Zadie Smith, Manuel Vilas, Juan Tallon eta Bernardo Atxaga bilduko ditu 'Ja!' jaialdiak Bilbon

Urriaren 10etik 20ra bitarte egingo dituzte hitzaldiak eta emanaldiak, eta Franz Kafka idazlea izango da festibalaren ardatzetako bat. Haren biografo nagusia ere izango da Bilbon: Reiner Stach.

Zadie Smith. ETTORE FERRARI / EFE
Zadie Smith. ETTORE FERRARI / EFE
Inigo Astiz
2024ko irailaren 19a
15:30
Entzun

Ezinegon garaikidea iragartzeko eta irudikatzeko izan zuen gaitasunak egiten du berezi Franz Kafkaren literatura, baina, kondairak dioenez, idazten ari zela, algaraka entzuten zuten haren ingurukoek. Aurten beteko dira hil zenetik ehun urte, eta, hain zuzen ere, idazlearen umorea omenduko du Ja! Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak. Urriaren 2an zabalduko ditu ateak Bizkaia aretoan hari eskainitako Kafka kaleidoskopioa erakusketak, eta nazioarteko 30 artista baino gehiagoren lanak bilduko ditu. Horrez gainera, hitzaldi eta emanaldi zikloa ere eskainiko du festibalak urriaren 10etik 20ra bitartean, eta izen esanguratsuak izango dira gonbidatuen artean: hala nola Zadie Smith, Manuel Vilas, Juan Tallon eta Bernardo Atxaga. Kafkaren biografo nagusia ere izango da bertan, bestalde: Reiner Stach.

Sarrera guztiak doakoak izango dira, aretoa bete arte, eta, bestalde, streaming bidez ere ikusi ahalko dira saio gehienak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «urteak» zeramatzaten Zadie Smith jaialdira gonbidatu nahian, eta poza azaldu dute aurten azkenik lortu dutelako. Londresen jaioa da Smith, 1975ean, eta 2000. urtean argitaratutako White Teeth liburuarekin egin zen nagusiki ezagun. Oraingoz, Kanbodiako enbaxada eleberri laburra da euskaraz irakur daitekeen haren lan bakarra. Udaberrian eman zuen argitara Igela argitaletxeak, Garazi Ugaldek euskaratuta, eta arrazakeria eta klase gatazka dira haren ardatz nagusietako bi. Bilbon, Aloma Rodriguez idazlearekin batera arituko da jendaurrean solasean. Urriaren 11n izango da hori, BBK aretoan.

Eleberrigileen kontzientzia txarra

Smithek ere ezagun du Kafkaren lana, noski, eta badu hari eskainitako testu bat baino gehiago ere. 2008an eman zuen argitara F. Kafka, Everyman saiakera The New York Review of Books aldizkarian, eta baieztapen honekin hasi zuen Kafka vs eleberria testua: «Kafka eleberriaren kontzientzia txarra da». Eta jarraitzen du: «Kafkak urduritu egiten ditu nobelagileak. Ez dirudi gainontzeko guztiok bezala idazten duenik. Edo onegia da eleberriarentzat, edo nobela ez da aski ona harentzat». Eta Bilbon ere gai horiek izango ditu hizketagai idazleak.

Hain justu, hori izango da jaialdiko jolas orokorra. Gonbidatu ezagunak bilduko dituelako festibalak, batetik, eta, bestetik, Kafka izango dutelako solasaldirako ardatza maizenik.

Asteburu honetan bertan, Kafkak bere garaiko medikuntzarekin izan zuen harremanaz arituko da Juan Ignacio Perez EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria. Larunbatean izango da hitzaldia, Euskalduna jauregian. Bilbon egiten den Naukas izeneko EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako dibulgazioko jardunaldien barruan izango da hitzaldia, baina Ja! jaialdiarekin elkarlanean antolatu dute, eta, horrenbestez, ekitaldi nagusien aurrerapen moduko bat izango da.

