Euskadiko Orkestraren (EO) kontzertu programa berri batera itzuli da Xavier de Maistre puntako harpa jotzailea. Instrumentuari lotutako musikari garaikide handienen artean jarria du kritikak aspaldi De Maistre, eta Alberto Ginasteraren Harparako kontzertua interpretatuko du egunotan EOrekin. Hala, EOk arreta berezia jarriko dio «XIX. mendetik orkestra sinfonikoen egituran ezinbestekotzat jotzen den baina bakarlari gisa hainbeste ezagutzen ez den instrumentuari». Atzo eman zuten lehen kontzertua, eta ondoko egunetan izango dira hurrengoak: hilaren 7an, Iruñeko Baluarten; 8an, Bilboko Euskalduna jauregian; eta 9an eta 10ean, Donostiako Kursaalean. Guztiak 19:30ean hasiko dira.
Robert Treviñok zuzenduko ditu emanaldiak, eta, Ginasteraren obraz gain, Dmitri Xostakovitx errusiarraren 10. sinfonia ere interpretatuko du orkestrak; Herbert von Karajanek esan zuen konpositorearen ziklo sinfonikoko hamabost sinfonietatik «perfektuena» zela.
Xavier de Maistre EOrekin ariko da datozen egunetan
Ginasteraren 'Harparako kontzertua' joko du harpa jotzaile entzutetsuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu