Zabalik da Idazle Eskolan izena emateko epea

Berrikuntzekin hasiko da 15. ikasturtea. Banakako tutoretzarako bi ordu izango dira astero graduondokoan, eta moduluak ere eskainiko dituzte

Itziar Gomez, Josemi Uribarren, Tere Irastortza, Pako Aristi eta Igor Arrizabalaga, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Hamabosgarren ikasturteari laster ekingo dio Idazle Eskolak. Urtero moduan, larunbat goizetan jasoko dituzte eskolak askotariko testuen sorkuntzan trebatuko diren ikasleek. Hilaren 21ean izango dute lehen saioa, eta maiatzean bukatuko dute ikasturtea. Bi urteko graduondokoan izena emateko epea hilaren 13ra arte egongo da zabalik. Halere, gai jakin baten inguruko beste hainbat modulu ere eskainiko dituzte, eta urtarrilean hasiko direnetan matrikulatzeko epea aurrerago irekiko da. Hastapenetatik, Asmoz Fundazioaren laguntza izan du eskolak, eta Bergarako UNEDen (Gipuzkoa) hartu du aterpe. Hala izango da hastear den ikasturtean ere.

Antzerkia, poesia, ipuingintza, nobelagintza, saiakera, haur literatura... genero guztiak lantzen dituzte eskoletan, ikasturte batetik bestera tartekatuz doazenak. Ohiko irakasleez gain, dagoeneko idazle gonbidatu ugari igaro dira bertatik eskolak ematera. Hastapenetatik, Tere Irastortza idazlea da eskolako zuzendaria, eta, azaldu zuenez, askotariko ikasleak biltzen dira urtero bertan. «Oso jende anitza etorri ohi da: abokatuak, informatikariak, ingeniariak, kazetariak, bertsolariak, irakasleak...». Ez direla talde handiak izaten, eta lagun arteko giroa lortu ohi dela esan zuen. Ikasketa erdi presentziala ere egin daitekeen arren, ikasleek larunbatetako eskoletara joatea nahiago izaten dutela adierazi zuen. Halaber, ikasle bakoitzaren lan pertsonala aztertzen dela, eta ikasleek horretarako izaten dutela egarri handiena azaldu zuen. Hori dela eta, aurtengo berrikuntzen artean, banakako tutoretzak egiteko astero bi ordu jarri dituztela aipatu zuen. Halaber, berritasun gisa ere, bigarren hiruhilekoan irakaskuntzaren arloan dabiltzanentzako modulu bat prestatzen ari direla jakinarazi zuen. «Bi urtekoa da graduondokoa, baina modulu edo ikasgai bakar batera ere etor daiteke jendea».

Pako Aristi idazleak urteak daramatza Idazle Eskolan irakasle, eta, eskarmentu horretatik, esan zuen «idazten ikasteko eta idatziz zerbait adierazteko pasioa» ikusten dituela larunbatetako eskola horietan, «bizitza, bizi izandako esperientziak, sentimenduak eta oroimenak formulatzeko gogo bat». Harentzat, Idazle Eskola «literatura maite dutenen elkarte aktibo bat da, eta maitasun hori gauzatu nahi dutenena, ez literatura irakurriz bakarrik, literatura idatziz baizik. Asko irakurtzen da, baina gero norbera idazten jartzea da helburua». Idatzi beti norbaitengan pentsatuz eta erreakzio bat bilatuz idazten dela, eta horretarako estrategia egokienak eta teknika ugariak aztertzeaz gain, kriterio estetikoari «berebiziko garrantzia» ematen zaiola azaldu zuen. Eta literaturaren artisautza lana aldarrikatu zuen idazleak.

Sorkuntza bekaren deialdia

Idazle Eskolako ikaslea izan zen Karmele Igartua poeta aretxabaletarra. 2010. urtean hil zen Igartua, eta haren izena jarri zioten eskolak sustatzen duen sorkuntza bekari. Zazpigarren aldia du aurtengoa, eta film laburretarako gidoiak idazteko laguntza emango du oraingoan, sustatzaileek jakinarazi zutenez. Proiektuak azaroaren 15a baino lehen bidali beharko dira, [email protected] helbidera.

Aretxabaletako Udalaren laguntza du bekak, eta, horri esker, 2.500 euroko dotazioa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.