Hartzea ematea dela aldarrikatu duen aldi honetan, 933 nobedade eskainiko ditu Durangoko Azokak.153 partaidek 274 erakusmahai ipini dituzte Landako gunean, eta dagoeneko «hartzen eta ematen» hasia da jendea. Molde, gai eta estilo askotako sorkuntza lanak zabaldu dituzte erakusmahaietan, eta, horiez gain, 200 ekitaldi inguru programatu dira azokak hartuko dituen lau egunetarako.
Belaunaldien arteko sorkuntzak daukan eraginari arreta berezia jarri dio Gerediaga elkarteak, eta, horren erakusgarri, sortzaile gazteen eta ibilbide luzekoen arteko ekitaldiak aurki daitezke egitarauan; adibidez, Mikel Urdangarinek eta Kokein taldeak egingo duen saioa, Pleteruenan. Musikan ez ezik, gainontzeko alorretan ere bilatu dute kontrastea antolatzaileek.
Gaurtik hasita lau egunez, 10:30etik aurrera izango da azoka zabalik; eta 20:00etan itxiko dituzte ateak, azken egunean izan ezik. Igandean 18:00etan emango zaio amaiera azokari.
Durango herrian ere izango da zer bisitatua azoka bitartean. Andre Mariko elizpean, Artisauen eta Sortzaileen VII. Azoka antolatu du Eixu artisau elkarteak, eta Merkatu plazan, berriz, euskal denda jarriko du Arbaso elkarteak, besteak beste.