XXI. mendeko Quattrocentoa

Jose Ibarrola artistaren azken hiru urteetako lanak bildu dituzte Bilboko Rekalde aretoan

Jose Ibarrola artista Bilboko Rekalde aretoan ikusgai dauden bere lanetariko bat atzean daukala. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Botticelli. 2013». Ez dira anakronismoak. «Leonardo da Vinci. 2014». Quattrocentoko artisten koadro ezagunak begirada garaikidez berregin ditu Jose Ibarrola margolariak (Bilbo, 1955). «Piero della Francesca. 2015». Inspirazio iturri izan duen koadroaren egilearen izenez izendatu ditu bere margolanak artistak, eta, horregatik, koadroen alboko azalpen ohartxoen tonu jostalaria. «Donatello. 2015». Hiru urte eman ditu Ibarrolak bere estudioan XV. mendeko Europako artearen klasikoa ikertu eta gaurkotzen, eta Bilboko Rekalde aretoan jarri du orain egindako lanaren emaitza. Urriaren 16ra arte egongo da zabalik Denbora kontua erakusketa.

Van de Wyden artistaren koadro batekin hasi zen dena, Jesus gurutzetik jaisten duten unea irudikatzen duenarekin zehazki. Gripeak jota sartu ziren Prado museora emaztea eta artista, eta koadro aurrean jartzean sortu zitzaion harra. Horregatik hautatu du koadro hori erakusketa hasteko ere. Quattrocentoko koadro ezagunen zerrenda luzea topatuko du bisitariak hortik aurrera. Botticelliren Venus ikonikoa, Andrea Mantegnaren Sebastian Deuna, Leonardo Da Vinciren aingeruak, Paolo Ucelloren zaldi gaineko gudak... Denak orduko baina aldi berean oraingo; guztiak Ibarrolaren eskuak moldatuta. Esfera dira buru zirenak, zur pilaketa bat dirudite gorputzek, eta alanbre bilakatu dira hego izandakoak. «Gogoetarako elementu gisa erabiltzen dut Quattrocentoa. Arte garaikideaz gogoeta egitea da nire benetako helburua».

Eta galdera bat aipatu du artistak gogoeta horien zentroan: zertarako balio du arteak egun? «Inpresioa dut kontzientzia sozialetik urrundu egin dela, eta galdu egin duela balio instrumentala. Espekulaziorako eta truke balioari eusteko bakarrik balio du ja? Zer gertatzen da truke balio hori ez duten artistekin? Ja ez dugu arterik behar?». Krisi bat aipatu du bere ibilbidean. «Pintore abstraktua nintzen ni lehen, eta 1980ko hamarkadan deskubritu nuen jende askori ez zitzaiola hori batere interesatzen eta, batez ere, niri ere ez zitzaidala interesatzen». Pintura utzi zuen tarte batez, harik eta ohartu zen arte zerbait kontatzeko beharra zuela. Eta hor hasi zen figurazioarekin.

Trantsizio fasean kokatzen ditu Quattrocentoko artistak ere Ibarrolak. Oin bat Erdi Aroan, bestea Errenazimentuan. «Nazioarteko gotikoa agortuta zegoen, eta orduan hasi ziren aurrera egiteko erromatarrek eta greziarrek zer egin zuten begiratzen. Antzinakotasuna ikusten dute, baina beste begirada batez, ze ez daude Antzinako Grezian, Errenazimentuaren atarian daude. Atzetik begiratzen dute aurrera». Eta ariketa horretan errekonozitu du bere burua Ibarrolak. Garaikide begiratu dio berak ere iraganari.

Errespetua eta ironia

Omenaldiaren eta parodiaren artean dabil jolasean Ibarrola. Bereziki ironikoa da, adibidez, Jan Van Eycken Arnolfini ezkontideez egin duen bertsioa. Jatorrizko irudiaren egitura zehatz erreplikatzen du lanak, eta klasikoa da itxura. Hori bai, egurrezko jostailuzkoa da ezkontideen oinetan dabilen txakurtxoa, eta koadro ondoan hormari sokaz lotutako zurezko txakurtxo baten eskulturaz borobildu du ironia. «Ez dut ironia bilatu: ni neu ere jatorrizko sortzaileak bezain jostalari aritzea izan da helburua».

Errespetu handiko lana ere bada, ordea. Sakon aztertu du garaia, eta etengabeak dira bere erudizioaren frogak piezei buruzko azalpenetan. Hautu bat da jarrera hori, dioenez. Bilatu egiten du sakontasun hori bere lanetan. «Kontua ez da gaur Velazquez bat egiteko gogoa izatea, bihar Poussin bat egitea, eta etzi Van Gogh bat. Anekdotikoa da hori. Hemen garai oso bat da ikusten da: artista hauek guztiek pultsu sozial bat irudikatzen dute».

Koadroekin batera eskulturak ere bildu ditu erakusketan. Elkarrizketan ere jarri ditu maiz. Erretratuen gelan, esaterako. Quattrocentoko erretratu ezagunen bariazioak jarri ditu lehen aretoko horman, eta birziklatutako topatutako materialez sortutako bustoak gelaren beste aldean. Elkarri begira. Eta bien erdian bisitarientzako bankuak. Baina eskulturak zein pinturak unibertso berekoak diren arren, agerikoa da ezberdintasuna: erabat identifikagarriak dira Quattrocentoaren erreferentziak koadroetan, eta libreago aritu da eskultore lanean. Aitortu du denbora luzez elkarrengandik bereizitako bi mundu izan direla eskulturarena eta pinturarena. «Bi mundu horiek bat egin zezaten nahi nuen, baina ez nuen lortzen. Marko bat behar nuela ohartu nintzen, eta Quattrocentoa izan da marko hori».

Adierazi du maiz ez duel pintzela geldi uztea beste aukerarik izan. «Garai hartako lan batzuk ikustean harrituta gelditu naiz: nola da posible garai hartan halako gauzak sortu ahal izana! Erabat garaikideak dira lan batzuk. Eta horietan ez nuen inolako moldaketarik egiterik, koadro horiek ja garaikideak dira. Listo. Jartzen diozu gaur egungo autore baten izena, eta perfektuki funtzionatuko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.