Rachel Kushner (Oregon, 1968) idazle iparramerikarraren Creation Lake (2024) eleberria idazlea ospetsu egin zuen Flamethrowers (2013) bezain ona da. Tartean Mars Room (2018) eman zuen argitara, baina ez zuen kurshnerzaleek maite duten abiadura fina. Flamethrowers nobelan ezagutu genuen Reno pertsonaia gogoangarria, eta hura bezain indartsua da azken nobelako Sadie Smith espioia ere. Ideien nobela den thrillerra idatzi du Kushnerrek: nondik gatozen eta nora goazen hausnartzen du. Gai handiak izan arren, estilo bizian egina da. Aurtengo Booker sarirako hautagaien artean egon da.
Mundu anglo-saxoiak duen saririk garrantzitsuenetarikoa da Booker saria. 2013. urtetik aurrera, idazle iparramerikarrei ireki zitzaien, eta sari globala da egun. Ingelesez idatzitako eta Erresuma Batuan eta Irlandan argitaratutako obrak hartzen dira aintzat. Aurten, lehendabiziko aldiz, idazle herbeheretar bat egon da finalisten artean, Yael van der Wouden. Globalagoa izateaz gain, gizon bakarra dago azken zerrendan. Lehen aldiz, gehiengoa emakumezkoa izan da.
Booker saria apustu plazetan
Emakumezkoen idazle kopurua igo egin da, eta, modu berean, irakurlerik sutsuenak emakumezkoak dira —azken inkestetan, urtean hamabi liburu irakurtzen duten emakumezkoen portzentajea (%12) gizonezkoena (%6) halako bi da—. Urtero egiten dira Booker sariaren inguruko apustuak Erresuma Batuko apustu etxeetan. Aurten, Percival Everett, zerrendako gizonezko bakarra, jokozaleen kuttuna izan arren, saria Samantha Harvey idazle ingelesaren Orbital nobela laburrak irabazi du, genero laburraren azken urteotako nagusitasuna islatuz.
James E. Young kritikariak dio monumentu publiko bat hautatzeko prozesua bera aukeratutako monumentua baino garrantzitsuagoa dela azkenean, bertan azaleratzen baitira garaiko galderak eta kezkak. Ezaugarritze bera aplika daiteke sarien arlora, aukeratutako azken obra baino oparoagoa baita prozesua. Booker sariaren kasuan, prozesua ez da ezabatzen; lehendabizi, hamabi lanek osaturiko zerrenda argiratzen da, eta sei lanek osatzen duten behin betiko zerrenda ondoren. Ondorioz, lan horiek guztiak banatu, irakurri eta mugitzen dira. Badira hautagaien lanetan arreta berezia jartzen duten irakurle taldeak. Horrez gain, urtero dago eztabaida kanpoan gelditzen diren lanen inguruan, eta aurtengoa bereziki bizia izan da. Sally Rooneyren Intermezzo baztertu izanaz eztabaidatu da, eta zalantzan jarri da, oro har, idazle irlandarrik ez izatea zerrendan.
Emakumezkoen idazle kopurua igo egin da, eta, modu berean, irakurlerik sutsuenak emakumezkoak dira —azken inkestetan, urtean hamabi liburu irakurtzen duten emakumezkoen portzentajea (%12) gizonezkoena (%6) halako bi da—
Aukerak eta eztabaidak sustatuz irakurleria sendotzen da. Kontuan hartu behar da mundu anglo-saxoian ere digitalizazioak irakurketa ohituretan eragin txarra izan duela: ohiko irakurleen kopurua %58tik %50era jaitsi da Erresuma Batuan, eta arreta arazoak areagotu dira, irakurle ohien kopurua handituz. Beraz, zerrendaren gardentasuna literaturaren ekosistema zaintzeko modu erakargarria da, aukeren aniztasuna azpimarratuz, bai genero —bi adieratan—, bai jatorri eta bai estilo aldetik. Eta apustuen bidez, saltsa egon badago.
Gizon ohoratua deseraikitzea
Kushnerren nobelan, Sadie Smith espioi iparramerikarra sator gisa ari da lanean Frantziako Moulinards komunitate ekologistan —liburuan ez da data zehazten, baina aipatzen den musikagatik 2013a dela esan genezake—. Protagonista da narratzailea, eta irakurlea laster ohartzen da ez dela inolaz ere fidagarria. Komunitate ekologista Frantziako hego-mendebaldean Guyenne deritzon fikziozko eskualdean dago. Kapitalismoaren kontra, landan aurkitu dute beren gotorlekua. Euren figura intelektuala Guy Deborden bidelagun izandako Bruno Lacombe pertsonaia da. Hark erabat baztertu du ohiko bizimodua, eta kobazulo batean bizi da. Sator gisa, Brunoren burkide Lucienen neska-laguna da Sadie, eta, harreman horren bidez, taldeko liderren jarrera matxistak azaleratzen dira. Mundu heterosexualean sator gisa jokatzen du, eta haren espioi-azpijokoak heterosexualitatearen miseriak kanporatzen ditu.
