Txikitan afizio zuena ofizio izan du Garikoitz Mendizabal txistulariak (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) azken mende laurdenean. 1995. urtean, eta ikasketak amaitu berritan, Gasteizko Udal Txistulari Bandan hasi zen lanean, eta 2004az geroztik Bilboko bandaren zuzendaria da. Horrek betetzen du bere txistulari jardunaren parte handi bat. «Orkestra profesionalek bezala, hiru ordu eta erdiz entseatzen gara goizez, eta, horrez gain, udaleko ekitaldi instituzionaletan parte hartzen dugu eta auzoetako beharrei ere erantzuten diegu. Gainera, txistu kontzertuak antolatzen ditugu Euskalduna jauregian».
Baina ofizioa eta afizioa elkarrekin doaz Mendizabalentzat, eta azken hamabi urteetan txistua molde eta joera askotara egokitzen dela erakutsi nahi izan du. Bihurrikerietan (2008) izan zuen lehen diskoa, eta gerora etorri dira, besteak beste, Sosegua, Txistu Symphonic —Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin grabatua— eta Aitor Furundarenarekin ondutako 2 poliedro. Xabier Zabalarekin elkarlanean prestatutako diskoa, Ibili munduan, du azkena, herri musikaren hamaika aurpegi «playlist batean bezala» azaleratu nahi dituen lana.
Diskoko lehen doinuak hasi eta gitarra elektriko distortsionatu bat entzuten duenak pentsatuko du nahastu dela diskoz...
Bai, bai [barrez]. Xabierrek eta biok asko hitz egin genuen ekoizpen prozesuan: zer eta nola aurkeztu nahi genuen. Disko osoan fusio handia dago; nabaria da, eta propio egin dugu hori. Abesti batek ez du zerikusirik hurrengoarekin, eta fusio horretan azaltzen dira metal kutsuko musika gogorra, doinu zeltak eta bestelakoak. Eta iruditu zitzaigun polita zela Metal Madness horrekin hastea.
Xabier Zabala eta Garikoitz Mendizabal. Hau da, akordeoia eta txistua. Baina hori baino askoz gehiago ere bada Ibili munduan. Non dauka abiapuntua?
Xabierrekin denbora asko daramat elkarlanean. Enkarguak egin izan dizkiot Bilboko txistulari bandarako, baita nire proiektu propioetarako ere. Aspaldiko laguna dut,eta gustatzen zait betiko lagunekin egiten dudan lana disko batean islatzea, Aitor Furundarenarekin eta beste batzuekin egin izan dudan bezala. Orain dela bost urte hasi nintzen ideia honekin, baina Xabierrek lan asko ditu, eta garbi nuen bere denborak errespetatu behar nituela. Ondorioz, atzeratuz joan da, baina iaz bete ziren 25 urte txistulari profesional hasi nintzela, eta iruditzen zitzaidan ordua zela proiektuari heltzeko.
Diskoak ahaire balkanikoak ditu, Andeetakoak... baita raggamuffinetik gertu dagoen kantu bat ere, Juantxo Arakamak kantatua. Egileei eskatzean, ideia jakinak ematen zenizkien?
Bai. Ni interpretea naiz beste ezeren gainetik, eta nire esfortzuak horretan garatu ditut. Momenturen batean edo bestean zerbait egin nahi dut, baina hori garatzeko konpositore baten beharra daukat. Zorionez, ulertzen nauen jende asko izan dut ondoan.
Txistua molde askotara egokitu ahal dela erakusten du diskoak. Hori zen zure asmoetako bat?
Badago txistuak erregistro ugaritan parte har dezakeela erakusteko nahi bat. Urte asko daramatzat ahalegin horretan, hainbat formatutan funtzionatzen duela erakusteko gogoz, eta honek ere horren erakusle izan nahi du. Diskoan hiru txistu ezberdin erabili ditut, eta bakoitzak bere nortasuna dauka. Esaterako, Xabi Aburruzagarekin jotzen dudan bals zelta goxo horrek [The Wedding Waltz] ez du balio kaleak animatzeko; ez dago betidanik ezagutzen dugun txistuarekin interpretatua, beste tonalitate bat du eta. Saxoak ere badira baritonoak, tenorrak... Bakoitza bere funtzioarekin. Baina txistuaz ari garenean, ematen du bakarra dagoela. Txistua da familia handi bat, eta gure esku dago, komunikabideen eta halako lanen bitartez, erakustea beste batzuk ere badirela.
Zergatik ezjakintasun hori?
Txistua oso tresna egunerokoa da, eta horrek, askotan, gure kontra egiten du. Oso ohikoa da ikustea txistua, modu amateur batean, dantzak laguntzen, kaleak animatzen, lan instituzionala egiten, Agur Jaunak bat jotzen ekitaldi batean... Baina beste funtzio bat ere betetzen du: aretoetan jotzen da, ganbera formatu batean, eta, horretarako, txistulariak maila bat izan behar du. Hori ez da jende gehienarengana iristen. Eta, diskografia mailan, dagoena dago. Ni pixka bat mugitu naiz, beste batzuk ere bai, baina asko ez dago. Denbora beharko dugu, eta pedagogia pixka bat ere egin beharko dugu. Eguneroko horrek aurreiritzi oso sakonak sorrarazten ditu. Ez da ahaztu behar txistuak antzinatasun izugarria duela, eta azken berrogei urteotan iraultza txiki bat gertatu dela, akademizatzea gertatu denean. Txistulariak teknika handiko profesionalak bihurtu gara, baina, beharbada, oraindik ez da nahikoa gizarte osoari esateko: «Txistua hau da, eta hori ere bai, eta hori...».