Urriaren 10ean hasiko da ofizialki jaialdia. Bernardo Atxaga idazlea izango da egun horretan BBK aretoan, eta Roberto Moso kazetariak egingo dizkio galderak. Umoreak bere obran duen garrantziaz arituko da idazlea, besteak beste, eta hori izango da egitarauko euskarazko ekitaldi bakarra.

Juan Tallon eta Barbara Mingo idazleak izango dira urriaren 11n, eta Kafkak artearekin duen loturaz arituko dira. 19:00etan hasiko da haien saioa, eta 20:30ean helduko da Smithen txanda. Carlos Areces aktorea arituko da urriaren 12an, eta Juan Villoro urriaren 17an. Kafkaren bestiarioa aztertuko dute Cecilia Dreymullerrek eta Andres Barbak urriaren 18an, eta egilearen umoreaz egingo dute gogoeta Manuel Vilas idazleak eta Ignacio Etxebarria kazetariak haien ondoren.

Milena Jesenka zein Kafka bera

Milena Jesenskari buruz arituko dira urriaren 13ko saioan. Hamaika eskutitz zuzendu zizkion Kafkak Jesenskari. Kafkaren hainbat liburu ere itzuli zituen txekierara, eta kazetari ezaguna izan zen Vienako elite intelektualean, bai eta nazien aurkako erresistentzia taldeetako kidea ere. Eta, hain zuzen ere, emakume hura izango dute hizpide Monika Zgustova kazetari eta idazle txekiarrak eta Carolina Ontivero Ja! jaialdiko zuzendaritzako kideak. Lola Barroso piano jotzaileak lagunduko du hizketaldia, Jesenskaren musika piezarik maiteenetako batzuekin. Urriaren 13an izango da hori.

Urriaren 19an izango da Stach Bilbon. Kafkaren obra osoak editatu ditu aditu horrek Alemanian, eta, horrez gainera, idazleari eskainitako biografiarik osoenaren egilea ere bada. Jaialdiaren antolatzaileen ustez, gainera, hain zuzen ere, Stachek egindako lanak argitu egiten du Kafkari buruz hedatuen dagoen irudia. Haren ikerketei esker lehen baino ezagunagoak baitira egilearen alderdi «argitsuenak». Besteak beste, «komikotasunaren zentzu kafkiarraz» ere idatzi du ikerlariak, eta horretaz ere arituko da hizketan, Berta Vlas Mahou itzultzailearekin.

Zinemak ere izango du bere tartea programan. Eduardo Torres-Dulce eta Juan Bas idazleak, esaterako, Kafkak ikusi ahal izan zituen filmen arrastoei segika, espekulazio joko bat proposatuko dute urriaren 17an.

Horrez gainera, jaialdiak urteak daramatza urtero zinemagile bati bere umorezko hamar sekuentzia kuttunenak hauta ditzan eskatzen, eta egitarauko klasiko bat bilakatu da geroztik. Aurten, Manuel Gutierrez Aragon zinemagileak aurkeztuko dio bere zerrenda publikoari, eta 2013az geroztiko lanak hautatzeko baldintza jarri diote antolatzaileek. Filmak ez ezik, liburuak ere idatzi ditu Gutierrezek, eta Juan Bas Ja! jaialdiko zuzendariarekin izango da bere sekuentzia maiteenak aurkezten. Eta hori izango da aurtengo azken ekitaldia, urriaren 20an.

Edonola ere, azaroaren 29ra arte luzatuko da EHUren Bizkaia aretoan jarritako erakusketa. Artista ezagunen izenak topatuko ditu bisitariak bertan. Besteak beste, egile hauek egin diote idazleari keinu bertan: Robert Crumbek, Miquel Barcelok, Paco Rocak, Ana Juanek, Tom Gauldek eta Renata Fucikovak. Obra originalak ez ezik, erreprodukzioak eta ikus-entzunezkoak ere ikusiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.