Artea

Xare Alvarezek 'Makurtu' erakusketa ireki du San Telmo museoan

Ehunekin, aluminio urtuarekin, paper gaineko tintekin eta material gehiagorekin egindako hamalau pieza bildu ditu artistak Donostiako museoan. Artea Abian programaren barruan ekoitzi du erakusketa, eta abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai.

Xare Alvarez artista, San Telmo museoan ireki duen 'Makurtu' erakusketan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xare Alvarez artista, San Telmo museoan ireki duen 'Makurtu' erakusketan. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2024ko maiatzaren 24a
15:13
Entzun

Euren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden artistei leku egiten die Artea Abian programak, eta artistei euren «lehen erakusketa indibiduala» egiteko aukera erraztu. Haren bosgarren aldian, Xare Alvarez Berakoetxearen lanak hartu du San Telmo museoko Laborategia aretoa, Donostian. Makurtu izena jarri dio sortzaileak proposamenari, eta hamalau pieza jarri ditu ikusgai denera, hainbat materialekin egindakoak. Lanerako motor modura, ideia bat izan du ardatzean egileak: «Materialen artean elkarrizketa batzuk ezartzea, horiek oihartzun batzuk sor ditzaten forma tolestuen eta gorputz keinuen artean». Abuztuaren 25era arte bisitatu ahalko da erakusketa, eta sarrera doan izango da.

Aurrez egindako lanik ez, aretorako propio sortutakoekin osatu du bilduma Alvarezek (Donostia, 1990), eta aretoaren «eskala» bera faktore erabakigarria izan dela esan du. Tamaina handiko paperen gainean tintekin egindako marrazkiak dira batzuk, ehun gainean egindako brodatuak beste batzuk, eta zeramikarekin eta aluminio urtuarekin egindako eskulturak ere badaude tartean. Horietako zenbait hormetan finkatu ditu artistak —paper gaineko marrazkiak eta forma kiribildu eta tolestuen eskulturak, batik bat—, eta ehunetan egindako lanak aretoaren erdigunean zintzilikatu ditu. Materiala edozein dela ere, adierazi du beretzat ez dagoela inolako «hierarkiarik» haien artean, eta «lanean ari den bitartean gertatzen direnek» eramaten dutela bera batetik bestera. «Nire praktika jardun konstante bat da, eta piezak geruzaka joaten dira sortuz».

«Lau gako eman ditzaket erakusketara joateko: eraldaketaren nozioa; gogorraren eta bigunaren arteko kontraesan iraunkorra; organikotasuna; eta ikusten denaren eta ikusten ez denaren arteko dikotomia».XARE ALVAREZ Artista

«Lau gako eman ditzaket erakusketara joateko», zehaztu du: «Eraldaketaren nozioa bera; gogorraren eta bigunaren, solidoaren eta likidoaren arteko kontraesan iraunkorra; organikotasuna eta mugimenduaren ideia; eta ikusten denaren eta ikusten ez denaren arteko dikotomia». Hain justu, azken horri lotuta, aretoak piezen artetik mugitzeko aukera ematen duela nabarmendu du artistak, eta horrek, lekuaren arabera ikuspegia aldatzeak, «askotariko erlazioak eta kontakizunak» sortzeko modua ematen duela uste du. «Nik, a priori, ez dut inolako narratibarik ezarri bisitariarentzat».

Erakusketarekin batera, katalogoa ere argitaratu dute, eta Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak egin du testua. Helezina ehuntzen izena jarri dio, eta hala deskribatu ditu erakusketan bildutako piezak: «Zintzilik jarritako metalezko trazuak oihal zirtzildu baten litsak balira bezala marrazten dira airean. Haien eraikuntzan argi ikus daitezke aluminio urtuaren azpian ezkutatzen diren sokak, zeinetan korapiloak bata bestearen atzetik erortzen baitira kiribilean. Antzera, ehunen bilbe zakarrak dira hormetatik irteten diren piezen funtsa. Haien zuntzen memoria termikoak bizirik dirau autoreak aurkitutako tolesturan mantentzen dituen metal batean. Kurbaz eta kontrakurbaz osatutako joko hau guztia osatzeko, artistak kaligrafia bigun eta bihurgunetsu bat barreiatzen du oihaletan eta marrazkietan, non uretako naturaren erritmo moduko bat nabari baita, algen kulunka geldoa, edota, beharbada, garro batzuen harat-honata gogorarazten duena».

«Instalazio espazial bat»

Artea Abian programa Kutxa fundazioak eta San Telmo museoak jarri zuten martxan 2019an, eta Kutxa fundazioko Arte eta Ondare zuzendari Ane Abaldek programaren «sendotasuna» nabarmendu du haren bosgarren aldian. Haren esanetan, bi instituzioen arteko elkarlana «oso urrutitik» badator ere, 2019an bi lan lerro jakinetan gauzatzea erabaki zuten, eta horietako bat da Artea Abian programa —argazkigintzako kontserbazio jardunaldiak dira bestea—. «Euren lanak dagoeneko aitortza bat izan duen arren, oraindik instituzio museistiko baten barruan banakako erakusketa bat jartzeko aukerarik izan ez duten artistentzat plataforma bat sortu nahi izan genuen, Gipuzkoako panorama artistikoaren barruan», gogorarazi du. Eta, era berean, egitasmoak egin duen bidea goratu dute San Telmo museoko zuzendari Susana Sotok eta Donostiako Kultura, euskara eta turismo zinegotzi Jon Insaustik ere.

Makurtu-ren inguruan, Alvarezen lanean funtsezkoak diren «testura eta mugimendua» nabarmendu ditu Abaldek: «Haren lanak esperimentazioan du muina. Erakusketa honetan, espazioarekiko jolasa erakusketa areto osora zabaldu da, eta erakusketa instalazio espazial bat bihurtuz; hori da Artea Abian programaren bertute garrantzitsuetako bat: artistei espazioa esploratzeko eta lantzeko aukera bat ematea».

Programan parte hartu zuen lehen artista Nagore Amenabarro izan zen, eta Oier Iruretagoiena, Kimia Kamvari eta Mikel Otxoteko izan dira haren ondotik aritu diren beste hiru artistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.