Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete bekaren deialdia sendotze prozesuan dauden idazleentzat da, eta haien literatura ibilbidean aurrera egiten laguntzea du helburu. Bekaren irabazleak 70.000 euro gordin eskuratuko ditu, urtebetean bere literatura proiektua burutzeko.
Eskabideak aurkezteko epea 2025eko otsailaren 9an zabaldu zen, eta apirilaren 10ean amaituko da. Literatura proiektua garatzeko, berriz, hamabi hilabeteko epea izango du irabazleak, beka onartzen duen egunetik hasita. Aldi hori amaitzean, osatuta egon beharko du literatura proiektuak.
Bekaren antolatzaileek 2024an egin zuten lehen deialdia, «egileei, denbora batez, asmo edo konplexutasun handiagoko lanei ekin ahal izateko baldintza ekonomikoak eskaintzearren». Azaldu zuten zera dagoela horren oinarrian, «bi erakundeek talentu sortzailea bultzatzeko duten konpromisoa», baita «Euskal Herriarekin eta hizkuntzarekin duten konpromisoa» ere. Ohar bidez, aurten ere beka deialdi bat plazaratzeko arrazoien artean aipatu dute «euskal literaturak bizi duen gero eta aniztasun eta kalitate handiagoko dinamikari beste ekarpen bat egitea».
Eskabideak adituen batzorde batek aztertuko ditu, baina ez dute argitu nor izango diren. Deialdiaren ebazpena 2025eko uztailaren 15ean emango da argitara, beranduenez.