XX. mendeko baskoien Orreaga

Burgosko Prozesua eta haren ingurukoak bildu dituzte Mikel Antza idazleak eta Adur Larrea marrazkilariak 'Burgosko auzia. Iraultza eta bizi' komikian. Nobela grafikoaren eta saiakera historikoaren artean dabil lana

Burgosko Prozesuan epaitutako herritarretako bat deklaratzen ageri da Burgosko auzia. Iraultza eta bizi! komikiaren biñetetako batean. ADUR LARREA.
Inigo Astiz
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Epaiketa hasterako ere, frankismoak ebatzia zuen Burgosko auziko epaia. Plana zen hamasei euskal ekintzaileren aurkako zigor zentzagarriak ezartzea, eta, horrela, betirako deuseztatzea nagusiki ETAren bueltan antolatutako erregimenaren aurkako erresistentzia. Saioak 1970eko abenduaren 3tik 9ra egin zituzten, eta abenduaren 28an heldu ziren sei heriotza zigor eta 712 kartzela urte pilatzen zituzten kondenak. Gaizki atera zitzaien indar erakustaldia, ordea. Herritarren protestek, akusatuen diskurtsoek, antolatutako ekintzek eta nazioarteko elkartasunak indultua ematera makurrarazi zuten diktadura, eta, egun, historialariek haren gainbeheraren ikurtzat dute Burgos horregatik. Hain zuzen, duela 50 urteko gertakari haiek kontatu dituzte Burgosko auzia. Iraultza eta bizi! komikian (Gara) Mikel Antza idazleak eta Adur Larrea marrazkilariak. Egileen hitzetan, epaiketa hark «hilzorian» zegoen herri bat piztu, eta historian kokatu baitzuen. «Burgosko auzia XX. mendeko baskoien Orreaga izan zen».

Komikia benetako gertakarien «birsortze irudikatua» da, egileek liburuko lehen orriko lehen oharretik argi utzi nahi izan dutenez. Hamaika elkarrizketa egin dituzte lana dokumentatzeko, gaiari buruzko liburuak irakurri dituzte, dokumentalak ikusi, hemerotekak aztertu, eta epaiketan izandako abokatu zein akusatuekin ere aritu dira hizketan; baina Antzak onartu duenez, hainbat lizentzia hartu dituzte gero, gidoiaren mesedetan. «Historia kontatzen duen istorio bat kontatzen du lanak». Esaterako, asmatuak dira kontakizunaren hari nagusiari eusten dioten pertsonaiak, eta eszenak ulergarriago egiteko moldatuta daude zenbait detaile, baina historikoa da oinarria beti. «Oso konprimatuta dago dena».

Mosaiko modura osatu dute komikia, eta atalka antolatuta tartekatu dituzte epaiketa barruan zein kanpoan gertatutakoak. Epaiketa lehertu eta akusatu guztiak Eusko gudariak abesten hasi ziren unea erakusten du pasarte batek; badira kaleko protestei eskainitako orri batzuk; kapitulu bat eskaintzen zaio ETAren VI. adarrak auzipetuak askatzeko antolatutako ihesaldi saiakeraren porrotari; eta Eugen Beihl kontsul alemaniarraren bahiketa ere kontatzen du komikiak; nola lortu zuen ETAren V. adarreko kideen zaintzari ihes egitea, eta Montori herriko ostatu batera laguntza eske sartu ostean, herritarrek nola eraman zuten bueltan bahitzaileengana. «Atal horietako bakoitzarekin komiki bat egin liteke», onartu du Antzak, baina ikuspegi metaketa horren bidez azaldu nahi izan dute Burgosko auziak izan zuen erantzunaren eta eraginaren neurria.

Zaindu ditu detaile historikoak Larreak ere, baina, dioenez, bizitasunaren alde egin du marrazkietan. «Pertsonaia asko ditu istorioak, eta kokapena ere aldatu egiten da kapituluz kapitulu, baina gidoia harira joan da hasieratik, eta uste dut komikiaren mesedetan izan dela hori, irudikatzeko korapilatsua izan zitekeelako bestela».

Erdi komiki, erdi saiakera

Eleberri grafikoaren eta saiakera historikoaren arteko hibrido bat da lana. Izan ere, komiki formatuan kontatutako ehun orritik gorako kontakizunaz gain, 40 orritik gorako testu bat ere badu liburuak. Antzak Burgosko Prozesuaren aurrekari zein ondorioei buruzko gogoeta sorta bat bildu du bertan, eta bibliografia bat ere gehitu diote amaieran. Larreak eman du azalpena: «Gauza asko jakintzat ematen dira komikiaren gidoian, eta testuingurua ere emateko beharra ikusi genuen». Horregatik gehitu dituzte garaiko egoera politikoari buruzko azalpenak, Meliton Manzanas polizia frankistaren hilketari zein ETAren zatiketari buruzkoak, edota Francori indultu eskaera helarazi zieten nazioarteko gobernu guztien zerrenda xehea ere.

Ez da historia ariketa soila, ordea. Idazlearen hitzetan, gaur eguneraino luzatzen baita Burgosko Prozesuan gertatutakoen soka, baina komikiaren testuan bertan esaten duenez, ez da erraza horri buruz aritzea. «Eta ez da ezin azalduzkoa, azalpenik ez duelako, baizik eta, oraindik gaur egun, azalpen batzuek Espainiako epaitegietan ondorio penalak izan ditzaketelako».

Antzak dioenez, «historia jarraitu bat» erakustea izan da helburua. «Orain modan jarri da historia hurbila oroitaraztea, baina historia hurbil hori oroitarazten da zerbait bukatua balitz bezala, eta guk marrazkien eta testuaren bidez adierazi nahi izan dugu historia hori ez dela bukatu, eta gaur egun oraindik bizi ditugula Burgosko auziak Euskal Herrira ekarri zuen horren ondorioak. Onerako eta txarrerako. Onerako, orduan ez zegoen herri bat gaur egun badagoelako, eta, gero, izate horrek ekarri du oraindik ere presoak daudela eta abar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.