Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako hautagaiak atzo jakinarazi zituzten, eta euskarazko film bat, Yoko eta lagunak dago animazioko pelikula onenaren saria eramateko hautagaien artean. Umeentzako lana da, Juanjo Elordiren zuzendaritzapean eta Edorta Barruetabeñaren gidoiarekin ondua, eta iragan hilean estreinatu zen zinema aretoetan. Goya sari bat irabazteko hautagaien artean dago, halaber, euskarazko beste film bateko aktore protagonistetako bat: Iraia Elias (Zarautz, Gipuzkoa, 1980) izendatu dute emakumezko aktore berri onenaren sarirako hautagai, Asier Altunak zuzendutako Amama pelikulan egindako lanagatik. Irailean, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten lana.
Haurrentzakoa ez ezik, haurrak protagonista dituen animaziozko lana da Yoko eta lagunak. Baina helduei gogoeta eginarazteko asmoa ere badu, umeek era librean jolas egiteak duen garrantziaz pentsarazi nahi du filmak, egileen hitzetan.
Oso bestelako lana da Amama; baserriaren eta kalearen arteko talka, eta belaunaldien zein generoen artekoa ditu oinarrian Altunaren filmak. Kandido Urangarekin batera, Eliasek jokatzen du rol protagonista filmean, Amaia baserriko alabarena. Aitak mundua ikusteko duen erari aurre egingo dio alabak, eta gatazka azaleratuko da: aurrekoen moldeak puskatzen saiatuko da Amaia, aurrekoengandik jasotakoa hautsi gabe. Harrera beroa egin zion lanari Zinemaldiko publikoak, eta Euskal Zinemaren Irizar saria jaso zuen.
Halaber, Eliasen kategoria berean, Irene Escolarrek ere lortu du izendapena, Lara Izagirre zornotzarrak zuzendutako Un otoño sin Berlin lanean jokatutako rolagatik. Gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako, berriz, Asier Etxeandia bilbotarra dago izendatuen artean, Paula Ortizen La novia pelikulan egindako lanagatik. Aktorea bera ari zen atzo goizean, Emma Suarez lankidearekin batera, hautagaien berri ematen, eta hunkituta agertu zen izendapenarekin.
Jatorrizko gidoi onenaren sailean, Borja Kobeaga donostiarra dago hautagaien artean, Negociador filmagatik. Iazko Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar saria eraman zuen zuzendariak lan horregatik. Eta beste donostiar bat, Alberto Iglesias konpositorea ere hautagai da, jatorrizko musika hoberenaren sarirako, Ma Ma pelikularako sortutako doinuengatik. Alex de la Iglesia bilbotarraren Mi gran noche lanak, berriz, lau izendapen lortu ditu: efektu berezi, jantzien diseinu, zuzendaritza artistiko eta soinu onenaren kategorietan da hautagai. Aurtengo Zinemaldian estreinatu zen pelikula hori ere, Sail Ofizialean, baina lehiaz kanpo. Bestalde, film labur dokumental onenaren kategorian, hautagaien artean dago Hijos de la tierra, Patxi Uriz argazki-kazetari nafarrak eta Axel O'Millek zuzendutako lana.
Guztira lehian zeuden 143 film luzeren artean hautatu ditu izendatuak Espainiako Zinema Akademiak. Bi emakumek zuzendutako filmek lortu dituzte hautagaitza gehien: Paula Ortizen La novia-k hamabi, eta Isabel Coixeten Nadie quiere la noche-k bederatzi. Film onenaren saria irabazteko hautagaien artean daude biak, A cambio de nada (Daniel Guzman), Truman (Cesc Gay) eta Un día perfecto (Fernando Leon de Aranoa) lanekin batera.
Madrilen, heldu den otsailaren 6an egingo dute Goya sarien 30. aldiko sari banaketaren ekitaldia.
'Yoko eta lagunak' filma, animazioko lan onenaren Goya sarietarako hautagai
'Amama'-n egindako lanagatik, Iraia Eliasek izendapena lortu du aktore berri onenaren atalean.Kobeaga, Iglesias eta Etxeandia ere, hautagai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu