Xenpelar dokumentazio zentroak sarean jarri du katalogoa, denen eskura

Bertsolaritzaren datu baseak «maila guztietako ikerkuntza» bultzatu nahi du teknologia berriekin

Jon Fernandez.
Donostia
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bertsolaritzaren datu-basea izeneko webgunea sortu du Bertsozale Elkartearen Xenpelar dokumentazio zentroak, bi helburunagusitan oinarrituta: bere edukiak Internet bidez gizarteratzea eta maila guztietako ikerkuntza bultzatzea. «Jendearen eskura jarritako dokumentazio bizia izateko asmoz sortu zuten Xenpelar 1991n, eta orain artean egin den ahaleginaren gailurra da sareko datu basearen sorrera», Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan.

Xenpelar dokumentazio zentroaren Interneteko katalogoak sei atal nagusi ditu. Agendaren atalean, hilabeteko epean Euskal Herrian izango diren era guztietako saioen berri aurki daiteke. Biografien atalean, bertsolaritzan aritu edo ari direnen 400 biografia daude publikatuta, eta beste 1.000 dituzte datuak eguneratu eta laster sarean jartzeko prest. Aldizkako ekitaldien sailean, berriz, historian zehar gaurdaino izan diren txapelketa, lehiaketa eta sariketen berri jaso dute; 1.600 ekitaldirena, hain justu. Doinuen sailean, Joanito Dorronsororen lana berritu eta sortzaile eta bertsoei lotuta eskaintzen dute. Bertsoen sailean, 6.500 bat-bateko bertsoen bilduma jarri dute sarean, bakoitza dagokion transkripzio, saio, bertsolari eta doinu fitxari lotuta. Azkenik, grabazioen katalogoa dago, Xenpelar dokumentazio zentroaren formatu eta euskarri guztietan bildutako grabazioen berri ematen duten 10.000 fitxak osatzen dutena.

Horrez gain, edozein ataletan parte hartzeko aukera ematen die atariak bertsozaleei: informazioa eman, bildu edo eskatzeko.

Batez ere azken hiru hamarkadetako bertsolaritzaren ondarea biltzen du Xenpelarrek, baina dokumentazio historikoa ere jasotzen du. Nere Erkiaga Xenpelar dokumentazio zentroko arduradunak azaldu duenez, etorkizunean audio fitxategiak, argazkiak, kartelak eta prentsa artikuluak ere jarriko dituzte sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.