Yoko Onoz biluzitako Yoko Ono

Arte kontzeptualaren aitzindari, Lennonen kide izana, 80 urteen ostean bigarrenez jaio dela dio Yoko Onok

Inigo Astiz
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
1961a da. Oholtza gainean dago Yoko Ono (Tokio, 1933), geldi, axolagabe. Ondoan, guraize batzuk. Artistak ez ditu ikusleak ikusle nahi, eta horregatik egiten die gonbidapena: beregana gerturatzeko eta arropa puska bat hartzeko esaten die. Mozten diote soineko puska bat. Mozten diote jertse zati bat. Mozten diote atorra parte bat. Bera geldi, axolagabe, harik eta biluzik gelditu arte. Ahul agertzeko ausardiaz. Cut Piece performancea da, Yoko Onoren lanik ezagunena, baita performance eta arte kontzeptualaren mugarrietariko bat ere. Ez du beti izan orain duen aitorpenik, ordea. 60ko hamarkadako ikono, zama handia izan du bere izena. Performance artista, bideo sortzaile, musikari eta bakearen aldeko aktibista, Fluxus talde abangoardistaren sortzaile, John Cage eta New Yorkeko beste muturreko hainbat sortzaileren lagun, John Lennon musikariaren emazte izateagatik jo zuen etsaitzat belaunaldi oso batek. Urteak eman ditu The Beatles taldea desagertzera bultzatu izanaren akusazioak entzuten, baina baketuta dirudi horrekin orain. 81 urterekin. «Bizitza berri bat hasi dudala sentitzen dut, bigarren bizitza bat». Yoko Onoren osteko Yoko Ono da oraingoa, nolabait ere, baina ezta Yoko Onoz erabat biluzitako Yoko Ono ere. Historia du soinean. Eta hori da bihartik aurrera ere Bilbon ikusiko dena. Sortzailearen 60 urteko ibilbidea erakusten duen Half A Wind Show erakusketa zabalduko du Guggenheim museoak.

Diruduna zuen familia, eta Tokio eta New York artean eman zuen gaztaroa. Dena ez zuen dirdira, halere. Japonian harrapatu zuen II. Mundu Gerrak, eta hiriaren aurkako bonba erasoetatik ihesi egin zuen bere lehen arte lana. Hala aitortu zion Sean O'Hagan kazetariari, behintzat. «Gogoratzen dut, gerran ebakuatu gintuztenean, nire anaia oso triste eta deprimituta eta oso gosetuta zegoela jateko askorik ez genuelako. Eta zera pentsatu nuen: 'tira, egin dezagun menua elkarrekin. Zer afari mota nahi zenuke?'.Eta berak esan zuen, 'izozkia'. Beraz, esan nuen, 'ongi, imajina dezagun izozki afaria'. Eta horixe egin genuen, eta poztu egin zen. Eta orduan ohartu nintzen imajinazioaren bidez ere izan gintezkeela zoriontsu. Eta halaxe izan genuen gure afari kontzeptuala, eta, agian, hori izango da nire lehen arte pieza».

Mugarriz mugarri

Abangoardiako mugimenduan erabat murgildu zen 50eko hamarkada amaiera aldera. Fluxus taldearen bueltan, eta John Cage, La Monte Young, George Maciunas eta beste musikari esperimentalen kide, kontzeptuan jartzen zuen bere lanaren pisu nagusia. Eta muturrera eraman zuen ahalegin hori behin baino gehiagotan. Bere buruan baino existitzen ez ziren kantak sortu zituen, eta kontzertu isilak ere eskaini zituen: publikoak imajinatu behar zuen entzuten zuen musika. Eta poetikoak dira Grapefruit izeneko liburuan (1964) egiten dituen arte proposamenak ere. Mugarri bat da lan hori arte kontzeptualaren historian, baina instrukzio bilduma bat da funtsean. «Utzi jendeari zure lanak kopia edo fotokopia ditzan. Desegin jatorrizkoak».

Zinemagile, artista eta musikari, sortzen zuen musika Lennon ezagutu zuenerako, sortu zuen musika Lennonekin batera, eta sortu du musika gerora ere. The Beatleseko kidearekin emandako urteetan bilakatu zen ikono, ordea. Ezaguna da ezkontza ostean Lennonek eta Onok Vietnamgo gerraren aurka protesta egiteko egin zuten bakearen aldeko ohe-protesta, eta elkarrekin idatzi zuten Give Peace a Chance abestia. Krisiak krisi, bizia zen bi sortzaileen arteko harremana, eta hortik errezeloak. Batera joan ziren The Beatlesen azken urteak, eta bikotearen lehenak. Eta mamu horrekin bizi behar izan du Onok, baita Lennon hil eta urte asko igarota ere. Baina iaz lasaitua hartu zuen sortzaileak. Paul McCartney Beatle ohiak bota zion aitorpena David Frost kazetariari: «Yokok ez zituen Beatlesak banatu».

Iraganaz pentsatzen ote duen? Ezetz artistak O'Hagani. «Iragana oso astuna da. Noski, nire zati batek oraindik gainean darama, baina hartaz aske da nire beste zati bat». Yoko Ono, beraz, Yoko Onoz erdi biluzik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.