Literatura

Yukio Mishima: samurai bat literaturan

Asteartean ehun urte beteko dira Yukio Mishima idazlea jaio zenetik. XX. mendeko idazle japoniar nagusietako bat izan zen, eta edertasunean, tradizioan eta heriotzan ardaztutako obra oparoa ondu zuen. Bere buruaz beste egin izanak mito bilakatu zuen.

Yukio Mishima 1956. urteko argazki batean. SHIROU AOYAMA
Yukio Mishima 1956. urteko argazki batean. SHIROU AOYAMA
edurne begiristain
2025eko urtarrilaren 12a
04:45
Entzun

«Besteen ustez itxurak egiten ari nintzenean, egiaz nire izaera bere horretan adierazten saiatzen ari nintzen, eta, kontrara, besteen irudiko jarrera naturala nuena antzezpen hutsa zen niretzat». Ia profetikoa ematen du Yukio Mishima idazleak (Tokio, 1925-1970) 24 urte zituela Maskara baten aitortza lehen eleberrian esandakoak, haren bizitzak asko baitzuen liburuan kontatutakoetatik. Maskara eta aitortza. Itxuraz kontraesankorrak diruditen bi hitz, baina Mishimaren obrara hurbiltzeko bi bide ezinbesteko. Norbere identitatearekiko gatazka, egia eta itxurakeria, bizitza eta heriotza, maskara eta haren azpiko aurpegia. Bitasun horren inguruan ondu zuen bere obra —eta bizitza—. Idazle japoniarra jaio zenetik ehun urte beteko dira asteartean.

Edertasunaren, tradizioaren eta identitatearen bilaketa etengabean bizi zen Mishima, eta heriotza zuen bilaketa horren ifrentzu. XX. mendeko idazle japoniar nagusietako bat izan zen, eta haren lan oparoak arrasto sakona utzi zuen Japoniako eta nazioarteko kulturan. Mendebaldeko joerak Japoniako tradiziozko moldeetan batzeagatik goraipatua izanik, haren figura maiz izan zen kontrajarria eta polemikoa. Hirutan izan zen Literaturako Nobel Sarirako hautatua; ez zuen sekula jaso. Mishimaren lanetatik, bi ekarri dira euskarara: Arratsaldeko atoiontzia (1994) Hiromi Yoshidak itzuli zuen eta Ibaizabal etxeak argitara eman—, eta Maskara baten aitortza (2023)— Iker Alvarezek itzulia eta Igelak argitaratua—.

Mishima ez zen soilik literaturagatik izan ospetsu; haren ideologia politikoa —ultranazionalista eskuindarra zen— eta heriotza dramatikoa direla-eta —bere buruaz beste egin zuen—, mito bilakatu da. Tokion (Japonia) sortu zen, 1925ean —jaiotzez Kimitate Hiraoka zuen izena—, eta hantxe hil zen, 1970ean. Familia aberatsekoa zen, eta haurtzaroa Natsu Hiraoka amonaren zaintzapean igaro zuen; horrek eragin handia izan zuen haren nortasunean. Bakartuta hazi zen, eta etxean bizi zuen bakardadeak bultzatu zuen literaturara, irudimena ihesbide bilakatuta.

Zuzenbidea ikasi eta denbora batez Japoniako Gobernuan lan egin bazuen ere, gazte zela ekin zion literatur bideari eta hari eskaini zion bizitza. Gaztetatik erakutsi zuen idazteko talentua. 1944an argitaratu zuen lehen eleberria, Hanazakari no mori, 19 urte besterik ez zuela. Garai hartan hasi zen Yukio Mishima ezizena erabiltzen.

Haurtzaroa bakartuta igaro zuen Yukio Mishimak, eta horrek eragin handia izan zuen haren nortasunean. Bakardadeak bultzatu zuen literaturara, irudimena ihesbide bilakatuta. 19 urte besterik ez zuela idatzi zuen lehen eleberria: Lorez beteriko basoa.

Estetikan eta existentzialismo sakonean ardaztu zuen Mishimak bere obra oparoa. Eleberriak, ipuinak, antzezlanak eta saiakerak barne hartzen dituen corpus aberatsa osatu zuen, edertasuna, heriotza, identitate sexuala eta Japoniaren modernizazioak sortutako dilema moralak eta kulturalak gai nagusi harturik. 1950eko eta 1960ko hamarkaden artean ondu zuen bere obraren zati handiena: berrogei eleberri, hemezortzi antzezlan, hogei kontakizun liburu, hogei saiakera liburu, libreta bat...

