EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalean joko duten beste bost artista iragarri dituzte: Xiberoots, Olaia Inziarte, Hop Hop Hop Crew, Henge eta Galder ere izanen dira. Bigarrenez, Arberatzen (Nafarroa Beherea) eginen dute jaialdia, ekainaren 27tik 29ra aurten, eta dagoeneko eman dituzte kontzertuak eskainiko dituzten hamazazpi talderen izenak. Iazko aldian 28 taldek osatu zuten kartela. Oraingoan, oraindik jakiteko dago zenbat falta diren argitzeko, edo, bestela esanda, guztira zenbat ariko diren «lurraren herritmoan». Hori du leloa aurtengo EHZk.
Hiru euskal talde dira gaurko iragarpenen artean. Xiberoots musika taldeak Zer agitüko bere hirugarren diskoa aurkezteko aukera izanen du Arberatzen. Apirilean kaleratu du, hain zuzen, eta reggae estiloko kantuak kabiarazi dituzte sorta horretan, eta «errepresioaren kontrako mezuak eta gizarteko kezkak» zabaldu haren bidez. Antzera, Olaia Inziartek ere aurten kaleratu du disko bat —bigarrena du—, Zerrautsa, eta EHZn ariko da bera ere. Baita Galder —Izagirre— ere. 2023an abiatu zuen bakarkako lana berak, Esc lana kaleratzearekin batera. Bestalde, Bretainiako taldea da Hop Hop Hop Crew, eta ingelesa Henge.
Aurrez, beste hamabi talderen berri zuen emana festibalak: Bengo, Inertzia, Marta, Naxker, Polylogue From Sila, Tapia ta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio Byzance eta Maskak. Horiek guztiak Pentzeko eszenan ariko dira, baina, gainera, bestelako emanaldiak ere antolatuko dituzte herriko plazan.
'Su festak' gaur
Jaialdiaren datetatik kanpo ere antolatu ohi ditu zenbait ekintza EHZk. Hain zuzen ere, gaur hitzaldi bat izanen da Amikuzeko Ikastolan, Donapaleun, 19:00etan: Jon Urzelai Urbietak musika festibalei buruzko solasaldia eginen du, 2023an argitaratu zuen Su festak saiakera liburutik tiraka.
Ikusi gehiago