'Xiberua kantu loraturik' emanaldia estreinatuko dute otsailaren 22an Iruñean

Julen eta Beñat Axiari kantariek gidatu dute obra, eta Loraldiak ekoitzi, Korrika Kulturalaren babesean. Zuberoako kantu tradizionala da ardatza, «ikuspegi garaikidez landua» betiere.

Julen Axiari, Asier Biurrun eta Beñat Axiari, 'Xiberua kantu loraturik' aurkezten, Gaiarren
Julen Axiari, Asier Biurrun eta Beñat Axiari, gaur goizean Iruñeko Gaiarre antzokian. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko otsailaren 5a
16:00
Entzun

Gaurko begiradarekin tradizioari so egiteko toki bilakatuko da Iruñeko Gaiarre antzokia otsailaren hondarrean. Zuberoako kantagintza tradizionalaren doinuak aditzeko lekua, eta kantu horiek loratzen ikustekoa. Loraldiak ekoitzitako azken obra taularatuko dute, estreinakoz, otsailaren 22an: Xiberua kantu loraturik. Kantua ardatz izanda, ttunttun doinuek, musika elektroakustikoak eta argiztapenak osatutakoa da emanaldia. Beñat eta Julen Axiari aita-semeak aritu dira gidaritza artistikoan, eta kantuan eginen dute beste artista hauekin batera: Maddi Oihenart, Ihitz Iriart eta Mixel Etxekopar. Bost ahots osotara, «bihotzetik bihotzera kantari».

Korrika Kulturala egitasmoaren babesean eginen dute obraren estreinaldia, Iruñean. Gaur aurkeztu dute emanaldia, Gaiarren, eta Korrikaren Nafarroako arduradun Asier Biurrunek oroitu du ez dela lehenbiziko aldia Loraldiaren estreinaldi bat Korrikak lagundurik egiten dena. 2019ko Kalaportu eta 2022ko Hautsi da anphora obrak jarri ditu adibide gisa. Joseba Sarrionandiaren poemei musika jarriz ondua da lehenbizikoa; Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak 1980ko Hautsi da anphora gogoratzeko emanaldia bigarrena. Biurrunek nabarmendu duenez, «oso arrakastatsuak» izan ziren biak, eta sinetsia dago halakoxea izan daitekeela aurki Iruñean estreinatuko dena ere. «Ipar Euskal Herrian aurkitu daitezkeen musikaririk eta ahotsik ederrenak bildu dira honetan», argudiatu du.

Zehazki, artista hauek parte hartuko dute emanaldian: Maddi Oihenart (kantua), Ihitz Iriart (kantua), Beñat Axiari (kantua eta perkusioa), Julen Axiari (kantua eta perkusioa), Mixel Etxekopar (txirula eta kantua), Jordi Cassagne (viola da gamba), Pierre Vissier (elektroakustika), Eliane Hegiaphal (argazkiak), Didier Teillagorri (soinua) eta Mikel Perez (argiztapena).

Obra nolakoa den esplikatzeko, abiapuntura egin du atzera Julen Axiari kantariak. Gogora ekarri duenez, Getarian (Gipuzkoa) hasi zen «abentura». Xabier Aldalur tenorrarekin bildu zen gau batez, Loraldiko zuzendari artistiko Imanol Agirre ere bertan zela, eta erein zuten hazia. Axiarik dioenez, «orain loratuko da». Esker ona adierazi dio Loraldiari, emandako aukeragatik. «Parada eman zaigu ikertzen segitzeko, eta baita –zerendako ez esan– Hegoaldera joateko ere. Ez baita hain erraza Hegoaldean kantatzea, aritzea».

«Ohiko kantak kantatzen ditugun aldi guztietan, berriz asmatzen ditugu, oharkabean».

JULEN AXIARIMusikaria

«Finean, Zuberoako kantagintza eta kantua zentroan dituen ikusgarri bat da». Hala laburtu du Julen Axiarik emanaldiaren muina. Dena dela, ziztuan zehaztu du obra «garaikidea» dela. «Ohiko kantuak biziarazteko beti asmatu behar baitira berriz. Kantu berriak egitean, bistakoa da asmatze hori, baina, ohiko kantak kantatzen ditugun aldi guztietan ere, berriz asmatzen ditugu, oharkabean», azaldu du. Hain justu ere, antzinako eta gaurko kantuak bildu dituzte Xiberua kantu loraturik-en. «Badira kantu zinez zaharrak, egile zein sortze data ezagunik gabeak, eta badira berriak ere, Mixel Etxekoparrenak tartean», adierazi du Julen Axiarik, eta, segidan, zehaztapena egin Beñat Axiarik: «Kantu horiek gure altxorra eta gure eskola dira, folklorismorik gabeak eta gure erroekin lotuak. Guretako, ahoz ahoko tradizioa iturri baten gisakoa da, beti ur berria ematen duen iturri baten gisakoa». Hori hala, ohartarazpena egin du, pozarren: «Agian, fruitu berriak agertuko dira eszenatokian».

«Ahoz ahoko tradizioa iturri baten gisakoa da, beti ur berria ematen duen iturri baten gisakoa».

BEÑAT AXIARIMusikaria

«Unea eta gunea, berezi»

Kantuaz besteko elementuek ere berebiziko garrantzia izanen dute emanaldian, Axiari aita-semeen iritziz. Besteak beste, adierazi dute funtsezkoa izanen dela Mikel Perezek argiztapenarekin eginen duen lana. «Une berezia bakarrik ez, gune berezia ere izanen da horrela», esplikatu du Julen Axiarik. Gainera, Eliane Hegiaphal argazkilariaren irudiak ere izanen dira kantaldiaren parte. «Argazki ezinago ederrak dira», esan dute biek. Hegiaphalen irudietan, Zuberoako naturaguneak eta artzainak dira protagonista, besteak beste. Horiek ere laguntzen dute Zuberoa Iruñera ekartzen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.