Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko VI. Bertsolari Txapelketaren finala larunbatean jokatuko da, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Jai Alai ezkerparetan, 17:00etan.
24 bertsolarietatik sei ariko dira finalean: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Patxi Iriart Hiribarren eta Miren Artetxe Sarasola.
Amaia Castorene eta Aritz Bidegain izanen dira gai jartzaileak. Garaileari Andoni Iturriozek jantziko dio txapela: hark uzten dio Senpereko (Lapurdi) Larraldea etxaldea hala nola Bertsularien Lagunak elkarteari.
Elkarteak txapelketaren balorazio baikorra egin du, nahiz entzule gutixeago egon den.
Guziek finalean parte hartzearen bozkarioa aitortu dute, txapelketako giro ona, eta urduritasun zerbait ere bai. Baina oroz gainetik, «gozatzera» doaz.
MADDALEN ARZALLUS ANTIA Xilabako finalerako sailkatua
«Indarra jaitsiz joaten da; azken txanpa falta da, eta eutsiko zaio»
«Lehen saiora urduri joan nintzen, baina indarra eman zidan bigarren saiorako, oso kontent atera bainintzen. Finalera ere hola noa. Indarra jaitsiz joaten da; azken txanpa falta da, eta eutsiko zaio. Norbere buruarekin gustura geldituz gero eta publikoa ere bai, erronka on bat izaten da. Saio ona egitea dut helburu, horrek bideak zabalduko dituelakoan. Nebarekin aritzeak ez dit asko laguntzen: urduri egoten naiz, nahi dudalako hark ongi egitea eta nahiko lan dudalako neure buruarekin, baina ohituta gaude! Berak ongi egiten badu, ni pozik».
ODEI BARROSO GOMILA Xilabako finalerako sailkatua
«Hau da nire ariketa: konfiantzaz iristea, ziur eta kontzentratua»
«Final bakoitzak badu bere zirrara, eta ilusioa pizten dit; ahalik eta kontzentratuen igo eta bertsoz bertso, ariketaz ariketa nire hoberena eman nahiko nuke. Aski kontent naiz orain arte, oro har, oholtzan lortu dudan tenple, lasaitasun eta kontzentrazio oreka horrekin. Tarteka eskapatu bazait ere, oro har uste dut inoizko kontzentratuen igotzea lortu dudala, eta, azkenean, ariketa hori bera plantan eman nahiko nuke finalean ere. Bertsoa lantzeko manera anitz badira, eta erranen nuke aurtengo ariketa nire gabeziak lantzea dela, neure buruarekin: konfiantzaz iristea, seguru eta ahalik eta kontzentratuen. Eta uste dut lortzen hasi naizela».
AMETS ARZALLUS ANTIA Xilabako finalerako sailkatua
«Nahiko nuke atzeman zerbait ezagutzenez dudana»
«Aldi oro erronka berri bat da, zeure burua probatzeko eta esperimentatzeko: nahiko nuke atzeman zerbait ezagutzen ez dudana eta, bestela, ezagutu bai baina ezagutzeaz kontent nintzen zerbait. Gabadin [Nafarroa Beherea] izugarri pozik gelditu nintzen, eta uste dut denek elkarri lagundu geniola; txapelketa izateko, gozatu nuen. Maulen giro ezberdina izan zen, eta txapelketetan ohikoagoa den sentsazio bat egon zen: eusten eta kontzentraturik eta zure baitaraturik egon beharra. Agian hirugarren hau desberdina izanen da. Arreba hor egotea berezia da; zure baitaraturik zauden horretatik pixka bat ateratzen zaitu hain hurbileko pertsona delako. Saiatzen zara haren tentsioan laguntzen, eta pixka bat mugitzen zaitu. Baina pozten naiz hor dagoelako. Uste dut bere puntua aurkitu duela, eta nahiko nuke final ona egin dezan».
MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN Xilabako finalerako sailkatua
«Txapelketakohelbururik handiena finalera iristea zen»
«Makean [Lapurdi] urduriegi egon nintzen, eta lotua sentitu nuen neure burua. Maulen hobeki, nik uste; lasaiago nintzen. Txapelketako helbururik handiena finalera sartzea zen; beraz, kristoren lorpena da, eta benetan nahiko nuke saio polita egin. Normalean, festa handi bat izaten da finala, eta gozatu nahiko nuke. Bakarkakoan hiru bertso bota behar izateak badakar zailtasun pixka bat handiagoa, baina entrenatzen ibili gara, eta espero dut ideiak bururatuko zaizkidala. Xilaban oso giro ona dago; ez dut sentitzen lehiakortasunik. Uste dut oso bertsokide onak direla ondoan izanen ditudanak. Elkar laguntzeak denen lana ontzen du, eta jarrera horrekin goaz».
PATXI IRIART HIRIBARREN Xilabako finalerako sailkatua
«Egitasmo nazional honen parte izatea da ene lehen motibazioa»
«Nik parte hartzen dut ariketa kolektiboa delako. Egitasmo nazional honen parte izatea da ene lehen motibazioa. Ipar Euskal Herriari begira, euskarak behar ditu bere plazak, eta bertsoak plazak ekartzen ditu; pentsatzen dut nik ere zerbait ekartzen dudala kantatzen dudalarik. Ez nuen espero finalera heltzea; gero, finalerdietara heltzean, borrokatu behar da. Atea zabaldu zait, eta sartu naiz. Donibanera plazer hartzera joanen naiz, eta, hala bada, uste dut hein batean plazer emanen dudala. Lehia da, baina sanoa. Bertso oro joko bat da, eta bestearen kontra, bestearekin, bestearen gainetik... Zentratua joan beharko dut, ez baita festa lasaia!».
MIREN ARTETXE SARASOLA Xilabako finalerako sailkatua
«Behin parte harturik, txapelketa nagusira pasatu nahi dugu»
«Lehen saioan, oso gustura kantatu nuen; bigarrenean, aldiz, ez, lehiaren kudeaketa zaila baitzait. Oro har, giro ona dago, eta gogoa genuen elkarrekin aritzeko. Ongi pasatzea, saio on bat egitea eta publikoari zerbait eskaintzea dut helburu. Eta behin parte hartutik, txapelketa nagusira pasatu nahi dugu. Orain arte, gazte gisa iristen nintzen. Orain, berriz, gazteak badira: Maddi Anek ilusio handia pizten dit, eta ohore bat da haiekin partekatzea. Finalean sei gaude, baina Iparraldean badira askoz gehiago plaza merezi dutenak!».
Xilabaren hondarreko silaba
Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko VI. Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute larunbatean Donibane Lohizunen. Nahiz entzule gutiago izan den, «giro ona» azpimarratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu