Xenpelarren bertsoak zuhaitz batean aldatu ditu Gotzon Huegun artistak

Errenteriako Udalak antolatutako lehiaketa irabazi du, eta bihar inauguratuko dute eskultura

Araitz Muguruza.
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Zuhaitz batekin irudikatu du Xenpelar bertsolaria Gotzon Huegun artistak (Lasarte-Oria, 1972). Zuhaitz bat, bere fruitu eta guzti. Izan ere, 33 urterekin hil arren, ez zuen uzta txikia utzi Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar-ek (Errenteria, 1835-1869). Bertsolaria jaio zen etxetik gertu, eta errenteriarrek Foruen plaza izenez baino, Xenpelar plaza izenez errazago ezagutzen duten enparantzan jarri dute Xenpelarren fruituak eskultura. Bihar inauguratuko dute, 12:00etan.

Sinbolikoki pisu handia dute zuhaitzek Euskal Herrian, eta hori baliatu du Huegunek eskultura egiteko orduan: «Haritza da euskaldunen nortasuna irudikatzen duen arbola, baina, aldi berean, baserritarrak ere gogora ekartzen eta irudikatzen ditu». Xenpelar, hain zuzen, baserritik kalera joan zen bizimodua irabaztera.

Bertso ugari eman zituen bertsolaria ere bada Xenpelar, eta horietatik garrantzitsuenak izan direnak daude zuhaitzetik zintzilik. Andoni Egaña bertsolaria izan du «gidari» bertsoak aukeratzeko garaian. «Pare bat aldiz elkartu gara, eta ikusarazi dit zein bertso diren esanguratsuenak». Irakurgarri dauden bertsoak Pasaiako plazatik, Iparragirre abila dela eta Betroi bati sortetatik hartutakoak dira, besteak beste. Ia guriak egin du bertsoak bereziki aukeratu dituztela gaineratu du Huegunek. «Gerraren aurka zegoen Xenpelar, agian gerrek bete- betean harrapatu zutelako».

Xenpelarren bat-bateko bertsoetako asko, bertsopaperen bidez iraun dute. Zuhaitzean zintzilikatuta daudenak hala transmititutakoak dira.

Xenpelarren fruituak eskultura hiru metro luze da, eta bi tona pisatzen du. Corten altzairua ez da Huegunek gehien erabiltzen duen materiala, baina lan honetarako egokiena iruditu zaio. «Altzairuak denborarekin hartzen duen kolorea zuhaitz batek urte osoan hartzen duenaren oso antzekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.