Bost aleko uzta ondu du udazken honetarako Igela argitaletxeak: hiru itzulpen berri eta bi berrargitalpen. Mohamed Xukriren Aurpegiak eta Agatha Christieren Bost txerrikume eta Etxe bihurria eleberriak estreinakoz heldu dira euskarazko literaturara; aldiz,Henry Jamesen Koxka bat estuago eta Dashiell Hammetten Uzta gorria zaharberrituta datoz, Igelaren hastapenean mugarriak izan ziren lanak biak ala biak.
Atzo aurkeztu zituzten bost liburuak, Donostiako udal liburutegiko sotoan. Han izan zen Arantzazu Royo Manterola itzultzailea, «literatura arabieratik euskarara zuzenean itzultzen duen bakarra», alboan zuen Xabier Olarra editoreak zehaztu zuenez. Mohamed Xukri Marokoko idazlearen trilogia autobiografikoaren lehen bi aleak berak ditu euskarara ekarriak —Ogi hutsa 2010ean eta Hutsegiteen garaia 2014an—, eta falta zena ekarri du orain, zirkulua itxiz: Aurpegiak. Hiru liburu horiek egin zuten Xukri ezagun Mendebaldeko zein mundu arabiarreko literaturetan. Haurtzaro latza izan zuen oso, eta hori da autorearen alderik «bereizgarrienetakoa» Royorentzat: handik irteteko eta hura kontatzeko gai izan zela. Trilogiako lehen alean kontatu zuen nola Rif eskualdean jaio ondoren, familiak Tangererra emigratu zuen berak 7 urte zituenean, goseak behartuta, eta nola 11 urterekin gela bakarreko etxetik ihes egin zuen, kalean aterpe hartu, eta droga, indarkeria, prostituzio eta beste giro ilun batzuetan sartu. «Gizarte klase zapaldu baten erretratua» da liburua, Royoren hitzetan.
Kartzelan alfabetatu zen 20 urterekin, eta gaztarotik helduarora bitarteko urteak bildu zituen trilogiako bigarren nobelan; irakasle lanetan aritu zen haurrekin orduan, baina gaueko girotik gertu jarraitu zuen, hala ere. Tangerrera itzuli zen, eta han bizi ziren idazle, artista eta intelektualak ezagutu zituen; Paul Bowles, Tennessee Williams eta Jean Genet, besteak beste —oroitzapen liburu bana ditu idatzita horien inguruan—.
Bere bizitza jasotzen zuen obra horren hondarrean, Aurpegia«helduarotik zahartzarorako zubitik egindako atzera begirakoa» da, Royoren arabera. Nobela gisaezagutzen den arren, «narrazio laburren katea» da lana harentzat, zeinaren ardatzak Tanger eta orduko garaia diren. Bizi izandakoak ahobilorik gabe kontatzen ditu, pentsamolde kontserbadorearentzat ezerosoak ziren hainbat gairen —zentsura ekarri ziotenak— eta maitasunaren inguruko gogoetak harilkatuz. Itzultzailearen hitzetan, «liburu honetan Xukri ez da aurreko bietako pertsona bera. Oraingo honetan, heldutasunaren begiradaz agertzen ditu marjinalitatearen mugetan bizi diren izakiak. Heldutasunetik, amorru gutxiago eta samurtasun gehiago ditu bizimodu horietara hurbiltzerakoan». Bihar beteko dira, hain justu, hamabost urte Xukri hil zela.
Christie, «arinago»
Xukriren, eta baita Hammetten eta Jamesen, literaturaren aldean, «arinagotzat» jo zuen Olarrak Agatha Christieren literatura. Nolanahi ere, «funtzionatzen» duen literatura dela aipatu zuen; nola azaldu bestela dozenaka hizkuntzatan urtero egiten diren milioika itzulpenak. Euskaraz ere ez dira gutxi haren lanak, eta Ainhoa Ederrek itzuli dituen Bost txerrikume eta Etxe bihurria lanekin idazle britainiarraren hamar titulu bildu ditu dagoeneko Igelak.
«Liburu hauek ez dute ia azalpenik behar, denok dakigu, gutxi gorabehera, barrenean zer aurkituko dugun: hilketa bat gertatu da, asko dira susmagarriak, eta detektibeak, aurrean dituen datuak ikertuz, nor izan den asmatu behar du», laburtu zuen Olarrak. Christie dagoeneko «marka» bat bihurtu dela aipatu zuen, eredu bati erantzuten dioten nobelak direla harenak, eta horrek «han eta hemen jarraitua izatea» errazten duela, beste idazle batzuk planteatzen dituzten egitura konplexuagoek ez bezala.
Bi elementu uztartzean datza Christieren nobelen arrakasta Olarrarentzat: beldurra eta misterioa. Eta irakurleak «jarrera aktiboa» izan behar du horren aurean. «Sekulako balio literarioa izan gabe ere, jokoan sartzeko gogoa dutenentzat, beti dira erakargarriak Christieren nobelak».
«Liburu ikonikoak»
Joseba Urteaga ere izan zen liburuen aurkezpenean. Igelaren sortzaileetako bat izan zen 1980ko hamarkada amaieran, eta 1993an ekarri zuen euskarara Koxka bat estuago, Henry Jamesena, orain berregin duena: «Erabat berria da itzulpena; orduan, ez nekien zer nuen esku artean». Agortuta zegoelako berrargitaratu dute, baita ezinbesteko klasikotzat dutelako ere. Berdin Dashiell Hammetten Uzta gorria, Olarrak itzulitakoa. «Guretzat, liburu ikonikoak izan dira beti; horregatik iruditu zaigu mantendu behar genituela».
Xukriren trilogiaren azkena eta Christieren bi lan, Igelaren uztan
Arantzazu Royok itzuli du 'Aurpegiak', Mohamed Xukriren hiru liburu autobiografikoetan azkena. Ainhoa Ederrek gehitu ditu Christieren beste bi lan egilearen euskarazko sortara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu