikasi dugulako». Halaber, obra «tabuak, beldurrak eta estigmak» kentzeko baliagarria izango dela uste du, ikusleari gogoraraziko diolako pertsona guztiak helduko direla zahartzarora. «Bizitzaren aro guztiak zabaltzen dira agertokian, eta aurpegira begiratzen diote elkarri».

Prozesu luze baten emaitza

Sortze prozesua emaitza bera bezain garrantzitsua izan dela esan dute antolatzaileek. «Bidea oso aberasgarria izan da, eta jende asko mobilizatu du», adierazi du Vitoriak. Emaitza martxoaren 2an eramango dute jendaurrera, 20:00etan, Barañaingo auditoriumean. Ondoren, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.