Xiberootsek errepresioaren kontrako mezuak eta «gizarteko kezkak» musikatu ditu bere azken diskoan

Xiberootsek aurreko ostiralean argitaratu zuen disko berria audio plataformetan. Lau hilabeteko sorkuntza prozesutik ateratzeko «beharrez», jendeari aurkeztu berri diote. Reggae eta dub doinuetara ekarri dituzte mezuak.

Xiberoots musika taldeko kideek, atzo, Maulen. PATXI BELTZAIZ
Xiberoots musika taldeko kideek, atzo, Maulen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2025eko apirilaren 10a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Zer agitüko. Horrela deitu du Xiberootsek apirilaren 4an atera duen disko berria. Pette Jaragoihen taldeko kantariaren arabera —bi kantarietako bat da—, reggae estiloko kantuak karrikaratu nahi izan dituzte errepresioaren eta populu gutituen aldeko mezua zabaltzeko. Ohi bezala, Xiberootsen hirugarren diskoa aldarrikapenez «betea» dela zehaztu du. Bide batez, «normala» zaio Jaragoiheni, reggae musika «aldarrikatzeko musika» baita oinarrian.

Gerren salaketa, euskararen aldeko borroka eta norberak dituen barneko gerrak agertzen dira disko berriko kantuetako mezu nagusienetan. Haien artean, Txütik kantuak kolonialismoa eta Frantziaren errepresioa salatzen ditu, bertze hainbat zapalkuntzen artean.

Diskoaren izen bera duen Zer agitüko kantuak, berriz, klima aldaketa ez ezik, etorkizun «ezegonkorra» kritikatzen duela zehaztu dute Xiberootseko kideek. Jaragoihenen irudiko, erantzun baino galdera gehiago sortzen dizkio gaurko gizartearen geroak, baita kezka ugari ere. Hori irudikatu dute kantuan: «Zer agituko da orain sortzen direnei/ mundu desorekatu honetan/ berrogei urte baten buruan/ beroturik izanen denean?».

Gizarte gaiak musikatu ditu Xiberootsek. Peio Erramuzpe gitarra jotzaileak erran duenez, aktualitatearen azkartasunetik kanpo, reggae musikak mezuak lantzeko eta zabaltzeko ematen duen parada baliatu dute. «Musikari esker, aktualitatean aste batez bakarrik aipatzen den gaia landu eta finkatu dugu disko honetan».

«Musikari esker, aktualitatean aste batez bakarrik aipatzen den gaia landu eta finkatu dugu disko honetan»PEIO ERRAMUZPEGitarra jotzailea

Kezkez eta arrangurez aparte, musika tradizionalaren eta dub estiloko musikaren arteko nahasketa elektronikoa egin dute Rub a dub kantuan. Hitzik gabeko musika plazaratu dute, eta aitzineko diskoko Basahigh Dub kantuaren segida gisa definitu. Ttun-ttuna eta txirula musika elektronikoarekin nahasteko gogoa izan dutela kontatu du Jaragoihenek. Molde berean, musika tresna tradizionalak eta musika modernoa nahasiz, tradizioa arraberri daitekeela erran du taldeko kantariak. «Iturri zaharretatik, ur berria!». Bide batez, Jon Etxekopar kantariak zehaztu du dub musikari «beharrezkoa» zitzaiola Euskal Herriko elementu batzuk ekartzea. «Gure identitateari begira, dub musikari txirularen hotsa ekarri nahi genion. Txirulak zerbait erraten du kantu horretan, ahots bat balitz bezala funtzionatzen du».

Sortze prozesua

Plazaratu zortzi kantu horietarik batzuk aitzinetik idatziak zirela gehitu du Etxekoparrek, eta erran bertze batzuk berak idatzi berri dituela. «Nik idatzi ditut kantu gehienak ene aldetik, eta gero taldekideei proposatu nizkien, eta hauek musikatu genituen».

Aurten, Oihan Oliarj zuzendari artistiko gisa hartu dute landu kantuei aldaketak ekartzeko eta kobreen partizioak idazteko. Jaragoihenen arabera, Zinka ostatuan gauzatu dute disko berriaren sortzeko prozesu guzia iazko irailetik abendurainoko tartean. «Zinkan zerraturik lau hilabetez intentsiboki landu ditugu kantu guziak. Jonek ekarri hitzak osatu, eta musika atzemateko tartea sortu dugu hilabete hauetan guzietan».

«Zinkan zerraturik lau hilabetez intentsiboki landu ditugu kantu guziak. Jonek ekarri hitzak osatu eta musika atzemateko tartea sortu dugu hilabete hauetan guzietan»PETTE JARAGOIHENKantaria

Ondotik, abenduan, Paxkal Etxepareren estudioan grabatu zituzten kantuak. Grabaketara «kantuak guziz bukatu gabe» eraman zituztela kontatu du Jordi Foucher bateria jotzaileak. «Ez genekien kantu guzietan zer emaitza ukanen genuen, eta egia erran, batzuetan kantuaren sortzeko prozesua estudioan bertan bukatu genuen, eta hori ederra izan zen».

Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan bi eguneko musika egonaldia egin ondotik, disko berria aurkezteko kontzertua Alegiako (Gipuzkoa) gaztetxean jo zuen Xiberootsek. Negutik ateratzea aitzakia hartuta, diskoa lehen aldikotz plazer «handiz» publiko aitzinean plazaratzeko aukeraz mintzatu da Erramuzpe: «Diskoa atera behar genuen. Hasteko, gaztetxeetan kontzertuak ematen hasi gara ikusteko jendeak nola erreakzionatzen zuen; beharrezkoa izan zaigu gure lana partekatzea».

Hazparneko (Lapurdi) gaztetxean jo ondotik, heldu den kontzertua larunbatean Ezpeletan (Lapurdi) izanen du Xiberootsek. Horrez gain, hogei kontzertu data lotu dituztela gaineratu du Jaragoihenek, eta helburua 35 kontzertu jotzea izanen dela, abendua bitartean.

Euskal Herritik kanpo ere joan nahi litzakete Xiberoots. Herriko bestak eta gaztetxeak ez ezik, Beziers (Frantzia) aldeko festibal batean kontzertu bat joko du, eta «hainbat herri zapalduetan» aritzeko gogoa agertu dute taldeko kideek. Hala nola Katalunian, Bretainian eta oro har «populu gutituen elkartasuna» bultzatuz jardun nahi du Xiberootsek.

Musika «nazioarteko hizkuntza» gisa definitu du Jaragoihenek. Etxekoparrek erran duenez, haien helburuetarik bat da Euskal Herriko musika kanpoan ezagutaraztea, euskaraz kantatuz, betiere. «Populu zapaldu baten kezka zabaldu nahi dugu baina euskaraz kantatuz, ez gaitzatela behartu ingelesez kantatzera, eta oraino gutiago frantsesez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.