Agertoki huts bat, isilik argi itzalean, eta etxerako erabiliko genukeen arropa soilaz, berdin jantzitako bost gizon-emazte geldirik: zenbat denboraz eutsi ahal izango genioke egoera horri deseroso sentitu gabe? Bortxaz jasotzen ditugu impasse tarte horiek, eta exijitu egiten diogu artistari barruan sortzen zaigun deserosotasun hori bete dezan kolorez, soinuz, mugimenduz, hitzez.
Badira zenbait, halere, morrontza horri uko egin, eta —bazterrean geratzeko arriskua onartuz— bidaia-sari bat ordaintzeko eskatzen digutenak: «Zertara zatoz hona ni ikustera, zeure burutik ihesi, ala zeure baitara biltzeko prest; denbora-pasa, ala nire lanak eta ikerketa isilak emango dizun isla zeureganatzeko ahaleginean?». Estimulu gabezia eragile den une horretan abiatu zen herenegun Errobiko Festibaleko bigarren gaualdeko emanaldia, Mizel Theretek zuzendutako koreografiarekin. Hegaztiak gaitzat hartuta osatu trilogiaren ixteko, Xorien ihesa Laboaren azken kantuari («Zuen eskuak zabaltzen diote/ xoriak laudatu egiten dituzue,/ lausengu lirikoak ere dedikatzen dizkiezue/ baina zuengandik beti ihes doaz») dei egin zioten bost dantzariek, eta isilik geratu ziren, geldi eta adi, mendeetan zehar errepikatu diren hotsen oihartzunen zain. Johanna Etcheverryk, Gael Domengerek, Eneka Bordato-Riañok, Matxalen Bilbaok eta Robert Jacksonek harilkatu zuten oihartzunez jositako ehun sotila, horren baitan ikus-entzuleak harrapatzea lortu zuen ordu beteko emankizunean.
Bost dira dantzari-xoriok, baina xori baino, emazte eta gizon dira, beren baitatik ezin askaturik, barnean daramaten hegazti hori gorpuzten dutenak. Xoriek hegaldatze dotore eta beti iradokitzailean bere burua behin eta berriz islatuz, hautsita sentitu ohi da emaztea ala gizona; kaiola baten modura bizi du gorputza, nondik xori hegalari horrekin amets egiten duen, kartzela horretatik inoiz libratuko al dena. Eutsi egiten zioten minutu luzeetan ahalegin horri dantzariek, haien artetik tiraka bezala zabaltzen zen espazioa betetzeko tentsioan. Isilik betiere, gorputzaren orro isila agerian, ezpada noizbehinka polifonia baten goxotasunean babesteko.
Horrela agertu ziren han-hemenka Ahaire zahar huntan eta Soule izenekin Javier Bello-Portuk osatu eta Kea taldeak grabatutako piezak; berdin Ürzo lüma eta Arvo Parten Agnus Dei. Apenas hausten zuten talde kantuok isiltasun hori, gorputz bakartuek aurrera zeramaten borroka gor etengabea zena. Gehiago ziren hegaztien oihartzun guztien oroitzapen, taldean gauzaturiko bakardadearen leungarri. Amore eman behar, halere, amaieran: kalatxorien garrasiak entzun ziren, eta lurrean etzanda edo elkar besarkatuz dantzariak, bost-bat edo hiru-bat eginez, gorputzez baino nekez sentitu edo adierazi litekeen giza elkartasun ezinbesteko hori bilatuz, adieraziz, gorpuztuz.
Hegan jarraituz
Ondoren etorri zenak izan zuen hegaldatzearekin zer ikusirik, gure ohituretatik eta moldeetatik urrutira eramaten gaituzten musiken bitartez suertatu zena. Elkartu ziren oholtzan Senegaleko Ablaye Cissoko griot-kantaria, Irango Kiya Tabassian setar jotzaile eta kantaria, Kanadako Pierre-Yves Martel viola da gamba jotzailea, Italiako Ziya Tabassian eta Frantziako Keyvan Shemirani, biak perkusio jotzaileak, eta bosten arteko bidaia musikal bakana eskaini zuten. Griota Afrika mendebaldean irauten duen kantari-kontalari gisako bat da, poema homerikoak kantatzen zituzten haien gisakoa, herri edo leinu baten historia mitikoan barneratuz izaera bat bere komunitatean eguneratzen duena. Gisa horretakoa da Cissoko senegaldarra, eta bere ahots gozoak, korarekin lagunduta, urrutiko paisaia eta denboretara eramaten du entzulea. Antzeko zerbait antzematen zitzaion Tebassian irandarrari.
Halere, harrigarriena bostak batera eta elkarrekin aritzea izan zen: Europan orain dela sei edo zazpi mende egiten zen musika motekin lotzen ziren une eta giroak, Asia erdialdeko edo Afrika mendebaldeko aireekin modu naturalean ehunduak, hain justu. Garbi entzuten zen une batean ahots bat edo bestea, baina baita hiru giroak bat eginda ere, paraje eta historia ezberdinetako giza bidaia bakartzat hartzeko moduan. Are gehiago, antzematen zen garaikidetasun harrigarri bat hiru zibilizazio eta lau kontinente elkarrekin aritzeko modu musikalean; ez ziren aritu musika tradizionala berritzen soilik, baizik eta zerbait berria eta elkarrekin egindakoa sorberritzen.
Errobiko Festibalak sakontasun handiko uneak eskaintzen ditu, eta horrela ari da erakusten aurten ere. Atzoko Haratago ikuskizuna, non Zuberoako basa-ahaideen interpretazioa musikari gazte euskaldunen eta europarren artean egin zen, Mazedoniako buhameen Kocani Orkestraren emanaldia, eta beste hainbeste adibide izan ziren. Tartean, Brasilgo forroa edo Garaziko nahiz Kongoko dantzak. Gaur, goizeko hamarretan abiatuko da Mondarrain mendian zeharreko ibilaldi poetikoa, aurtengo edizioa ixteko.
Xorien ihesa
Dantza izan da Errobiko Festibalaren bigarren eguneko protagonista, Mizel Theretek zuzendu piezarekin. Halere, lau kontinentetako doinuak uztarturik entzuteko aukera ere izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu