Frederick Chopin piano jotzailea (Varsovia, 1810-Paris, 1849) eta Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar bertsolaria (Errenteria, 1835-1869) garaikideak ziren. Beste zenbait kontutan ere bazuten elkarren antza, gainera. Biak, bakoitza bere arloan, artistak. Biak berritzaileak. Biak bizi izan ziren garai politiko gatazkatsuan, eta hil ere, gazte eta gaixo: Chopin 39 urterekin, eta Xenpelar 34rekin. Eta azken hatsa emateko orduan, arreba izan zuten ondoan. «Detaile horrek sortu zuen txinparta», azaldu du Andoni Egañak. Bi arreba ikuskizuna abiarazteko «aitzakia» eman zien xehetasun horrek Egañari eta Xabier Lizaso piano jotzaileari. Bertsoak eta piano doinuak uztartuko dituzte, eta datorren azaroaren 1ean egingo dute estreinako emanaldia, Bilboko Campos antzokian.
Kontakizun batek gorpuztuko du ikuskizuna, eta «lau atal» edukiko ditu, Egañaren esanetan. Lehendabizikoan, Chopinen obra batzuk joko ditu Lizasok, «kontakizunaren aitzakian». Gero, Xenpelarren bertso jarrien sorta bat kantatuko du Egañak, piano jotzailearen laguntzarekin, eta, ondoren, «herri batera joan edo bestera», bertsolariak «okasiorako», propio, prestatuko ditu beste sorta batzuk. Eta emanaldiak bukatzeko, inprobisazioari ere tartea egingo diote, «nola edo zein aitzakiarekin» ez dakiten arren.
Lizasoren ustez, «interesgarriak eta politak» izango dira emanaldiak. Bi arreba ikuskizuna prestatzen hasi arte, ordea, sekula ez zuen harremanik izan bertsolaritzarekin, beti gogoko izan duen arren. Lehengusu batek, baina, bertsoa eta pianoa uztartu zitezkeela komentatu zion. «Jo eta ma geratu nintzen hura esan zidanean». Halere, ideia hari tira egin, eta Lanku Bertso Zerbitzuetako kideekin jarri ziren harremanetan. «Haiek Egañarekin hitz egitea proposatu ziguten» .
Elkartu ziren Egaña eta Lizaso. Hasi ziren hizketan. «Egiten genuenaren berri eman genion elkarri, eta Andoni azkar konturatu zen Chopin asko gustatzen zitzaidala», esan du Lizasok. Egañak ere gogora ekarri du piano jotzailearen etxean egindako «hitz-aspertu» horietako bat: «Chopini buruz ari zitzaidala, une batean konturatu nintzen bazuela harreman handia Xenpelarrekin». Arrebaren detaileak piztu zuen, gero, ikuskizunaren txinparta. Chopinenak Varsoviatik Pariserako bidea egin zuen, anaiaren azkeneko egunetan haren ondoan egoteko. Xenpelarrek ere alboan eduki zuen arreba, baztangaren ondorioz hil zen arte.
Ikuskizunerako erabiliko dituzte bataren doinuetako batzuk, bestearen bertso sorta batzuk. Estreinaldiaren ondoren, azaroan bertan, 22an, beste emanaldi bat eskainiko dute Andoaingo Basteron. Abendurako, berriz, beste bi kontzertu dauzkate zehaztuta: 12an Deustuan, eta 15ean Errenteriako Niessen kulturunean. Egañak espero du bertsozale dezente hurbiltzea «pianoaren doinuekin haluzinatzeko», eta, aldi berean, pianoaren zaleak bertaratzea, bertsolaritzaren «gertuagoko» ikuspegia edukitzeko.
Xenpelar, Chopinekin
'Bi arreba' ikuskizuna eskainiko dute Andoni Egañak eta Xabier Lizasok, piano doinuak eta bertsoak uztartuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu