Literatura

XVII. mendeko euskarazko liburu bat atzeman dute Frantzia ekialdean

Joanes Haranbururen liburu bat da: 'Devocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia'. Irakurzale batek aurkitu du, bigarren eskuko saltoki batean; erosi egin zuen.

Joanes Haranbururen liburuaren orrialdeetako bat. BAIONAKO MEDIATEKA
Joanes Haranbururen liburuaren orrialdeetako bat. BAIONAKO MEDIATEKA
Paulo Ostolaza - Leire Casamajou Elkegarai - Xalbat Alzugarai
2024ko uztailaren 31
19:00
Entzun

XVII. mendeko euskarazko liburu bat atzeman dute Frantzia ekialdean. Joanes Haranbururen liburu bat da: Devocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia. Haranburu (Sara, Lapurdi) XVII. mendeko euskal idazle eta elizgizon frantziskotarra izan zen. Liburu hura 1635. urtean eman zuen argitara lehen aldiz, Bordelen (Okzitania). Frantzia ekialdean atzeman den ale horren argitalpen urtea, ordea, ez dute oraino zehaztu; ikertzen jarraituko dute.

Ariane Lepilliet da liburua atzeman duen pertsona, eta, liburua gordea eta zaindua izan dadin, Baionako liburutegiari emanen dio heldu den urtean, dokumentazioaren inguruko biltzar batean. Bitartean, Lepillieten etxean dago. Baionako liburutegiari esker jakin du «jainkozaletasunaren inguruko liburu handi bat» dela, «batez ere marinelei eskainia», France Bleu irratiak jaso duenez. «Egunerokoan fedea praktikatzen laguntzen duen liburu bat da. Otoitzei, irakurgaiei, ikasgaiei eta erlijio jaiei jarraitzeko modua ematen duten egutegiak ditu». Geroztik, haren inguruko jakin-mina du irakurzaleak: «Zer ikusiko ote zuen liburu horrek? Marinel batena izango zen? Itsasoetan zehar ibiliko zen? Zergatik irten zen liburu hau Euskal Herritik, eta nola amaitu du Chalons-en-Champagnen?».

Baionako mediatekak liburuaren bi ale ditu jadanik, baina biak andeatuak dira, eta ez osoak. Horregatik da arraroa aurkikuntza hau: mediatekako zuzendari Anne Sarah Larochen arabera, «liburua zinez egoera onean da». Larochek BERRIAri azaldu dionez, Lapillietekin harremanetan segituko dute heldu den urtera bitartean, eta biltzarrean emanen dituzte obraren inguruko xehetasun haboro hitzartu.

Aurkikuntza

Oinetako, arropa eta ontziteria zaharren artean galduta zegoen liburua, Frantzia ekialdeko Chalons-en-Champagne herriko bigarren eskuko denda batean. Hala ere, larruzko tapa hark arreta eman zion Lepilliet irakurzaleari. «Berehala sumatu nuen zerbait interesgarria zuela. Liburuaren hasieran 1690. urtean hasten den egutegi txiki bat dago, garai hartan inprimatutakoa dela pentsarazten duena. Jakin-mina piztu zidan hizkuntza ez nuelako berehalakoan ezagutu, baina euskara dela ondorioztatu nuen, azalean jartzen baitu Baionan inprimatutakoa dela», azaldu dio France Bleu irratiari.

Liburuzaina da Lepillietek, Frantziako Ekialde Handia eskualdeko Interbibly idazleen elkarteko arduraduna. Ekainean erosi zuen liburua, zortzi euroan. Denboraren poderioz horituak ditu orriak, baina ia ukitu gabe dago alea. Frantziako Liburutegi Nazionalaren katalogo batean bilatu zuen informazioa, eta harremanetan jarri zen Baionako liburutegiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.