KRITIKA. Antzerkia

Zabortegian

Agus Perez.
2025eko martxoaren 18a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

'DANSE MACABRE'

Kontzeptua, zuzendaritza eta koreografia: Martin Zimmermann. Sorkuntza eta interpretazioa: Tarek Halaby, Dimitri Jourde, Martin Zimmermann, Methinee Wongtrakoon. Musika: Colin Vallon. Eszenografia: Simeon Meier, Martin Zimmermann. Jantziak: Susanne Boner, Martin Zimmermann. Argiak: Sarah Buechel. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak  16.

DFeria hasi baino lehen ohikoa bihurtu da nazioarteko ikuskizun handi bat Viktoria Eugenia antzokian ematea, eta aurten Martin Zimmermann suitzar koreografo eta artistaren lan bat aurkeztu da. Danse macabre du izena bere azken sorkuntzak baina, dantzarik ezean, ikuskizun esperimentaltzat jo dezakegu gurera ekarritako pieza. Etiketaren bat jartzekotan nik zirkuarena emango nioke, zirkutik ere gutxi baino gutxiago izan duen arren.

Eszenografiaren neurriek eta itxurak eman digute atentzioa beste ezer baino lehen. Izan ere, Zimmermannen planteamenduan izaki zoro batzuk bizi diren zabortegia da elementu zentrala, eta dekorazioan zabor poltsa beltzak, paper asko, plastikozko bidoiak eta horrelako elementu baztertuak izan dira jaun eta jabe. Haien artean mugitu eta haiekin jolastu dira hango lau izaki berdin baztertuak, baina eszenaratzeak ez du ekarri bazterkeriaren gaineko gogoetarik: azken finean Europan bizi gara eta hemen debekatuta dago baztertu bizitzea, are gehiago Suitzan.

Gauzak horrela, emanaldian zehar dena sortu da arte hutsaren ikuspegi abstraktuenetik, sortzaileak dioen bezala, «tragikomikoa denak deabrukerien indarra dauka, gaiztakeriari emana da, baina aldi berean bihurria, zehatza eta enigmatikoa da». Eszenan ikusi duguna, ordea, ez da tragikomiko suertatu groteskoa baizik, alde batetik komikotasun gutxikoa izan delako eta, bestetik, pertsonaia haien tragediak ez duelako batere kontraste sozial edo gizatiarrik jaso, dela jarrerengatik, dela dramaturgia zentzugabetik, dela musikaren aldetik sikiera, jungle izaerako erritmo desantolatua egokia izan arren izaki haien desegituratzea irudikatzeko. Aparte utziko ditugu kutsu semitiko salmodiak, ezertarako ere etorri ez direnak.

Zabor mendiaren puntan egurrezko etxola kulunkari batek presiditu du eszena, eta zirku ariketa bakarra pertsonaiak han oreka mantentzea eta alboetako arranpetatik jaistea izan da, hau da, gutariko edonork Suitza, Luxenburgo eta Frantziako 11 babesle handiren laguntzarik gabe egin lezakeena. Polita izan da, hala ere, zapata galduaren pailazo saioa, baina hor amaitu da guztia. Tira, amaitu ez, emanaldia ad nauseam luzatu delako lau pertsonaien zentzugabekeria zabarren artean, eta denak sobera amaituta zirudienean, hara non antzezle batek hamar minutuko hitzaldi ustez grazioso bat bota digun ingelesez, ezer funtsezkorik ez esateko eta horrela borobilduz hutsalkeria hipermodernoaren apoteosia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.