Artearen lekuak. Abadia jauregiko xarlangoak

Xarlangoak amodioari zaunka

Kontrastearen jauregia da Hendaiako Abadia. Eraikina gailentzen duen grisak batzar berorik hitzematen ez badu ere, ongietorria epeletik kiskaltzeraino igarotzen da.

Xarlangoak amodioaren ikur ziren Erdi Aroan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
<i>Hendaia</i>
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Harriaren hotzak sentiaraz dezakeen distantzia laburtzen dute azkarki sarrera nagusiko bi kaimanek, erasokortasunik batere gabe: «Anton [Abadia] Etiopian ibili zen kasik hamalau urtez. Esploratzailea, zientzialaria eta astronomoa zenez, Nilo Urdina jadanik Etiopian atzemana izan zen bezala, Xuria ere bertan aurkitu nahi zuen, kartografian izarrei esker kokatuz. Gazteluaren atean daukagu haren bidaia nagusia», erran du Nahia Picon gida euskaldunak.

Bidaia sentimentalaren ikur nagusiak, hala ere, lehen mailak hupatu eta borta nagusiaren ezkerreko bankua besarkatzen duten bi xarlangoak dira. Jakin BERRIArentzat bereziki prestatu duela Piconek «erbi txakurren» bisita pertsonalizatu hau.

Erbi txakurrak gazteluaren beraren muinaren begirale fidelak dira, arimaren zaindari, jabeen sinadura: «Erdi Aroko gazteluetan maitasunaren sinboloa zen erbi txakurra, ezkontzako leialtasunaren marka. A eta V hizkiak, Anton eta Virginieren izenengatik. Gaztelu hau XIX. mendekoa da, baina Erdi Aroko estiloarekin egina. Justuki, erbi txakurrek gaztelu osoa irudikatzen dute. Txikiak dira, baina gauza anitz biltzen dira haien baitan: erbi txakurra bikotearen maitasunaren sinboloa da, eta Erdi Aroko animalia, aldi berean, gazteluaren estiloa bezalakoa».

Preseski, bikotea jauregian bizi izan zen hamabost bat urteetan xarlangoak ukan zituzten, Ternuako zakurrak, zaldiak, bi arrano eta papagai batekin batera.

Izarren behatokia

Fauna guziaren bahetik iragan ondotik, jauregiaren barrunbeetara sar daiteke. Hasteko, behatokirat zuzendu ditu bisitariak Piconek; Clement Parent arkitektoak lehenik eraiki zuen zatirat. Alta, itaxurek uxatu zuten arkitektoa Anton Abadia eta Virginie de Saint Bonnet senar-emazteen planetatik, Eugene Violet le Duc arkitektoari tokia utziz. Horrek jauregi osoa eraiki zuen Aragorrian, eta bukaeran berregin zuen behatokia, aldi honetan itoginik gabe. Iparretik hegorainoko izarrak ikus zitzakeen bertatik Abadiak, teilatua zabalduz, urte osoko izarren kartografia marraztuz. Geografoa eta astronomoa zen aldetik, hein batean, Parisko Jakintzen Akademiaren zati bat etxerat ere ekarri nahi izan zuen; hala ere, Akademiako lehendakaria zela, astean behin Pariserat joan ohi zen.

Gainean liburutegi ikusgarri bat dago, leihoak zabalik; erridauek haizearen notei dantza egiten diete, bake giroa hedatuz, leitzeko ezin baldintza hobeak eskainiz. Apalategietan garai hartako liburuek darraite; euskarazkoek salbu, Parisko Liburutegi Nazionalak gatibaturik baitauzka, haiek babestea estakuru gisa harturik, baliosak direlakoan.

Begiratokitik liburutegirat igaiteko eskaileren zirimolan Piconek ez du haria galdu, kantoiko apalategian aiduru baita bertze xarlango zuria: «Igeltsuzko moldaketa honi esker zizelkatu dira sarrerako biak».

«Sapar edozeinek du itzala», irakur daiteke bibliotekako habeetako batean. Abadiaren irekitasuna irudika daiteke ele horietan, edonoren garrantzia agerian ezarriz, baita xarlango mehar batena ere.

Liburutegitik etxearen muinera iragan da Picon, Abdullahren eskulturaraino, zeina Etiopiako esklabo ohi gisa iritsi baitzen jauregirat, eta Parisen fusilatu baitzuten, Komunaren alde matxinaturik. Lehen estaiaren altuerarik galdu gabe, bikotearen logelarat heldu da bisita, eta gidariak ohartarazi du ezohikoa zela garai hartan gela bera partekatzea. Supazterraren alde bietako erretratuek salatzen dute bien batasuna. Hala ere, Abadiak bazuen logela ttipi bat behatoki saihetsean, «lasai lan egiteko». Bi erretratuen artean, bisitaren hariaren segida ediren daiteke: bertze bi xarlango eta bikotearen izenen inizialak, haien amodioari leial. Supazter gainean latinezko esaldiak amodioa eta sua pertsonifikatu ditu: «Kasu, berotzen dut, baina hiltzen ere bai». Gelak badauka kaperarat ematen duen balkoia; zerua sinismenetik eta zientziatik ikusteko arazorik ez zuten marka.

«Gaztelua kasik arraroa da, irudi baitu film batekoa, ez egiazkoa. Oso interesgarria da, zeren eta egiazki ikusten baituzu haren bizia nolakoa zen eta zer esan nahi izan duen, zer utzi duen, zer egin duen bere diruarekin, euskararekin...», laburtu du Piconek. Oroitarazi du Abadiak inkesta bat egin zuela jakiteko euskaldunak nola bizi ziren, haien tradizioak zein ziren, nola hitz egiten zuten...: «Frantziako Iraultzak hori dena galarazi zuen, eta hark zioen mantendu behar zirela. Horregatik antolatu zituen Lore Jokoak hizkuntza eta tradizioak bultzatzeko». Preseski, Koldo Izagirrek hala laburtzen du nor izan zen Abadia Autopsiarako frogak liburuan: «Anton Abadia euskarak ukan duen suspertzaile eta ongilerik handiena dugu».

Bisitaren hari gorriaren muturra jangelan eten daiteke: supazter gaineko zizel gotikoetan lau zakur baitaude: «Baliteke erbi txakurrak izatea». Arabierazko esaldiak daude han-hemen: «Hainbeste estiloren arteko nahasketak egiten du gaztelua berezi».

Xarlangoen begiradak askatu gabe hustu ditu lekuak bisitari taldeak; lerden, arin, buru txikia eta hanka luzeak dituzten zakurren zaintzapean jauregia utziz.

ABADIA JAUREGIKO XARLANGOAK

Berezitasuna. Jauregiaren Erdi Aroko estiloa eta jabeen arteko amodioa sinbolizatzen dute.

Noizkoa. XIX. mendekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.