Xarriton, ametsen obratzailea

Egun betetzen da mendea Piarres Xarriton sortu zela. Gaztetatik abertzale borrokatua izan zen, eta tai gabe aritu zen gazteriaren eta euskararen alde. Parisko euskal etxea sortu zuen, bai Ipar Euskal Herriko Udako Euskal Unibertsitatea ere. Apeztu bazen ere, gero sekularizatu zen. Euskaltzaina izan zen.

Euskal etxe berriaren estreinaldian, Xarriton lehena da ezkerrean, ondoan Pablo Aristorena duela, 2003an. BERRIA.
Ainize Madariaga
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun

Egun beteko zituzkeen 100 urte Piarres Xarritonek (Hazparne, Lapurdi, 1921 - Baiona, 2017). Hainbat euskarazko aldizkaritako sortzaile, kolaboratzaile edo zuzendaria izan zen, Hazparneko laborantza eskola eta langintza eskola ireki zituen, Parisko euskal etxea sortu zuen, Euskaldun Gazteria «masa mugimendu» bilakatu eta obra anitz argitaratzeaz gain, Piarres Lafitten tokia hartu zuen Euskaltzaindian.

 

Xipri Arbelbidek azpimarratzen du Piarres Xarriton «XX. mendeko Ipar Euskal Herriko bortz gizon handienetarik bat» dela. Egin zuen lana aitzinerat ezarriz.

Hazparneko Ehulategiko laborari semea zen Xarriton. Uztaritzeko San Frantxoa Xabier ikastetxean bortz urtez ikasten egon zen apez izateko bidean, Piarres Lafitteren ardurapean. Ikaskide izan zituen, bertzeak bertze, Mixel Labegerie eta Jean Diharce, Xabier Iratzeder. Azken horrekin egin zituen Hegoaldearekin harremanak, piztu berri zen Espainiako gerlaz berri hartzeko batez ere: «Zeren eta Iratzederrek Donibane Lohizunen laster aurkitu zituen Hegoaldekoak, Pepe Eizagirre eta Aitzol ere ezagutu zituen», kontatu zion Xarritonek berak Imanol Murua Uria kazetariari, Jakin aldizkariko elkarrizketa batean, 1996an.

Lafittek sortutako Aintzina mugimendu eta aldizkariaren bigarren aldian parte hartu zuen Xarritonek, II. Mundu Gerla denboran, 1942tik goiti, Baionako Seminarioan sartu eta gutira, 18 urte bete zituen urtean. Marc Legasse eta Iratzeder bera joan zitzaizkion xerka. Hamabost bat bildu ziren; aipatutako biez gain, bertzeak bertze, Roger Etxegaraik eta Mixel Labegeriek ere parte hartu zuten. Laster egin zen zuzendari Xarriton; Chabier Gasteiz, Baserritarra, Hik Hek Hok eta Ordaina ezizenez izenpetzen zituen artikuluak.

Alta, Piarres Narbaitz Baionako bikarioa alde bazuten ere, erretora batzuk kexatu ziren baizik eta apezgaiek ezin zutela egunkaririk irakurri, eta are gutiago idatzi. Laster eten egin behar izan zuten. Bukaera hartan argitaratu zituen Xarritonek Eskualdunak eta Petite Histoire Religieuse du Pays Basque. Jean Louis Davantek Erlea aldizkarian hala laburbildu zuen, 2017ko urriko zenbakian: «Aintzina politikan isildu zen, kulturako gaietara mugatu, eta laster agortu. Ideologiaz kristau-demokrata da, Lafitte bera bezala, eta Charritton ere bide horretarik ibiliko da bururaino».

Orduko Iparraldea «frantses-frantsesa» deskribatu zion Xarritonek Muruari, «gerlari ohiena», bere burua «Estatuaren etsai» gisa agertuz.

