Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 42 taldeko musikari batzuek Donostiako Instrukzio Epaitegira joan beharko dute maiatzaren 6an, epailearen aurrean deklaratzera. Guztira sei pertsonak jaso dute zitazioa; taldeko kide direnek eta izan direnak. Guardia Zibiliak abian jarritako ikerketa bat dela-eta jaso dute jakinaraztapena. Gorroto delitua leporatuta jarri dute martxan ikerketa.
«Diotenez, gure ikuspegi ideologiko berarekin bat ez datozen guztienganako gorroto diskurtsoa elikatzen ari gara», esan du taldeak, sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean. Guardia Zibilak egindako txostenak dioenez, euren abestien hitzak «guztiz iraingarri eta intoleranteak» dira. Gainera, musika taldeak kontzertuetan izaten duen jarrera ere arbuiatu du idazkiak; indarkeria «etengabe goraipatzen» dutela gehitu dute.
Maiatzaren 6an Donostiako Instrukzio Epaitegira joan beharko dute sei lagunek, ikertu gisa deklaratzera. Taldeak adierazi duenez, azkenean ikerketa akusazio bilakatzen bada, urtebete eta lau urte bitarteko espetxe zigorra eska dezakete ikertu bakoitzarentzat.
«Beste behin ere, guztiok izan beharko genukeen adierazpen askatusunaren eta askatasun kulturalaren aurkako eraso baten lekuko izaten ari gara», salatu dute Yakovlev 42ko musikariek. Oraingoan, baina, erasoa «lehen pertsonan» bizi behar izatea egokitu zaiela gehitu dute.