Zuk sumatzen dituzu aurreiritziak?
Bai. Batzuetan penarekin hartzen dut. Orain dela bi aste Bidaia proiektuarekin izan ginen Azpeitian [Gipuzkoa], Xabier Zabala, Kaabestri Ensemble eta Miren Fernandez abeslariarekin, eta aretoa bete egin zen. Proiektu horrekin erakusten ditugu erregistro asko: birtuosismoa, tristura, dantzagarritasuna... Eta bukaeran etorri zitzaigun jendea esaten: «Nik ez nuen pentsatzen txistua...». Ez nekien hori lausengu moduan hartu, edo penatu... Baina hori gertatzen da oraindik.
Trikitiak, adibidez, lortu du aurreiritzi horiek gainditzea, ezta?
Trikitiak gainditu zuen hori. Alde batetik, 1990eko hamarkadan triki-pop deitu zitzaion etiketa horrek eztanda egin zuen, eta milaka disko saldu ziren. Eta gerora atera diren beste askok ere lortu dute salduko diren eta komunikabideetan azalduko diren produktuak egitea. Txistuari oraindik ez zaio hori iritsi. Eta ez dakit iritsi behar zaion ere! Azken batean, txistua ez da inoiz modan egon, baina ez da modaz pasatuko ere. Baina begira ze buelta eman duen bertsolaritzak azken urteetan! Jakin dute hori egiten, eta antolatzen. Txistulari batek lepoa ateratzen du, beste hark ere bai... Baina asko ere ez gara.
Txistulariak izan, badira, baina ezagunak ez zarete asko.
Erreferentzialak asko ez gara, nahiz eta txistulari asko eta onak egon. Uste dut musika ikasketak bukatzen ditugula su eta gar, eta gero hustu egiten garela. Bakoitzak ikusten du nondik atera ogibidea, eta gehienek musika eskoletara jotzen dute. Hori, jakina, oso lanbide duina da, baina jotzeko eta batekin edo bestearekin lan egiteko behar den autoexijentzia hori galdu egiten dugu, eta bihurtzen gara —errespetu osoz diot—, mentalitatez, musikaren funtzionarioak. Uste dut hori ez dela nahikoa lanbidean mantentzeko. Beste musika tresnekin ere gertatzen da hori: talentua izanda ere, sasoiko egoteko, kirolariek bezala, landu egin behar duzu. Eta, txistuaren kasuan, gutxik erabaki dugu interpretazioan eta beste esparru batzuetan sakontzea.
25 urte daramatzazu txistuari erabat emanda. Zer esaten dizu horrek?
Atzera begiratzen hasten naizenean, ikusten dut izugarrizko garapena izan dudala, asko hobetu dudala. Nik beti izan dut konfiantza handia nigan, baina garai bateko irudiak ikusten hasi eta... Penagarria iruditzen zait [barrez]. Bilakaera bat izan dut, eta oraindik ere hobetu nahian nabil, probatzen eta aldatzen, eta hori inportantea da musikari batentzat.
Lan oso ezberdinak atera dituzu. Beti ere txistuaren kolore ugaritasun hori erakusteko gogoz?
Lan horietako batzuk aurrez pentsatuak izan dira. Gabezia diskografiko batzuk bete edo jendeari molde jakin batzuk erakusteko nahia izan dut beti. Hor sartuko nituzke Bihurrikerietan eta Txistu Symphonic, esaterako. Zorionez, txistuak beti izan du harremana musikari handiekin. Luis Urteaga, Eduardo Gorosarri, Jesus Guridi, [Pablo] Sorozabal... Haiek txisturako idatzi zuten, eta pentsatu nuen polita izango zela orkestra batek lagunduta jotzea. Halakoak aurrez pentsatu izan ditut, eta beste batzuk, aldiz, etorri egin zaizkit. Sosegua, adibidez, familian izandako gertaera tragiko baten ondorioa izan zen. Barruan sentitu nuen tristura hori ateratzeko modua. Khami proiektua, berriz, Carlos Sagik proposatu zidan, eta horretara jarri behar izan nuen, ni janzten eta apaintzen moldatzen bainaiz, baina inprobisatzen, aldiz... Zorionekoa ni halako proiektuetan parte hartu izan dudalako.
Teknika aldetik, garapen handia izan du txistuak?