1946an Erromara teologia ikastera joan zelarik, abertzaletasunean «finkatu» zen; Aita Goenaga, Pedro Alkorta, Anjel Sukia, Roger Etxegarai, Tolosako Olarratarrarekin biltzen baitzen igandero. Herritik urrun bazen ere, oporretan etxeratzen zelarik, hasi zen Eskualdun Estudianteen Egunak antolatzen: Telesforo Monzon, Manu Sota, Lafitte, Mathieu apezpikua eta Tomas Dassance apeza bilduz. Ele hauekin laburtu zuen Xarritonek egun horien xedea: «Euskal kutsuko kontzientzia bat pizteko helburuz, euskal abertzaletasunaren sua bizirik atxikitzeko. Bi euskal herriak bat direla».

II. Mundu Gerlan bere gisa esku hartu zuen Xarritonek, ingeles piloto bat etxean aterpetu baitzuen, eta mugarat eraman: Russel Kirby.

Agirre bere

Pablo Jose Aristorenak Xarriton apezgai zeneko anekdota bat ekarri du, hain xuxen ere, 1947ko Miarritzeko Biltzarrean gertaturikoa, zeinaren ondorioz sortu baitzen Eusko Jakintza aldizkaria: «Nehori ezer esan gabe isilean joan ziren kongresu hartara, beraientzat lehendakaria zutena agurtzeko: Jose Antonio Agirre. Eta biak, Roger Etxegarai eta Xarriton joan ziren. Eta han ezagutu zuten Jon Mirande ere, zeina egun hartako idazkaria izan baitzen». Xarritonek berak Jakin-eko elkarrizketan aitortu zuen Mirandek «beldurra» ematen ziola.

Urte hartan apeztu, eta urtebetez luzatu zuen Erromako egonaldia, lizentziatura egiteko. Hartarik, Hazparnen ikastetxe batean zaindari ibili zen, eta Maulen filosofia eta gaztelania irakasle, 1952an. Davantek ongi oroitzen ditu garaiak, Erlea-n adierazi bezala: «Ikasle euskaldunak euskaraz idaztera bulkatu gintuen Eskualtzaleen Biltzarrak urtero antolatzen zituen lehiaketetan parte harraraziz. Astero ordubetez trebatzen gintuen. Bi urtez erreskan, Iparralde osoko bi lehen lekuak hartu genituen bere ikasleek».

Filosofia ikasketak egitera abiatu zen Parisera. Han ikusi zuen Euskal Herritik abiaturiko milaka gazte bazela, sehi edo ostatuetan zerbitzari abiaturik. Igandeetan hasiak ziren elkartzen, baina laster toki eskasean gelditu ziren. Agirre lehendakariarengana jo zuen, Singer karrikako Eusko Jaurlaritzako egoitza baliatzen ahal zutenez galdezka, igandeetan hetsia baitzen. Baia ukan zuen, baina laster tipiegi egin zen. Horregatik, Parisko euskal etxea sortu zuen, bertzeak bertze, Luis Domecqekin, eta, Joana Idiartekin: «Ez zuen deusen beldurrik; egiten ahal zituen guziak egiten zituen, eta zerbait nahi zuelarik bururaino joaten zen, behar ziren bisitak-eta eginez. Borondate izugarria eta fedea ere bazituen: zerbait nahi zuela egin Parisko euskal gazteentzat. Xarritonek, besteak bezala, ez zuen bere burua buru gisa sentitzen; besteekin lan egitean zuen gogoa». Duban karrikako ikuztegian paratu zuten, beraz, euskal etxea. Aristorenak gogoan du Garaikoetxea ezarri nahi izan ziola izena etxeari: «Mixel Garikoitzen omenez, azken hori Ameriketarat abiatu ziren gazteez arranguratu baitzen, eta Xarriton jarraitzaile sutsua baitzen. Oroz gain, jende xumeak eman zuen dirua. Bulegoa osatu zutelarik ez zen handi-mandirik sartu».