Gizakia gizaki denetik kontatu egiten du, eta bizirauteko kontatzen jarraitu behar du, berdin du zein den kontakizunaren formatua. Eta fikzioa ez da gezurraren kontrakoa, mundua eraikitzeko modua baizik
Brunoren posta hackeatuz, jarraitzaileei bidaltzen dizkien mezu elektroniko oro irakurtzeko aukera du Sadiek. Nobelaren irakurleak mezu horietan azaldutako ideia nagusiak Sadie pertsonaia-narratzailearen bidez jakingo ditu. Brunoren pentsamenduak seduzituko du satorra. Mezu digitaletan nabaria da fikzioaren beharra. Gizakia gizaki denetik kontatu egiten du, eta bizirauteko kontatzen jarraitu behar du, berdin du zein den kontakizunaren formatua. Eta fikzioa ez da gezurraren kontrakoa, mundua eraikitzeko modua baizik. Brunoren ohar digitalak irakurriz, nobela tradizionala deseraikitzen du nobelak, fikzioaren garrantzia azpimarratzearren.
Brunoren aburuz, Homo sapiens-ekin hasi zen gainbehera, nekazaritzarekin eta merkataritzarekin. Neandertalaren aztarnak ikusi nahi ditu gure mapa genetikoan. Egun, gizadia desagertzear da gidaririk gabeko auto batean, eta Brunok bere buruari galdetzen dio: nola irten autotik? Bruno historiaurrera itzultzen da kapitalismoaren krisia argitu nahian. Jorge Oteizak Quosque tandem..? saiakeran antzeko mitifikazioa egin zuen artearen esparruan. Ez al zen beharrezko fikzio bat (eta ez gezur bat) euskaldunak beldur existentzialistak sendatu zituela, cromlech ttipiaren bidez? Oteiza ere kontalaria zen. Arazo bakarra da garai jakin bati aurre egiteko kontakizunak esentzialistatzat hartu izan direla.
Sormenaren aintzira
Bere nobelaren izenburua XVII. mendeko Cartre de tendre mapa alegorikotik datorrela aipatu du Kushnerrek. Bertan xamurtasunaren kartografia irudikatzen da, adiskidetasun baten hastapenetatik. Bide bakoitzari hiztegi sorta berezia dagokio. Ondo maitatzen ikasi egiten da. Urrats txikiak zaindu gabe, adiskidea, edota maitalea, indiferentziaren aintziran sar daiteke. Horren ifrentzua sormenaren aintzira litzateke. Kushnerri ez zaio interesatzen erretratu psikologikoa, artearen erotika da harena.
Mark Fisherrek esan zuen kapitalismoaren amaiera baino errazago irudikatzen dela munduaren amaiera. Ildo beretik, ezin omen da irudikatu errealista ez den nobela
Nobelaren azken ehun orrialdeak xamurtasunaren kartografian murgiltzen dira. Espioiak bere subjektibotasuna ohorezko gizon moduan deseraikitzen du. Bidean erabat desbideratzen da (bide batez, situazionistek maite zuten desbideratzea). Espioi amateur-profesionalak eztanda egiten duenean, umore fina darabil idazleak. Umorean Don Dellilori asko zor dio, baina nobela amerikar handia idatzi gabe. Mark Fisherrek esan zuen kapitalismoaren amaiera baino errazago irudikatzen dela munduaren amaiera. Ildo beretik, ezin omen da irudikatu errealista ez den nobela. Rachel Kushnerrek gizon/espioi mozorrotzen den emakumeaz eta krisi klimatikoaz hausnarketa egiten du narratiba errealistarik eraiki gabe.
Fredric Jameson kritikari marxistari bidali zion azken nobela Kushnerrek. Liburua irakurri ostean, tinta gorriz izkiriaturiko eskutitz bat igorri zion hark: «Ez dakit nola asmatu duzun nire idazle kutunetarikoa zarela (…). Historiaurreak infiniturantz eraikitzen du guztia. Artefaktu liluragarria. Oso estimatua».