Asko garatu da. Ezinbestekoa litzateke aipatzea 1970eko hamarkadaren erdialdetik Jose Ignacio Ansorenak egin zuen lana. Ordura arte, bazen mundu bat, fa sostenituaren mundu hori, bere mugekin eta estridentzia handiarekin; orduan oso erregistro gutxi zegoen. Ansorenak aldaketa handia sustatu zuen. Metodologia bat sortu zuen, sartu zuen irakaskuntzan, joan ziren profesionalak sortuz... Eta txistugileek ere lan handia egin dute gurekin elkarlanean. Penintsulan badira hiru zuloko txirulak, ez baitugu pentsatu behar horiek guk asmatutakoak direnik. Hiru zuloko flauta oso ohikoa izan da dantza laguntzeko penintsula osoan: Salamancan, Zamoran, Andaluzian... Baina txistutik oso urrun daude. Industrializazio eta Ilustrazio garaietan hobekuntza tekniko handiak izan zituen txistuak, eta horri gehitzen badiogu metodologiari esker kontserbatoriotik ateratzen diren musikariak oso ondo prestatuta daudela...
Hori nola uztartzen da mundu amateurrarekin?
Beti egon dira txistulari eskolatuak eta eskolatu gabeak, eta elkarrekin bizi behar dugu. Txistulari amateurren mundua, zorionez, oso handia da, baina egia da horrek batzuetan ezkutatu egiten duela bestea.
Zer inportantzia dauka tradizioak zuretzat?
Tradizioa gauza bizi modura ulertzen dut. Nik iragana asko errespetatzen dut, eta begiratu ere begiratzen diot, baina, bestetik, aurrera begira ere banago, eta ez daukat erreparorik esperimentatzeko. Bestela hainbat gauza ez nituzke egingo. Tradizioa gauza bizi bat da, eta XXI. mendean proposamen zabal bat egin behar diogu jendeari, ez klixeetan eta garai bateko formetan oinarritutakoa.
Interpretetzat duzu zure burua. Sortu, sortu duzu, baina ez duzu zure lana horretara bideratu. Zergatik?
Nik garbi daukat interpretea naizela hein handi batean. Ikasketak egin nituen, gai naiz konposizio txiki batzuk egiteko, eta egin ere, egin ditut. Baina ezin dut neure burua konpositoretzat jo. Badakit zeinen beharra izan dudan egiten dudana egiteko eta daukadan exijentzia maila musikala mantentzeko; nik ezin dut nire burua hor kokatu. Egiten ditut postal txiki batzuk, baina ez nobela bat. Ezingo nuke. Etiketa hori ez dut niretzat hartzen.
Eta gaur egun nahikoa konposatzen da txisturako?
Nik uste dut baietz. Zorionez, egin diren hezkuntza erreformen ondorioz, orain Musikenetik txistu ikasketekin ateratzen direnak gu baino formatuago ateratzen dira, eta txisturako musika egiteko ere badira gai.
Euskal Herriko Txistulari Elkarteko presidente izan zinen hamar urtez. Elkarteak dinamizatzaile lan bat egiten du?
Ez asko. Gehiago da elkartuta sentiarazten gaituen plataforma bat. 1927an sortu zen, behar bati erantzuteko, hau da, kantutegiak konpartitzeko, eta, gaur egun ondo errotuta dagoen erakunde bat bada ere, kritiko jarrita, ez du ez kudeaketan, ez bultzada mailan, beste elkarte batzuek, Bertsozale Elkarteak adibidez, egiten duten lana egiten. Balio digu familia garen sentsazioa izateko, eskualdeka ordezkatuak egoteko, eta momentu batean txistulari alarde bat antolatu behar badugu bultzada hori emateko. Nik uste dut bultzada bat beharko lukeela.
Zenbat txistulari dago egunEuskal Herrian?
Elkarteak badu datu base bat, baina pentsa zenbat txistulari egongo diren hor ez daudenak! Herri gehienetan dago, gutxi asko, txistulari talde bat. Edo dantza taldeko norbaitek betetzen du funtzio hori. Milaka izango dira. Gero beste kontu bat da maila, eta txistua nola agertzen den kalean. Irudipena daukat batzuetan txistua kalean entzuten den modua ez ote den kaltegarria txistuarentzat berarentzat. Egokitu behar dira txistulari amateurrak? Edo lan musikala beharrean lan soziala egitera goaz kalera? Galdera horiek denak hor daude.
Gaur egun, hiriburuetako bandak dira profesional bilakatzeko modu bakarra?
Bilbon, Donostian eta Iruñean udal bandak daude; Gasteizen ez. Lehen bazegoen, baina udal folklore akademiara lotuta dago orain; eta Iruñean, berriz, egon badago, baina diru laguntzekin funtzionatzen duen talde batek egiten du lan hori. Ez dago udalaren organigraman. Eta bai, hor aritzea da profesional bilakatzeko modu bakanetakoa.
Garikoitz Mendizabal. Txistularia
«XXI. mendean, proposamen zabal bat egin behar du txistuak»
Tradizioarekiko errespetuak ez dio bide berrietan arakatzeko mugarik jartzen Garikoitz Mendizabali. Xabier Zabalarekin eta hainbat musikari lagunekin osatutako 'Ibili munduan' diskoa du horren adibide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu