Egungo literatura anglosaxoian erreferenterik preziatuenetako bat da Zadie Smith (Londres, 1975). New Yorken bizi da egun, eta idazketa sortzailea irakasten du unibertsitatean. Smithek 22 urte baino ez zituen White Teeth (2000) eleberria idatzi, eta munduan barrena ezagun egin zenean. Saiakerak, eleberriak eta narrazio laburragoak idatzi ditu geroztik; Kanbodiako enbaxada (Igela) eleberri laburra da euskarara ekarri den lehena. Garazi Ugaldek itzuli du (Lezo, Gipuzkoa, 1988), eta Inazio Mujikak egin ditu editore lanak.
Kanbodiako enbaxada harribitxi bat dela azpimarratu du Mujikak: «Zadie Smithen obran barneratzeko atari moduko bat da; laburra da, baina idazlearen ezaugarri guztiak kontzentratzen ditu bertan».
Ezaugarri horietariko bat hizkuntz zorroztasuna da. Idazkera zehatz eta trinkoa du; ezer ez dago alferrik. Hain zuzen, erregistro hori euskaraz jasotzea izan du erronka Garazi Ugalde itzultzaileak: «Esaldi laburrak, tonu aski informala, joskera sinplea darabil itxuraz; errepikapenera jotzen du asko, eta nahiko jostaria da, baina sinpletasun horrek geruza ugari batzen ditu».
«Esaldi laburrak, tonu aski informala, joskera sinplea darabil itxuraz; errepikapenera jotzen du asko, eta nahiko jostaria da, baina sinpletasun horrek geruza ugari batzen ditu».
GARAZI UGALDEItzultzailea
Aldiriak inspirazio iturri
Kanbodiako enbaxada Londresko ipar-mendebaldeko aldirietan girotuta dago nagusiki. Esanahi berezia du egilearentzat, hantxe bertan kokatu baitzuen bere lehen bestseller-a, White Teeth, baita gerora idatzitako beste eleberri bat ere: Northwest London (2012). Izan ere, auzo hori, sorlekua ez ezik, iturri literario oparoa ere bada Smithentzat. Bere obra osoan barrena jorratutako gaietarik garrantzitsuenak, hala nola kultur aniztasuna, klase sozialak, arrazakeria eta esklabotza modernoa, inguru horrek berak emanak dira.
Idazleak errealismorako joera du, egiantza axola zaio, baina ez du egia biribilaren bila jotzen, Ugalderen ustez: «Ezagutza inperfektua interesatzen zaio Smithi, gizakiari berezkoa zaion molde partziala, eta hori bera erakutsiko dute bere pertsonaiek eta pertsonaien arteko elkarrizketek». Bizipenetatik eta jakintza mugatu batetik abiatu, eta gai oso sakonak hartuko dituzte hizpide, esate baterako, fedea, erlijioa, historiako gorabeherak eta bidegabekeriak.
Esklabismo modernoa
Kanbodiako enbaxadak salaketa bat dakar. Fatu du protagonista, Boli Kostan sortutako neska migrantea. Hainbat herrialde zeharkatu ostean, Londresko ipar-mendebaldeko auzo batera iritsiko da 2012ko Olinpiar Jokoak iragan ondoren, eta asiar jatorriko familia baten etxean ariko da neskame. Ugalde: «Asiar familia horretako kideak ere migratzaileak dira, Indiatik edo Pakistanetik joanak, baina gupidarik gabe zapaltzen dute ahula». Fatu esklabo modernoaren adibide garbia da. Lotarako tokiaren eta mantenuaren aitzakian, ordainik jaso gabe egin beharko du lan, eta pasaportea ere kendu egingo diote etxeko nagusiek.
Alabaina, Fatuk ez du erraz etsiko, eta, egokitu zaion patua onartuagatik ere, askatasun momentuak bilatuko ditu. Esate baterako, Andrew lagunarekin elkartu, mezetara joan, eta horren ostean, kafetegi tunisiar batean jarri eta berriketa egin. Beste momentu garrantzitsu bat liburuaren azalean jasota dator: nagusien gonbidatuek etxean ahantzita utzitako baimenak hartu, eta igeritokira joango da Fatu, astelehenero. Harako bidean Kanbodiaren enbaxadatik pasatuko da, eta hainbat gauzak emango diote arreta, baina batez ere, han sartu-ateran dabilen jendeak eta astelehenero jokatzen diren badminton partidek. Fatuk ez ditu jokalariak ikusiko, pilota bai ordea, alde batetik bestera hegan. Jabetuko da jokalari batek kolpe bortitza ematen diola beti, eta beste jokalariak ahal duen moduan eutsi, eta kolpe ahulaz erantzungo duela. Joko hori, hain zuzen, irabazleen eta galtzaileen metafora gisa darabil idazleak, bai eta narrazioa egituratzeko ere: badmintoneko set batek bezala, 21 atal labur ditu eleberriak.
«Giza taldeen istorio bat ere bada, komunitate baten parte sentitzeari buruzkoa; botere harremanez eta gizarte harremanez hausnartzera garamatza».
GARAZI UGALDEItzultzailea
Set baten metafora
Kanbodiaren enbaxadaren aurrean hasi eta bukatzen da eleberria. Narratzailea, berriz, auzokide bat da, eta lehen pertsona pluralean kontatzen du istorioa, denen izenean ariko balitz bezala. Istorioan barrena kronologikoki egiten da aurrera, baina flashback-aren bidez Faturen bizitzako hainbat pasarte ere kontatuko ditu. Ugalderen hitzetan «gizataldeen istorio bat ere bada, komunitate baten parte sentitzeari buruzkoa; botere harremanez eta gizarte harremanez hausnartzera garamatza».
Kanbodiako enbaxada liburu gisa argitaratu aurretik AEBetako New Yorker aldizkarian plazaratu zen, 2013an. Hura euskaraz argitaratzeko lehen pausoak, berriz, Lander Majuelok eman zituen, artean Igela argitaletxeko editore zela.