Xarriton Baionarat itzuli zelarik, Euskaldun Gazteriako kapilau gisa aritu zen; herriz herri ibili zen gazteak bilduz: «Apez gazte zelarik euskaldun gazteria bere eskutan zeukan, Barnealdeko gazteak bere esku ziren, eta ikaragarriko marka zen. Ezin sinetsia da: baziren besta batzuk non 4.000 gazte biltzen baitziren», erran du Arbelbidek. Garai hartan ere izan zen Gazte aldizkariaren eramailea, eta Idiarti proposatu zion Parisko sehigoa utzi eta jin zedin Baionara idazkari lanetan aritzeko. Oroitu da Aljeriako gerlara joanak ziren milaka gazteez bazuela arrangura: «Aljerian ziren gazteek berriak igortzen zizkiguten, eta guk denak biltzen genituen, eta hango helbide guziei igortzen, elkarren berri ukan zezaten; harremantzeko, ez baitzekiten non ziren ere».

Gazteen geroaz zuen arrangura; horrek akuilatu zuen behar bati erantzutea: haien formazioari. Ohartu baitzen laborari semeak zirela apez guziak, baina haien anai-arrebentzat ez zela irakaspenik, eta gabezia horrek igortzen zituela denak Parisera. Hala zituen sortu Hazparneko laborantza eskola eta langintza eskola, industria garatzea nahi baitzuen, Hegoaldeak egin zuen bezala. Baionako apezpikuak manatu zion berak zezan egin. Alta, teologo eta filosofo gisa bertuteak bazituen, ez zen teknikarako prest. Urtebetez ibili zen Frantziako ikastetxeetan ikusteko nola antolatuak ziren langintza eskolak, bai Arrasaten eta Zarautzen ere (Gipuzkoa). Irakasle bila ere abiatu zen: bertzeak bertze, Txillardegi, eta, Jean Louis Davant zuzendari paratu zituen. Alta, Xarritonek naturaltasunez zituen harreman nazionalak zigortu zizkioten, eta kargutik kendu zuten. Txillardegi bera etxean aterpetu zuen Xarritonek, bertze dozenaka lagun bezala: «Gizon eskuzabala, bihotz handikoa eta maitagarria zen. Bere etxean ateak beti zabalik zeuzkan», laburtu du Aristorenak. Garai hartako giro politiko tinkoan apezpikuak kendu zuen Xarriton bere kargutik: «Hamabi akusazio baziren. Eta susmoak. Gogorra izan zen», aitortu zion berak Muruari.

Garai ilunetik ihesi

Parisen bi urtez egon ondoren, itzuli zen berriz ere Baionarat, baina ez zuen gehiago bere burua giro hartan atzematen, Elizarekin kritiko. Giro minbera horretan, Claude Harluxet adiskidearengana joan zitzaion: «Bere bihotz minak kontatu zizkion ene senarrari, eta hark eman zion ideia Quebecerat joateko. Han sekularizatu zen, sanoki, bere sinesteen arabera, deus gorde gabe, fedea beti atxikiz eta beldurrik gabe. Besteen espirituak libratu zituen», erran du Mixele Mendik.

Dena den, abiatu aitzin, Fededunak taldea sortu zuen Manex Erdozaintzi eta Jean Hiriart Urrutirekin batera. Garai hartan abiatu zuen Udako Euskal Unibertsitatea ere, bere amets baten abiapuntu gisa: euskaldunena izanen zen unibertsitatea, Manex Goienetxe eta Jean Haritxelarrekin.

Quebecetik itzuli zelarik, sekularizatua eta Aña Durrutirekin esposaturik, Euskaltzaindian eta UZEIn aritu zen lanean. EAko kide egin zen, eta Baionako lehen hautetsi abertzalea izan zen. EHUko filosofia irakasle gisa bukatu zuen lan ibilbidea.

Ezin da bazterrerat utzi Euskaltzaindian Piarres Lafitteren lekua hartu zuela euskaltzain gisa eta Iparraldeko ordezkaria izan zela 1978tik 2006ra; batuaren alde aritu zen. Bibliografia mardula badu utzirik Xarritonek: bi tesi eta, bertzeak bertze, Jean Etxepare medikuaren eta Piarres Larzabalen lanen bildumak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.