Heriotza, obsesio

Badago joera bat Mishimaren bizitza atzekoz aurrera kontatzeko, haren suizidiotik hasita. Izan ere, idazle japoniarraren heriotzak hainbeste markatu zuen haren irudia, ezen nekez bereizi baitaiteke haren obraren lorratzetik. 1970eko azaroaren 25ean, Tennin no gotsui azken liburua editoreari bidali eta gutxira, idazleak bere buruaz beste egin zuen seppuku edo harakiri bidez.

Mishimak eta haren milizia txikiak, Tatenokai izenekoak, estatu kolpe saiakera bat egin zuten Japoniako Autodefentsa Indarren Ekialdeko Komandoko Tokioko kuartel nagusian, bushido-ren kode samuraiaren idealak eta enperadorearen boterea defendatzeko. Soldaduen aurrean diskurtsoa eman ondotik, katana batekin sabela urratu zuen eta beste batek lepoa moztu zion. 45 urte zituen. «Azken ekintza hura Mishimaren literaturaren luzapen bat izan zen, tragedia klasiko baten parekoa», idatzi zuen handik urte batzuetara Henry Scott Stokesek idazleari buruzko biografian.

Heriotzaren obsesioak bizi zuen Mishima. Harentzat heriotza ez zen amaiera hutsa: sakrifizioa, edertasuna eta betikotasuna islatzen zituen. «Heriotza da edertasunaren azken adierazpena, eta horren bidez lortzen du gizakiak betikotasuna», idatzia zuen idazleak. Maiz ageri da heriotza Mishimaren obran, eta sarri edertasunarekin eta sakrifizioarekin lotuta. Heriotzaz zuen ikuspegia Japoniako tradizio militar eta espiritualari lotua zegoen, batez ere bushido-ri, samurai kode moralari. Bushido-ren arabera, heriotza ohorez eta duintasunez onartzea da bizitzaren azken helburua. Mishimak ideal horiek bere bizitzan eta obran txertatuak zituen.

Idazleak bere buruaz beste egin zuen seppuku edo harakiri bidez. Harentzat, heriotza ez zen amaiera hutsa: sakrifizioa, edertasuna eta betikotasuna islatzen zituen.

Existentzialismoa jorratu zuen lan ugaritan. Kinkakuji (1956) eleberrian, adibidez, protagonista obsesionatuta dago edertasunarekin, baina horrek itolarri moduko bat sortzen dio, suntsipena erremedio gisa ikusteraino. Tenplua erreta, protagonistak askatasuna eta edertasunaren betierekotasuna aurkitzen ditu suntsiketan.

Mishimaren maisulantzat jotzen den Hōjō no umi (1968-1971) tetralogia lau eleberrik osatzen dute: Haru no yuki (1968), Honba (1969), Akatsuki no tera (1970) eta Tennin no gotsui (1971). Liburu horiek Japoniako historia islatzen dute Meiji garaitik Bigarren Mundu Gerraren osteko garaira arte, eta, horietan ere, heriotzaren, berraragitzearen, dekadentzia espiritualaren, eta tradizioaren eta modernitatearen arteko tentsioen inguruko istorioak kontatzen ditu idazleak.

Gorputza eta arima

Mishimak sakon esploratu zuen identitate pertsonalaren eta kulturalaren arteko elkarrizketa bere lanetan. Idazlea homosexuala zela —­nahiz eta garai hartan ezkutatu egin behar izan zuen jazarria zegoelako— aintzat hartu behar da ezinbestean haren obrak ulertzeko. Edertasun maskulinoarekiko mirespena, gorputzaren kultua eta desio homoerotikoa nagusi ziren Mishimaren lanetan, eta, aldi berean, baziren idazleak bizi zuen barne tentsioaren isla ere. Emakume batekin ezkondu eta familia bat sortu zuen, eta haren obretan maiz islatu zuen desioen askatasunaren eta gizartearen aurrean itxurazko konformidadearen arteko gatazka ekaiztsua.

Literaturatik harago bilatu zuen estetika fisiko eta espirituala idazle japoniarrak. Bere gorputza artelan bihurtzearekin obsesionatuta bizi zen, eta kulturismoan eta kendon —samurai borroka artea— trebatu zen, gorputza perfekzionatzeko. Bizitzan nola, edertasun fisikoaren eta heriotzaren arteko lotura etengabe aztertu zituen idazkietan, heroi klasikoen eta samuraien irudiak goretsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.